« Haurrak eta poesia | Totalitarismoa, iluntzetara »
Arrastoak / Dejabu Panpin Laborategia / EHAZE, 2016
Nortasun aztarrenen arrastoan Mikel Ayerbe / Berria, 2017-02-26
Dejabu panpin laborategikoek berriki oholtza gainean antzezturiko Arrastoak obra paperean bildu eta liburuarekin Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) abian jarri duen bilduma estreinatu dute. Ez da Dejabukoek liburu formatura ekartzen duten lehendabiziko alea: Gizona ez da txoria (2009) antzezlan saritua baitzegoen Maite Gurrutxagak komiki bilakatu zuen Habiak (2013) komiki sarituaren oinarrian ere. Oraingoan, zuzeneko dramatizazio jardunetik diferiturako testu-moldaketa horretan, antzezlaneko testuaz gain, bestelako material garrantzitsua jarri dute irakurleen esku aurrean: Antton Lukuren hitzaurrea batetik, eta, bestetik, antzerki testuaren ondotik Arrastoak sortzeko baliagarriak izan ziren dramaturgia ohar esanguratsuak.
Dejabukoen lanek gizartearen eta indibiduoaren arteko talkak dituzte ardatz. Hizpide dugun antzezlanean Lur pertsonaiaren ondoeza bihurtzen da antzezlanaren hari gidari, egungo gizarteko kontu isilduak edota norbanako galdu zein hautsien identitatea eraikitzeko iraganak eta memoriak duten garrantzia nabarmentzeko ahaleginean. Senarra eta alaba abandonatu zituen Lurren ama gaindosi batekin hil ondoren, apenas ezagutzen zuen ama errekonozitzera deituko dute Lur, eta, hortik aurrera, zenbaitetan misterio eleberrietan bezala, amaren berrien arrastoak bilatzeko lehenik amonaren berri zehatzagoak biltzea bilakatuko da giltza. Bere bueltan itzulinguruka agertuko eta mugituko dira beste pertsonaia guztiak, bakoitza bere ondoez eta bizinahiarekin: nostalgiak eta oroiminak jotako Roberto aita, Marga langile gorabeheratsu bezain umoretsua, psikoanalista argentinar euskalherriratua eta Bittori oheari loturiko amona, besteak beste.
Pertsonaia guztien ondoan, sinbolikoki bederen, bizia hartzen duten objektu guztiak daude: hasi zuzenekoetan ikusleen artean banatu zituzten gutun-azaletako hostoetatik eta oholtza gainean agertuko diren gutun, iduneko, izara, beroki, kasete eta gainerako ezinbesteko gauzetaraino. Eta nola ahaztu, panpinen manipulazioak eragindako eszena indarrez kargatuak —tamalez, paperean agian gutxien azaleratzen edo iradokitzen dena—. Eta azken emaitza biribila da, mugimenduz mugimendu eta zirkuluz zirkulu kateatzen diren eszena dramatiko eta, aldi berean, umore zertzeladez josiak ere bai, biribilean bezala ekitaldiak espiraletan hedatuz eta txirikordatuz.
Antzezlanetik eratorririko liburua liburu egiten duen osagai nabarmenena, ordea, epilogo gisa erantsi diren dramaturgiarako oharrek osatzen dute. Antzezlanaren atze-oihala erakusteaz gain, oholtza aurreko bilaketa prozesuaren berri zehatza biltzen dutelako Dejabukoek. Lehenik, ideia zaparrada modura zerrendatzen dituzten dramaturgiarako ideia guztiak banan-banan jarri dituzte agerian. Eta, ondotik, obra honetarako —zein Dejabukoen aurreko lanetarako— baliaturiko kontzeptu nagusiak azaleratu dituzte, panpin laborategikoen poetika berezia bere horretan laburtuz eta azalduz.
Lukuk hitzaurrean adierazten duen bezala, liburuak Arrastoak antzezlana ikusi genuenoi zuzenekoan jo eta harrapatu gintuzten irudiak berriro inposatuko dizkigu. Era berean, irudi horien antzekoak sortuko dituzte ikusi ez dutenek ere antzezlanaren testua irakurtzerakoan. Eta hori gauza handia bezain ederra da, inondik ere.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres