kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Zorion perfektua / Anjel Lertxundi / Alberdania, 2002

Sebastian Joxean Muñoz / El Diario Vasco, 2003-01-19

Irakurtzen ari nintzela esan nizuen aurreko astean, literaturaz mintzatzeko gogoak hartu ninduela, Unai Elorriagaren ipuina famatu nahi nuela eta Iban Zalduari proposamen bat egin nahi niola, bere narrazioen baratzean gidoirik aldatzeko baimena ea emango lukeen jakiteko. Baina, sentitzen dut, urtarrilaren 19a da gaur. Festa da. Ez nago.

Anjel Lertxundiren Zorion perfektua-z hitz egin beharko genukeela iruditzen zait, hori ere irakurtzen ari bainaiz, eta harrapatuta nauka, harrituta nauka eragin EZ duen zalapartagatik. Atentatu baten lekuko izan zen neskatila batek kontatzen du bere historia. Izenik gabeko neska horren historia kontatzen saiatzen da idazlea. Guztion istorioa izan dadin tematzen da, berriz, errealitatea.

Gu

Hiltzen ikusi du neskatila horrek. Hildakoa ikusi du. Ez du hiltzailea ikusi. Ez du hiltzaileak axolik. Ikusia dugu lehendik ere, oso maiz. Gure artekoa izan ohi da hiltzailea. Aitortu beharko da behingoz. Kuadrilakoa ez bada, ikasi dugun institutukoa. Ez du Lertxundik terrorismoa kontatu nahi, ez da ez biktimaren ez erailearen lekuan jarri. Lekukoa asmatu du Lertxundik bere nobelarako: ikusi egin duena, isildu egin dena, isiltzeko esan diotena, —amak, aitak—, mintzatzera kondenatu nahi dutena, —irudigileek, kazetariek, lagunek —. Gutaz ari da. Eskolako karpeta kartoizkoan odolari gorazarre egiten dioten pegatinak inoiz erabili eta onartu ditugun guztioz. Eta Zorion perfektua esaten dio nobelari (Alberdania, 2002), ironia finez, umore garratzez.

Zorion perfektua musika obra baten izena da, nobela honetako protagonistak, pianoan menderatu ezin duena. Min ematen dio pianoak neskatila horri, baina plazera baita ere. Baretasuna. Betetasuna. Eta babesa. Beharko du zerbait. Pianoa ikastetik etxera zetorrela tiroz akabatu dute gizon bat. Gorpua jarri diote neskatilari bere bidean. Nola ahaztuko duen kontatzen du nobelak. Gaizki ahaztu duela kontatzen du. Horregatik ari da gutaz. Guztiok daukagulako gorpu bat, bazterrean ahaztuta utzi nahi genukeena.

Hura

Oraintxe bukatu dut Lertxundiren nobela, bor-bor daukat burua, luzatuko nintzateke ekarri dizkidan oihartzunetan barrena. Lertxundiren idazkera zehatza da, aberatsa da, doinuz betea, urrun dago eta, bat batean, present, ofizioa miresten duenarentzat gozaldia da, etc. baina ez nago, barkatu, saltsa horretarako. Urtarrilak 19 ditu gaur. Festa da Donostian.

Banoa galtza eta atorra zuriak lisatzera. Bazter utzi ditut liburuak, harritu ditu adiskide ni baino serioagoak, bihar, urtarrilak hogei, konstituzio plazan danborrada jotzeko grina honek.

Ez naiz desenkusan hasiko. Barkatuko didate Unaik, Ibanek eta Anjelek baina Donesebastiane dut gaur buruan. Nik eta beste askok. Ordu ttikietan, plazan, Sarriegirenak jotzen ditugunean, lekuko izan naizen gertaera garratz guztietaz ahaztuko naiz. Hemen bizi naiz, Lertxundik nobelak idazten dituen lur odoldu honetakoa, baina gaur ez nago. Ez naiz. Festetan gaude. Gaur danborraria naiz.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak