kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Zerua beti beherago dago / Karlos Linazasoro / Utriusque Vasconiae, 2016

Paradisuaz Igor Estankona / Deia, 2016-10-29

Zerua beti beherago dago ez da Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) Utriusque Vasconiae argitaletxean eman duen lehen liburua. Irakurri dizkiogu aforismoen Esan gabe doaz eta Apenas egunkari poetikoa. Azken honi buruz hementxe bertan genioen iruditzen zitzaigula Linazasororen bibliografia zabalaren beste kate begi bat, heriotzatik bizitzara egiten zuena, duda agertarazten zuena gauzen gainean eta, halabeharrez, konpilazio itxura hartzen geniola. Ez alferrik; idazle honen etorria itzela da-eta. Idatzi eta idatzi egiten ditu burura datozkionak, gero Tenpora-ren abesti bihurtzen diren txatalak, Trilogia hiperlaburra delakorako (Elkar, 2016) material ironikoa ematen diotenak edo eguneroko gogoeta poetikoa e-mailez bidaltzeko aitzakia. Denak balio dio literatura modu konpultsiboan bizi duenari.

Tolosako liburutegiko ordu mortuetan, zaratatsuetan, kanpoan elaiak ibili zein elur isila erortzen ari, berak beti dauka hitza mingainaren puntan: “Esango nuke, lagun, betikoa/ naizela, zaharragoa akaso;/ bidean galtzen naiz iparrari so/ eta izarrez betetzen zait golkoa.// Zorionaren bila jarraitzen dut/ eta berak gutxitan aurkitzen nau,/ nahiz ez naizen jainko edo hamalau/ eta ez daramadan txarkeria zut”.

Oraingo honetan beraz, bere haikuekin ohi duenez, neurriaren kortsea ezarri dio asmamenari. Eta muga askotan beste era bateko sormenaren atea da. Errimak eta neurriak mugatua, mugagabe doakio irudimena, poema bakoitzaren hasieran poetak berak ere igarri ezin duen zidorretatik.

Kuartetoak dira, oker ez banago, Zerua beti beherago dago honetako berrogei piezetatik gehientsuenen A, B, B, A errimadun lehen bi ahapaldiak, eta hurrengo ahapaldi biak sextillak izan bide dira, baina Petrarkista ez den honek ezin igarri. Latinoen neurri eta errima klasikoetan galdurik, bere burua kausitu du halako batean Linazasorok: “Elurretan zirriborro urdin izoztuak,/ lau puntu kardinaletarantz hatzak/ isilik,/ irri baten ibaia aurkitu nahian,/ ez hilik,/ edo ni gabe bizi diren azken uluak.// Neguak harrapatu nau etxetik/ kanpora,/ ez daukadalako etxetik kanpora/ etxerik,/ ez argirik inon nor naizen jakin dezadan”.

Klasikoen bidetik idazten die poetak bizitzaren eta heriotzaren indarrei. Poltsikoan sartzeko moduko edizio txiki praktikoa da liburua, irribarre bat edo hasperen bat aterako dizkizuna, gogoraraziz galdera batzuk daudela eternoak, behinolako haiek eta gu geu ez garela oso diferenteak: “Guztia delako dardara eta/ maitasuna,/ oro arrisku eta erein dugun/ hazia,/ biok bat izango gara ezer ez eta/ dena”.

Irakurketa aberastu hori, klasikoa eta gaur egungoa era berean, Linazasororen konstanteetako bat da. Berak esana da literatura eta bizitza gauza bera direla: “Neurea metafikzio konpletoa da; goizean goizik, lo txar baten ondoren, idazle bihurturik esnatzen den liburuzain gizagaixoaren historia lazgarria… Bizitzak bazkatzen du nire Literatura, eta alderantziz”. Bazka dekantatu horren emaitza bizia eta freskoa da, horregatik, obra txiki asmo handiko hau ere. Zerua beti beherago dagoela esanez gaztigatzen digu ametsak ez direla iritsi ezinak, ezpada lurrean bizi beharrekoak. Eta korrelatu hori —mundutar garelako garela zeruko— inoiz ahaztu behar ez genukeen egia poetiko bat da.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak