kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Elur bustia / Pello Lizarralde / Erein, 2016

Gizaki erauziaren taxidermia Hasier Rekondo / Deia, 2016-09-17

Agian, Pello Lizarraldek (Zumarraga, 1956) beti kontatzen du historia bera. Kontatu daitekeen historia bakarra delako nonbait. Historiaren nondik norakoa baino, gehiago interesatzen baitzaio estiloa osatzen duten lanabes estilistikoen arteko uztartze epifanikoa. Apika, ez du eduki lar liluragarriekin ehuntzen, egilearen beraren hitzetan esateko, ez lukete Hollywood-etik deituko gidoiren bat taxutzeko. Akaso, nobelarenean baino hobeto moldatzen da narrazio luzearen moldean, kasu honetan bederen, horrelako zerbait gertatzen da. Baina, ezbairik gabe, Lizarralde euskal idazle gorenen artean kokatzen da, haren literaturaren ezkutuko altxorrei so eginez gero, sintaxiaren aldamioak nola eraikitzen dituen erreparatuz gero, atributurik gabeko gizaki erauziaren eta ingurune industrial lakarraren artean eraikitzen duen etika ezaren sinpletasuna kontuan hartuz gero.

Elur bustia (Erein, 2016) azken liburuan krisialdiak bortizki kolpatu Ramiro gizon edadetuaren istorio iniziatikoaren ardatzaren inguruan eraikitzen du historia, armiarmak sarea ehuntzen duen gisara, zuribeltzezko negatiboz negatibo, xehetasun txikienei so, hiperrealismoaren mugetan barrena.

Krisialdiaren ondorioz hustu poligono industrial anonimoen, haien ingurumaria lazgarrietan bizi diren arrandiaz bako pertsonaia langileen artean kokatu Ramiroren izerdia. Beldurra eta gosea atzeman ditzakegu Ramiroren begirada ilunean.

Nafarroan bizi den idazleari nabarmentzen zaio ez dela krisiaren gaineko tesi soila zirriborratu nahi duen arrotz bat, gure literaturan maiz gertatzen dena bestalde, idazleak soziologo edo zutabegile bihurtzen baitira askotan. Postindustrializazioak zizelkatu lurralde hondatuetan murgildu du begirada bete-betean, eta sinesgarritasun osoz kontatzen du izpirituala ere izan litekeen Ramiroren bidaia, Lizarralderen literaturan ardatz diren elipsi narratiboak leun txertatuz. Pertsonaiari buruzko inongo soziologiarik egin gabe, Nabokovek harrapatzen zituen tximeleten taxidermista gisa arituko balitz bezala, bizirik irautea du xede bakar Ramirok, bidaian zehar aurkitzen dituen lagunen edota etsaien laguntza besterik ez, otzantasunez eta apaltasunez bizi baitu biziraupena Ramirok.

Azalean, lanaren prekarietateaz eta krisialdiak eragindako gizakiaz ari dela irudi dezakeen arren, Lizarraldek harago joan nahi du, haren literatura ez baita egokitzen literatura komertzialean hain ohikoak diren estandarretara, lengoaiaren perfekzioaren xerka ezinbesteko tresna bilakatzen baita egilearen luma orekatuan. Azaleko narrazioak milaka balizko narrazio eskaintzen baititu: natura bera ere bilakatzen baita narratzaile, narratzaile nagusiaren ifrentzu, kasu honetan Ramirori mehatxu edo babes eskaintzen dizkioten autobiak, industria-poligonoak, errepideen ondoko errekastoak eta herrixkak. Sakontasunez irakurri beharreko alkimiaz zipriztindu narrazioa eraiki du Lizarraldek oraingo honetan. Ezer esan gabe dena adieraziz, gizaki erauziaren gaineko testigantza eliptikoan murgilduz.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak