« Inguruaren indarrra | Txantxa luzea »
Argia / Peru Magdalena / Elkar, 2016
Totemak Igor Estankona / Argia, 2016-09-04
Badaude gai bat jorratzen duten liburuak deskripzioan oinarrituak, badaude hausnartzeko liburuak filosofiaren zidorretan galtzen direnak eta badaude, azkenik, sentitzeko liburuak. Hauen sokakoak iruditu zaizkit beti Peru Magdalenarenak. Berriztarrak ez du hitzik alferrik esaten, ez du pintzelkadarik zentzurik gabe ematen, ez du jantzi bat funtsik gabe aldean eroango. Bere obra artistikoa, bidaiak, bizitzaren gazi-gozoak… denak dira bilaketa estetiko eta are aszetiko baten bide, eta poesia, ezinbestean, arimaren lanabes. Hutsik (Elkar, 2008) irakurri nuenean begitandu bazitzaidan ederra zentzu sakratuan, Argia honekin ere haren kritika egin nuenean nioen gauza bera diot, alegia, pentsakor eta, era berean, hunkiturik uzteko gaitasuna dauka liburu honek, eternoaren kualitatea dauka: “gau garbian izarrak begiratzea/ zeure azaleko oreztak begiratzea/ unibertsoak errepikatzen dituen patroiak/ edertasun berari begira/ naiz lokartzen”.
Interesgarriak dira, halaber, sorkuntza poetikoari buruz batez ere liburuko aurren-berrian agertzen dituenak, arestian aipatu dugun kezka estetikoa esanahiarekin lotuz: “ene poesiak/ apuntatzen duena bilakatu gura luke/ hitz hutsezko ontzia abandonatu/ horitu eta desegingo den liburua utzi/ eta deskribaezina den dardara bezala segi bizirik/ hiztun gutxi batzuen artean oihartzun eginez// hitzez eta kontzeptuz ehizatu ezin dudan/ laino miresgarria da ene poesia/ oraintxe bertan jaiotzen ari den/ zaldikume baten azalaren usaina/ izartu berritan oroitu ezin dudan amets izartua”.
Poesiaren durundi hori, haurtzaroko irudiekin hasi eta errealitatearekin urtzen den argi zuri erre batean bukatzen dena, Magdalenaren ekarpen itzelena da. Osatzeko eta izpiritua indartzeko poesia-eite bat da, kultua baina sotila, eta meditazioaren eta errezuaren antza har dezake uneka. Harrigarriro leuna, arina eta jostagarria da ostera liburua. Esan dezagun, beraz, zabalik egonez gero misteriorik ez daukan mezua dakarrena, bizitzak berak legez: handia ematen du itxura batean, pentsatzeari utzi eta biziz gero festina lente doan ibaia da.
Eta kritika labur-labur honetan —zeinaren bidez hertsiki galdegiten baitizuegu Argia hartu eta irakurtzeko— azaldu dugun guztia Peru Magdalenari konturatu barik ateratzen zaiola dirudi; hori da lanketaren eta berezkoa daukanaren sintesiaren seinale.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro