« Arauak hautsiz | Euskal Herria beste begiz »
Pasio hutsa / Annie Ernaux (Joseba Urteaga) / Igela, 2002
Egia biluzik Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2003-01-25
Gogoan daukat Unai Elorriagaren SPrako tranbia kaleratu berritan bati baino gehiagori entzun/irakurri izana zerbait berezia zela liburu hura, ordura arte sekulan irakurri gabeko literatura zela nobela hartakoa. Eta antzeko sentsazioa izan dut Pasio hutsa irakurriz ere, agian irakurri ditudala liburu borobilagoak, baina ez hau bezalakorik. Niretzat, behintzat, berria eta berezia dela Ernauxen literatura, alegia.
Pasio eta amodio istorioa da Pasio hutsa, grinaren, antsiaren eta desiraren kontaketa. Gizon bat eta emakume bat dira pasioak lotzen dituen bi pertsonaiak: lehen pertsonan hitz egiten duen narratzaile izenik gabea da emakumea; A. letra bakar soilaz izendatzen dena, berriz, gizona. Emakumea da pasioaren, desiraren subjektua, eta gizona, berriz, objektua, desiratutako gorputza (maizegi ikusita gaude alderantzizkoa). Pasio irrazional, ametsezko eta maiz irreal bat da orri hauetan kontatzen dena. Bizitzaren zentzu eta helburu bakar bihurtzerainoko indarra duen pasioa. Halako pasioa non A-rekin ez dagoen denbora oro alferrik galdutako itxaronaldia den emakumearentzat. Ernauxek berak liburuan aitortzen duenez, pasioa azaltzea da liburuaren xedea, ez hura esplikatzea, eta, hala, emakumearen eta A-ren arteko harremanaren zertzeladak aurkituko ditugu liburuan, narrazio linealik ez, denboran atzera-aurrera jauzi egiten duten bizitza erretratuak baino. Pasio beroaren aurrean idazkera hotza hautatu du Ernauxek liburuan, lehorra eta zehatza. Maiz hitzak eta gertakariak zerrenda batean ematen ditu, bere horretan, ekintzaren eta narratzailearen artean urrutiramendu bat lortu nahian bezala. Edo indarra, berotasuna, pasioa ekintzaren muinean utzi nahiko balu bezala, idazkera ahalik eta aseptikoenera joz.
Intimitatea
Fikzioa bionbo bat izan daiteke batzuetan, idazleak bere eta errealitatearen artean korritzen duen kortina. Geure buruari ihes egiteko koartada. Alderantzizkoa da Ernauxen literatura: autobiografiara jotzen du eta handik abiatzen da bere idazketa-lana. Ispilura biluzik begiratu eta ikusten duena kontatzen du idazle frantsesak, ezer ezkutatu gabe. Bere bizitzaren atalik sakonenetan arakatzen du, eta barruranzko begirada horretan, intimoetan intimoena du literatura gai: sentimenduak eta sexualitatea. Artifizio guztiak bazterrean uzten ditu Ernauxek esentziara, muinera joateko. Liburu batek munduarentzako egia zati txiki bat izan behar duela pentsatzen du Anniek eta horixe da Joseba Urteagak itzulitako Pasio hutsa ere: pasiozko harreman bati buruzko egia. Eta egiak ez du lotsarik, pudorerik, gizarte moralik onartzen, horien guztien gainetik dago egia, horiek guztiak baino esentzialagoa da. “Haren esperma gordetzearren, ez nintzen biharamuna arte garbitzen, jakina” irakurtzen dugu liburuan eta pentsarazten digu egiak beharrezkoa duela transgresio puntu bat, itxura nagusi den gizartean aurrera aterako bada. Horregatik pentsatzen dut irakurleak bere burua ikusiko duela islatuta liburuan, geure buruari aitortzera ausartzen ez garen horiek erakusten dizkigulako Ernauxek. Bere egia kontatuz, gutako askoren egia zatiak azaltzen ditu, eta hurbiltasun bat lortzen irakurlearekin, lortzen zaila den identifikazio hori, hasierako hoztasuna gaindituz.
Bere bizitzako pasadizoak bihurtzen ditu literatura Ernauxek, eta liburuan bertan aurreikusten du “autobiografikoa da?” bezalako galderei egin beharko diela aurre liburua kaleratu orduko. Baina, agian, egin beharreko galdera beste bat litzateke: axola al du benetan autobiografikoa izateak?, izan ere, aldatzen ote du ezertan liburuaren irakurketa edo liburuaren kalitatea istorioaren benetakotasunak? Irakurle bakoitzak erantzun beharko dio galdera horri, baina sentipena dut narrazio honek berezkoa duela indarra, testuaren barneko koherentzian eta sinesgarritasunean bilatu behar dela idazlearen maisutasuna. Gainerako guztia bigarren mailakoa, izatekotan ere osagarria dela.
Desberdintasunak desberdintasun eta norberari berea aitortuta, parekotasunik ikusten dut liburu honen eta berriki irakurri dudan La vie sexuelle de Catherine M. nobelaren artean. Bietan antzematen da norberaren egia biluzik agertzeko borondate bat, erabateko zintzotasunera jotzeko gogoa. Eta, nire uste merkean, etengabeko krisian omen dagoen nobelarentzako etorkizunerako bide posible bat zedarritzen dute liburu hauek, beste batzuekin batera, noski: intimoenera konplexurik gabe, lotsarik eta beldurrik gabe hurbiltzen den literatura proposatzen dute, non lorpenik handiena sintzeritatea eta horrekin irakurlearekiko lortzen duen konplizitatea den.
Mugako, ertzeko, bazterreko literatura da, finean, Ernauxena, berritzailea eta apurtzailea. Egiaren bilaketa du helburu nagusi, eta egia maiz deseroso zaigun neurrian, Ernauxen literaturak ere ezinegona sor diezaguke. Eta, batez ere, definizio tradizionalak eta klixeak gainditu beharra azaleratzen digu. Berriki, egiaren bilaketa muturrera eramanez, Se perdre kaleratu du idazleak, Pasio hutsa-n kontatzen den harremana bizi izan zuen sasoian idatzitako egunerokoa, hitz bakar bat aldatu gabe. Bistan denez, sortzen diren eta erantzun erabatekorik ez duten galderak hamaika dira: esparru publikoaren eta pribatuaren arteko mugaz, intimitatearen definizioaz edo literaturaren izaeraz eta funtzioaz. Bere xumean, arrisku eta indar handiko nobela da Annie Ernauxen Pasio hutsa. Etorriko bide diren itzulpen berrien irrikaz geratzen gara.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria