« DeLillo herrenka | Hondarribiko alardeaz »
Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak / Mikel Etxaburu / Erein, 2016
Argipean Igor Estankona / Argia, 2017-03-05
Mikel Etxaburuk ipurtargiarena egin du Bilboko Blas de Otero Poesia saria merezi izan duen Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016) honetan. Ipurtargiak ez ei du eguzkia helburu: “Ematen du bere burua ikusteko lain argi;/ eta nahikoa zaio nor den ez ahazteko”. Ipurtargiaren argiak, bat-batean, farolak dira. Urbanoa baina naturarekiko erreferentziaduna, itxaropentsua baina hitsa, geldoa arean, liburua gauzen inguruan ohartzeko deia da zelanbait. Etxabururi ez zaio interesatzen sublimazioa edo zeru-goia; nahiago du lurreko ikusmira. Autoreak berak esana du: “Poesiak badu errealitatea eraldatzeko mailu hori. Niretzat poesia hori da: begiratzetik ikustera dagoen urrats hori poemetan islatzea. Zein da urrats hori? Kontzientziarena”.
Eta kontzientzia poetikoa eta soziala nahastean, ibiltzen ditu kaleak, barnekoak zein kanpokoak, bihotz-begiak zabalik, eta ez hainbeste begiak eurak. Horrela errebelatzen zaizkio gaueko biztanleak, kutxazainetako maizterrak, ikusezin bihurtu ditugun geure mamuak: “Eguzkia irten da./ Plazetako egurrezko eserlekuak okupatuta daude,/ beti daude okupatuta,/ eta beti dira berdinak/ egurrezko eserlekuak hartzen dituztenak”.
Horregatik liburu honen hariak biderkatu egiten dira hiriaren irudi-amarauna sortu arte. Fikzio pertsonal antzeko bat da amaraun hori, esperientziak eta oraina lotzen dituena modu aski erreal batean, lirismo aski hausnartu batekin.
Batera eta nahasian datoz, halaber, argia eta gerizpea, nia eta besteak, denbora eta memoria. Halako osotasun bat opatzen dio horrek poemategiari, inoiz eskergarria, uneka monotonoa. Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak gehiago da pentsalari baten poema liburua, poeta baten pentsamendua baino. Edertasuna, erritmoa, hitza… bigarren mailakoak dira beste bertute batzuen aldean. Kritika, hunkidura, enpatia… horiek bilatzen ditu Etxaburuk agirika, eta askotan desesperazio hori, zerbait esan beharraren beharra, horixe da hain zuzen poema konplikatu eta nahastu egiten duena, metafora duda mudazkoetan: “Eta olatuak bainuontzian gorde nahi zenituzke,/ baina beranduegi da, bainuontzia zulatuta dago eta/ itsasoak ihes egin du zure bainugelatik”.
Hau ez da Zu zara orain txoria (Elkar, 2011) eta Hodeiak zapatetan (Susa, 2014) bezain freskoa, ez da hain borobila. Haietan erreka bezala zioan irakurketa, berez-berez. Honako lan hau behartuagoa iruditu zait, energia xahutze bat.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez