« Arauak hautsiz | Euskal Herria beste begiz »
Mailu isila / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2002
Maisu isila Igor Estankona / Gara, 2003-01-25
Egia esan “Mailu isila” hiru liburu dira, edo hiru zati oso bereizi dituen batasuna. Lehenengo atal biak hirugarrenaren zerbitzura daudela ematen du, gainera. Liburua oinarri-oinarrizko jarraibide etikoekin (eta estetikoekin) irekitzen du idazleak. Badirudi esan gura diguna nola esan nahi digun jakiteko idatzitakoak direla estraineko poemak. Gero erritmoa bizitu egiten da eta “Mailu isil bat behar dut” deritzon atal luzea dator, bere iruditeriaren eta gaien aberastasuna opatuz. Baina hirugarren atalean hartaz eta hortaz idazten ari den poetak mantendu egiten ditu hasieran marraztutako legeak. Lege horietako bat da, dudarik gabe, osotasuna bilatu nahia. Beste bat, lerro-bitarteetan irakurri behar dena, egia bilatu nahia: egia sozial eta politikoa (biak bat ez badira) hain maldan gora dakusan munduan.
Lehenengo helburuari dagokionez, poesiaren artea goitik-behera menperatzen duen Igerabidek beste pausu bat eman nahi duela dirudi. Irakurlearen ahalegina eskatzen duen poesia mota dakar, zati bat dagoen lekuan dena ikusten ahalegintzen den poeta ulertu eta errespetatzea eskatzen duena. Haikuei buruz esan ohi dena ekarri didate gogora poema askok. Esate baterako, hirugarren atala irekitzen duen “Unibertsitatean, klase bat ematen” ederrak. Azaldu behar duenaren misterioaz konturatzen den irakaslearen txikitasuna deskribatzen du, modu oso leunean. Argigarria eta era berean enigmatikoa dela esan daiteke. Badago haiku bat antzera dabilena: “Oihala itsasoan murgiltzen da/ belaontzia udaberriko uretan”. Dena esanda uzten duten esaldi horietakoa da. Itsasoan ekaitza dabil, ontzia olatu artean kulunka dabil… eta gainera gu lehorretik ari gara so, izan ere, ontzia baino areago, bere oihala eta bere mugimendua ikusi ditugu. Konparagarriak iruditu zazkit idazteko modu biak eta horregatik hartu dut lizentzia. Poesia neurtua eta distantea da “Mailu isila” honetakoa. Ontziaren mastaren zarata eta uraren gazitasuna baino gehiago oihalaren mugimendua deskribatzen duen liburua da hau. Gogoeta da nagusi (“Kaleko gogoeta”, “Zentzuaren gogoeta”, “Gogoetaren gogoeta”) nahiz eta badagoen lirikarako tartea ere.
Arbelean galduta sentitzen den maisua legez sentitzen da galduta animalia politikoa ere. Bertutea erdibidean kausitzeko ahalegin txiki batzuk somatzen dira han-hemenka. “Ilitx” edo “Aitaren etxea” dira horren adibide. Irakurlearen iritziak agintzen du horietan, baina niri behintzat hotz utzi naute. Ekaitzaren erdian poesia deskriptiboa egiterik ba ote dago, lehorrean bageunde bezala?
Momentuko esperientziak, edozelakoa delarik ere, gainezka egiten digu. Zehaztasun handiz sentitzen dugu erraietan beronek sortutako poza, indiferentzia edo tristura. Hori azaltzea izaten da zaila. Sentipen berezkoa poema batean ezin harrapatzeak ematen dio autonomia eta gezur puntu hori poesiari. Azken batean, azalpenaren gaineko azalpenean ari gara idazle gehienok. Kontrako bidea egin nahi duen poeta klase batekoa da, aldiz, Juan Kruz Igerabide. Liburuko pasarte batzutan existentziarekin lotzen gaituzten hariak agerian jartzeko gai izan da. Horretarako bidea norbere ezjakintasuna onartzean dago. Eta behaketan.
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez