kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Neronek tirako nizkin / Sebastian Salaberria / Auspoa, 1964

Zer den entenditu gabe Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-10-30

Eleberri eta liburu kontzeptuak bereiztea ezinbestekoa da, zeren, arraroa eman balezake ere, badaude nobela txarrak liburu interesgarriak direnak. Halako zerbait gertatzen da Neronek tirako nizkin izenekoarekin (1964). Ezin esan nobela balio estetikoengatik nabarmentzen denik, baina, hala ere, irakurtzekoa da zalantzarik gabe.

Mende erdia joan da Antonio Zabalak Sebastian Salaberriaren lana argitaratu zuenetik, eta Auspoak berriz editatu du, oraingoan euskara batuan (Hauspoa sailean).

Funtsean autobiografia nobelatua da: Salaberriak bere bizipenak kontatzen ditu, gaztaroko baserri giroko bizitzatik hasi (I-IX atalak) eta Gerra Zibileko ibilerekin amaituz (X-XXIX atalak). Hori guztia, epika hotsandikorik gabe, abentura-nobelaren estilo arinean, eta ahozkotasunaren arrasto freskoarekin.

Zer kontatzen duen ez genuke aurreratu nahi eta, begira diezaiogun eleberriari beste talaia batetik. 1940ko hamarkadan hasi ziren Espainian sortzen Gerra Zibila anaiarteko gerratzat esplikatzen zuten interpretazio historikoak. Literaturan ere ez dira gutxi ildo honetako berrirakurketak. Hartu gogoan, adibidez, Kain eta Abelekin egindako paralelismoak, hala nola Luis Cernudaren hura: “Ellos, los vencedores/ Caínes sempiternos”. Interpretazio ildo horren arriskuak ikertzaile askok jarri dituzte agerian, gatazka senitartekotzat jotzeak maila politikoan ekar dezakeelako —eta batzuk horretan saiatzen dira oraindik ere— erantzukizunak lausotzea eta garaileak eta garaituak hala-hola berdintzea. Beste muturrean legoke Gerra Zibila inbasio nazionalaren teoriara —espainiarrek Euskal Herria— murrizten duen interpretazio herrena —zeren, Idoia Estornesen hitzekin esateko, “el franquismo fue también vasco”—.

Salaberriarena bezalako istorioek erakusten dute beharrezkoa dela idatzita ematen dizkiguten Historiak zalantzan jarriko dituen pentsaera kritikoa elikatzea. Izan ere, Euskal Herrian izan ziren gudariak, eta baita frankistak ere; izan ziren boluntarioak, eta baita euren gogoaren kontra joandakoak ere; eta izan ziren gerra alde bietan egitea tokatu zitzaien senitarteak. Azken horietakoa izan zen Salaberria familia, eta ibili ziren “inkurriorik gabe alkarri tiroka fusillarekin”.

Anjel Lertxundik hitzaurrean dio fabula morala dela Salaberriarena; morala eta humanoa, esango nuke: lehen eskuko testigantza da, zeinetan pertsonaren duintasuna den nagusi, eta ez perspektiba historiko-politikoa —Xenpelarrek aurreko mendean esan zuen moduan, “zer dan entenditu gabe, ortan galduko gerade”—; eta, guztiaren gainetik, Salaberriak gerraren aurka hitz egiten du.

Neronek tirako nizkin bezalako historia pertsonalek gerraren historia orokorra humanizatzeko pausotxo bat ematen dute, gertakari historikoak norbanakoaren mailara ekarriz. Horrela, literaturak Historiaren orrietan ez dauden bizipen pertsonalak jasotzen ditu, garaileek idazten duten Historiak isiltzen dituen oroimenak.

Azken ohar bat: Pello Esnalek irakurle gazteak aipatzen ditu sarreran, eta esango nuke eskoletan irakurtzeko moduko liburua dela. Esan dugu ez dela literatur maila estetiko aparteko nobela, baina bai irakurketa gustagarria, eta balio historiko, kultural eta humanoa ere bere alde ditu.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak