kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Elkarrekin esnatzeko ordua / Kirmen Uribe / Susa, 2016

Istorio itzelak ukitzen Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-01-08

Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren istorioa —sekulako istorioa— du ardatz Kirmen Uriberen azken lanak, eta baita 20. mendeko beste hamaika pertsonaia eta gertaera ere.

Dokufikzioaren generoko lana da Elkarrekin esnatzeko ordua; hau da, kronikatik —dokumentaletik— abiatzen da eta fikzioa sartzen du, horrela, elementu eta pasarte fikzionalen bidez kronika aberasteko. Honen aurretik, Bernardo Atxagaren obran aurki dezakegu, besteak beste, ildo honetako lan aipagarririk —hor koka litezke Markak edo Lawrence Arabiakoari buruzko saiakera—. Uriberen testuan esaten denaren arabera, ordea, eskuetan daukaguna ez da saiakera, eleberria baino. Hor badago arazo bat, eta ez da sailkapen kontu hutsala, baizik eta irakurketaren hitzarmenari dagokiona: 11. orrian eleberri izendapena datorrenez, irakurleak gauza bat espero du, idazle-irakurle hitzarmen jakin bat, baina paktu hori laster apurtuko du testuak, orriak pasa ahala ezaugarri testualak gertuago baitaude kronika soiletik eleberritik baino.

Ezaugarri horietan nagusia telling deitua da: narratzaileak oso gutxitan askatzen ditu pertsonaiak, eta ez zaizkigu bat edo bestea gauzak egiten erakusten —nahiz eta ziurrenik pasarte horiek duten merezimendu gehien—; oro har, narratzaileak berak kontatuko digu Urlia maiteminduta zegoela, Sandia haserretu egin zela, eta abar. Are gehiago, aurreko liburuetan bezala, idazleak, istorioan sartu —testua autobiografikoa da hein handi batean— eta, hasieratik amaierara, irakurlea eskutik hartuta eramango du.

Elkarrekin esnatzeko ordua-ren alderdi interesgarrietako bat bere aniztasuna da. Sarreraz eta azken hitzaz gain, bost zatitan banatutako hiru atal nagusi dauzka testuak; 158 txatal guztira, testu oso fragmentarioa osatuz. Hainbat material bildu ditu egileak —biografiak, egunerokoak, eta abar—, saiakera aberastu ez ezik, honi kolorea ematen diotenak. Hori da testuaren lorpen handietako bat: hari ugari elkartzea, sekulako mamia ezkutatzen dutenak, eta hamaika pertsonaia, irakurketa oso dinamikoa —multifokalizazio bidez eta tempo azkarrarekin— onduz.

Nabarmentzekoa da liburuaren atzean dagoen dokumentazio lana, baina, aldi berean, harrigarria da ohar batzuen maila xumea —eta nahiko akritikoa—, iduri bailuke idazleak buruan daukan irakurleak ez dakiela deus ere, adibidez, Ez dok Amairuri edo Burgosko prozesuari buruz. Horrekin batera, atentzioa ematen du testuan zehar Historiak hartzen duen toki zabalak. Kontagai diren istorioei erreparatzen badiegu, Urresti eta Letamendi familiakoen bizitzak mikro-historiaren eta makroaren artean mugitzen dira, sona dezenteko pertsonak izan baitziren; baina, horiez gain, Agirre lehendakariaren figura gogoan hartzen ari diren garaiotan, testuak dezentetan bat egiten du lehendakariaren irudiaren aldarrikapenekin.

Fintasunez idatzitako testua da Elkarrekin esnatzeko ordua, irakurterraza eta gozagarria idazlearen estilo eraginkorrari esker, eta sekulako istorioak eta gaiak ukitzen dituena. Irakurle honen begietara, ordea, ukitze hori azalean geratzen da, eta apustu literario sakona eta literaturak berekin ohi duen gatazka falta dira.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak