« Epelkeriarik gabeko epeltasuna | Istorio itzelak ukitzen »
Elkarrekin esnatzeko ordua / Kirmen Uribe / Susa, 2016
Historiaren zama jasangaitza Hasier Rekondo / Deia, 2017-01-07
Milan Kunderak historiaren zamak zapaldu egin gaitzakela ohartarazi zigun. Euskal literaturaren azken boladari erreparatuz gero, balirudike gure historia Gerra Zibilean amaitu zela. Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) gai erreferentzial horri, eta haren eraginezkoei, heldu dio fikzioaren eta historiaren arteko hibrido bat ontzeko, non egile-narratzailearen niaren narrazio-pentsamendua lehen planoan agertzen baiten betiere.
Enegarrenez errepikatutako erronka literarioaren aurrean, galdera bera jaurtiko digu adimen kritikoak: zer ekarpen berri ekarri lezake nekatzeraino jorratutako gaiak? Uriberen kasuan, erantzuna zuzena da: etxean entzundakoak baliatuz abiapuntutzat, Urresti familiaren bilakaera historikoaren testigantza oso pertsonala ematea, antigoaleko denbora narratiboa eta osagai estilistiko berritzaileak, dietarioak, poemak, pentsamendu pertsonalak uztartuz.
Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzako gorabehera malkartsuak aitzakiatzat, gizaki indibidualengan subjektu historikoak duen eraginaz idatzi du nagusiki Uribek, Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016) eleberrian. Ildo narratiboak apetaz ebakiaz, errealitatetik zizelkatutako pertsonaiak zirriborratu ditu ondarroarrak. Alta bada, pertsonaia historikoek fikziozkoei gorpuzten ez uztearen ondorioz, narratzaileak nahita aukera hori alboratu baitu, kronika historikoa gailenduko zaio pertsonaien arteko asmatu elkarrizketaxaloez eraiki fikzioari, liburuaren kaltetan.
Pertsonaiak lauak dira oso, zuri-beltzak ez baitu sakontasuna ahalbidetzen: Manu Sota eta Txomin Letamendiren arteko erlazio hiperidealizatuan eta erromantikoegian nabarmen ikus daiteke. Uribe narratzailearen pentsamenduen digresioengatik ez balitz (Berger, Ibinagabeitia, Mirande, Oteiza, Maiakovski, Kundera bera etab. bidaide), XIX. mendeko nobela baten aurrean gaudela irudi luke, tonuagatik batez ere. Karmele Urrestiren lehen oroitzapenarekin hasi (apika, nobelak duen pasarterik sakonena) eta narratzaileak historia harilkatzeko erabili dituen motibazioak aurkezten dizkigun azken ataleraino, gerra osteko eta diktadura amaierako oroimen historikoen kontakizun-erreka tarteko, Uribe asmo handiko erronkan murgiltzen da, alta, asmoak bakarrik ez du osotasunaren naufragioa estalduko.
Gerraren ankerra eta krudeltasuna nabarmendu arren, Uribek epikotasuna agerrarazteko joera du, nonbait epikaren, idealizazioaren eta errealitate gordinaren arteko oreka mantentzea zaila baita. Gerraren sufrikarioek eragin epikoa izan arren, are epikoago bihurtzeko joera agertzen du Uribek, elementu melodramatikoak sartzen baititu nonahi. Liburuak baditu alde interesgarriak, halere, euskaldunon zuntz emozionalean aise ukitzen baitu, batez ere familia errealak eta haren oinordekoek jasango duten patuaren gaineko kontakizunaren testigantza historiko krudelenaren berri ematen denean. Historiaren zama beti baita jasangaitza, ondo eraikitako fikzioak arindu ezean.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez