kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ixtorio hautatuak / Roald Dahl (Luis Berrizbeitia) / Elkar, 1996

Familia osoarentzat Aritz Galarraga / Argia, 2016-07-31

Ehun urte aurten Roald Dahl jaio zela. Ospakizun handien ondotik, ordea, gure txikian: helduentzako bilduma bakarra dugu euskaraz, antologia modu bat, zazpi ipuin eta egilearen idazletzarako bideak azaltzen dituen narrazioa. Egia, ez da asko-asko, baina gutxiago da ezer ez. Haur eta gazteentzat idatzi zituenak besterik dira, famako egin zuten, imajinario kolektiboaren parte ditugu dagoeneko. Aldiz, helduentzat idatzi zuenean ere, presente izan zituen adin txikikoak. Bilduma irekitzen duen Guardasolaren gizona izenekoan, esaterako, areago tituluan berean agertarazten dituen Animaliekin hitz egiten zuen haurra ipuinean. Iduri luke bizitzara jaiotze horretan zedarritzen direla gerora helduaroan garatuko diren hainbat jaidura, jokamolde, jarrera. Luze gabe, Dahlek ondotxo ezagutu zuen gerrak izan lezakeen hazia; Beltxarga kontakizunak erakusten duen “nerabeen ankerkeriarako gaitasun kasik infinituan”, —Edorta Jimenezen hitzak hona ekartzeko—.

Narrazio guztiek dute irakurketa arretatsuago bat; Autostoplaria deiturikoan hatzginak —auto-stop egileak— erakusten digun moduan, zeinak ebasten dion poliziari berari jarri berri dion isuna: “Galtzaileei ez diet sekula ezer kentzen. Eta behartsuei ere ez. Dutenengana baizik ez naiz joaten, hau da, irabazle eta aberatsengana”. Eta nik ez dakit muga zehatz non den, zergatik hauek diren zuzen helduentzako, eta beste haiek haur eta gazteentzako literatura. Esan nahi dut, niri ere iruditu zaizkidala liburu honetakoak, Jose Luis Otamendik 1996 urrun hartan esan bezala, “edozeini —eta denei— gustatzeko moduko literatura”. “Familia osoarentzako modukoa”, alegia. Kontatzen direnengatik —ez dago intereseko zerbait aurkitzen ez diozun testurik—, baina, halaber, kontatzeko erabiltzen duen moduagatik. Zuzena, zehatza, xehetasunez betea— “detaile asko sartu. Horixe da garrantzitsuena gure ofizioan, detaile txipiak”—, eta nola-halako umore ukitu bat duena —“umore finekoa bazara errexago baizik ez da”—. Dena den, eta Dahli inolako meriturik kendu nahi gabe, bat nator Otamendik azpimarratutakoarekin: “Luis Berrizbeitiaren itzulpena iruditzen zait argitalpen honen alderdirik jakingarriena. Gozo, doi eta gertu ematen zaigu berez arrotz zena. Horregatik bakarrik merezi du irakurtzeak”.

Nola egin nintzen idazle narrazioan, Dahlen biografiako pasarte esanguratsuak ezagut daitezke. Ipuin baterako baino gehiagorako emango luketenak denak. Ez zen sobera aldeko, idazlea: “Benetako gertakarietan oinarritutako kontakizunak idazteak, ez dauka tirarik enetzat”. Fikziozkoak ere ez, gehiago ezin idatziko ditu. Gehiago euskaratzeko aukera geratzen zaigu guri, hartara.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak