« Argiak eta itzalak eskutik helduta | Argipean »
Zero K / Don DeLillo (Aritz Gorrotxategi) / Meettok, 2016
DeLillo herrenka Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-03-05
Galdutako aukera: horixe ematen du Don DeLilloren eleberriaren itzulpenak. Zero K New Yorkeko idazlearen hamazazpigarren eleberria da, euskaraz irakur dezakegun lehena. Meettok etxeak argitaratu du, eta, euskaraz irakurrita, ez du ematen munduaren hamaika bazterretan idazle handitzat daukaten egilearen testua.
Kritika beti ados egon ez bada ere, oro har oso aintzat hartua izan da DeLillo —Nobela jasotzeko hautagai nagusietako bat ere bada—, eta adituek postmodernitatearen erretratista bikainen artekotzat jotzen dute. T. Pynchon, C. McCarthy eta P. Rothen belaunaldikotzat har daiteke, eta mundu mailako sona eman diote White Noise (1985), Underworld (1997) edo Cosmopolis (2003) bezalako eleberriek.
Zero K-n, magnate aberats baten emazteak kriogenizazioa aukeratu du etorkizun hobean “berpizteko” asmoz. Senarraren semea da narratzailea, eta haren begiradaren bidez jasoko dugu kriogenizazio-gunearen berri, eta baita, hirugarren partean, semeak AEBetan egiten duen bizitzaren berri ere. Bi alderdi nagusi daude, beraz. Batetik, teknologiaren eta heriotzaren inguruko gaia dago, oinarri etikoa daukana: teknologiaren bidez heriotza garaitu ote daiteke, ez al da absurdua ideia hori, eta abar. Bestetik, pertsonen harremanak daude: aita-semeena batez ere, eta baita semeak bere ohekidearekin daukana ere. Harreman indargeak dira, hartu-eman gutxikoak, eta erlazioen krisi hori da eleberriak islatzen duena.
DeLillo gure garaiaren patologo zorrotza da. Birsortzen duen mundua ziurgabetasunean galtzen da, espektrala da; pertsonaien identitatea grisa eta ahula da; eta teknologiaren presentzia, berriz, erabatekoa, pertsonaiak errealitatearen eta mundu teknologikoaren artean galtzerainokoa —pantailak, beti pantailak—. Nobelaren beste hari filosofiko inportante eta konplexu bat izenaren —izendatzearen— eta izanaren ingurukoa da: “Zergatik ez jarraitu gure hitzak fisikoki etorkizunean?”.
DeLillo irakurtzean, zalantza egin dezake batek ea egileak zer erakutsi nahi digun, gizarte garaikidearen irudi ahalik eta objektiboena, honen bikaintasuna, ala gure bizimoduaren deriba apokaliptikoa. Zalantzak zalantza, begiratu kritiko eta analitikoa dauka egileak, kirurgikoa, eta horrela uler daitezke irudikatzen dituen mugako egoerak ere. Ezin esan, hala ere, ideia erabat garbi edo panfletariorik ematen duenik; tesi-nobelak baino, hipotesi-nobelak dira DeLillorenak, galderaz beteak.
Itzulpenari dagokionez, hasieran iradoki bezala, saihetsezina ematen du iruzkin negatiboak. Orokorrean, euskararen adierazkortasun falta nahiko nabarmena da. Gainera, ez da ulertzen erraza ingeles-euskara baliokidetza bilatzeko segitako kriterioa: hautu linguistiko bitxiak —hitz bakarra itzultzeko sinonimoen erabilera, adibidez—, lexiko preziosista —erabilera urriko hitzak hitz ingeles arruntentzat—, eta abar. Azkenean, erabilitako euskararen naturaltasun eta sinesgarritasun falta direla medio, herrenka egiten du testuak —eta irakurleak— aurrera.
Don DeLillok merezi du, dudarik gabe, irakurketa ahalegin bat bederen. Beste kontu bat da Zero K-ren argitalpen honek literaturzale euskalduna ase ote lezakeen.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez