kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Izenik gabeko lurrak / Urt Zubiaurre Otamendi / Erein, 2016

Inguruaren indarrra Javier Rojo / El Diario Vasco, 2016-09-03

Ipuin bilduma da Urt Zubiaurre Otamendiren eskutik datorkigun lehenengo liburua. Ez da idazle hasi berria, lehiaketetan-eta parte hartu baitu arrakastaz, baina liburu formatuan eskaintzen duen lehenengo lana da bilduma hau, “Izenik gabeko lurrak” izenburua duena. Ezaugarri batzuk berehala nabarmentzen dira liburu honetan. Lehengo eta behin, irakurlea ohartuko da errealismo magikoaren aztarnak aurki daitezkeela, itxuraz guztiz errealista den testuinguru batean errealitatea bera hausten duen elementu misteriotsuren bat topatzen baita noizean behin. Elementu honen presentziak errealitatearen tinkotasuna kolokan jartzen du, noski, eta irakurleari ezinegon berezi bat uzten dio, guztiz sendoa zela pentsatzen zuen errealitate horrek zirrikituak aurkezten baititu. Edonola ere, esan behar da errealismo magikoaren presentzia nahiko sotila dela, eta horrek bere indarra areagotzen baitu, edozein osagai (haur bat panpina batzuekin jolastea, adibidez) siniestrotasun ukitu batez markatuta gera baitaiteke. Aipagarria den bigarren osagaia paisaiaren, inguruaren presentzia da, liburuaren izenburuak iradokitzen duen bezala. Hainbat tokitan, askotan eskualde exotikoak diren lurraldeetan, kokatutako istorioak ditugu hauek, non paisaiak pertsonaien izaera zedarritzen duen. Pertsonaiak espazio bati dagozkio, bertakoak dira eta lekuak dira pertsonaien jabeak. Hortaz, beren espazio naturaletik kanpo gertatzen badira, tentsio berezia sortzen da pertsonaiaren eta bere inguruaren artean. Bestaldetik, horrek beste ezaugarri bat gaineratzen die ipuinei: naturak bere legea inposatzen duelarik, mundu basa nagusitzen da. Naturaleza eta kultura, ondorioz, kontrajarrita agertzen dira batzuetan, eta gizakia bi esparru horien artean kokatzen da, batetik bestera mugitzen. Hirugarren ezaugarria idazkerari dagokio. Begi-bistakoa da, idazleak estilo-asmoarekin idatzitako testuak direla ipuin hauek, eta estilo-asmo honetan ahalegin berezia egin du idazkera gaiari egokitzen. Laburbilduta, irakurtzea merezi duen ipuin-liburu horietakoa da hau, noizean behin narrazio labur batzuek liburuaren tonu orokorra pixka bat apurtzen badute ere.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak