kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Baionak ez daki / Bea Salaberri / Susa, 2015

Azpialdeko korronteak eramaten zaituenean Laura Mintegi / 111 aldizkaria, 2016-11

“Baionak ez daki” dugu Bea Salaberrik argitara eman duen lehen liburua, baina ez da idazten duen lehen literatur lana, eta aise atzematen zaio irakurtzen hasi eta atoan. Hats berezkoa dute 33 narrazio laburrek, istorio izatera ere hel daitezkeen narrazioak, lerro gutxitan konzentratzen baititu bizitza lihazkiak.

Une batean gogora etorri zait Virginia Woolf -ek Dorothy Richarson idazlearen estiloaren gainean esaten zuen hura: “esaldi femeninoa asmatu zuen edo, asmatu ez bazuen, garatu zuen; esaldi psikologikoa, esaldi zaharra baino malguagoa, nahi beste luzatzeko eta airean partikula hauskorrak suspentsioan eramateko gaitasuna duen esaldia, forma mugagaitzak biltzeko ahalmena duen esaldia”. Woolf-ek zioenez, pentsaera femeninoa deskribatzeko moduko esaldia ez da zurruna, ez da erabatekoa, ez da zuri-beltzekoa, ez da deskribatzaile hutsa. Esaldi femeninoak iradokitzen du esan bainoago.

Eta ideia hori sentiarazi dit Salaberriren idazkerak. Batetik, bere buruaren irudi malenkoniatsu eta tristea islaturik ikusten delako bere istorio nimiñoetan, trufa tristea egingo balio bezala bere izateko erari, umore mingotsaz, gordinaz. Bestetik, egileak badu ahots aldarrikatzailea, tarteka, intseguritatetik aldentzen den jarrera harroxkotxoa, “banaiz izan” esan nahi izango balu bezala. Dikotomia hori atzematen da ipuin hauetan, ezkutatu nahia eta ageriko agertu, egunerokotasunaren monotonia deskribatu eta baitaren sumendiaz mintzatu.

Dikotomia hori ez da bakarra Salaberriren liburuan. Ertzean mugiltzen da kalearen eta baserriaren artean, lehenean eroso, bigarrenean babes gosez. Ertzean dabil tradizioaren ahotsaren eta ahots gaztearen artean. Bietatik badu, biak bizi ditu, bietan ditu murgildurik oinak, eta biek osatzen dute bere kosmogonia, nahiz eta biak kontrajarriak izan sarri askotan.

Hogeita hamairu istorio hauek txikikeriez mintzatzen dira, ustez. Egunerokotasunaren huskeriez. Eta nahiz eta “ezer gertatzen ez den” ahotsaren azpialdean atzematen da pasioaren sugarra, desiraren atzaparra. Kontraste horrek erakartzen du, eta beldurtzen, aldi berean.

Hori guztia, baina, musikalitatearen baltsamoan urtzen da, hitzen indarrak energia nahikoa balute bezala desaktibatzeko deskribatzen duten egoera, ustez lasaia, baina izatez sugartua, itsaso barean bezala, non azalean olaturik ez dagoen arren, azpialdean korronteak eramaten zaituen.

Begi bistakoa da lexikoak duen garrantzia Salaberrirentzat, arrotza eta aberatsa mendebaldeko hizkera erabiltzen ohituago daudenentzat. Badu maitasunetik hizkera lantzea, eta badu ihesetik ere bai, hitzek lortuko balute bezala ezkutatzea pasarte askok duten zama emozionala.

Pultso literario indartsua du Salaberrik eta lan ederrak emango ditu, are ederragoak zenbat eta askeago sentitu.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak