« Heriotzari ihesi | Familia osoarentzat »
Ohe hotzak / Jon Ariza de Miguel / Elkar, 2016
Harreman aldakorrak literatur hitzarmen bereizezinean Iratxe Esparza / Gara, 2016-07-30
“Ohe hotzak” liburuan zalantzatia den pertsonaia nagusiari bizitzaren tarte bat lapurtzen zaio. Angel Errok idatzitako hitzaurreak gehi zazpi atalek osatzen dute eleberria, nahiz eta izenik gabeko protagonistaren kontakizuna, nire iritziz, bi zatitan banatuta egon, biak bakardadeak gidatuta. Lehenengo eta zazpigarren ataletan pertsonaia N hirian dago, aldizkari batentzako enkarguzko artikulua idatzi behar du berea ez den hiriak ematen dion anonimotasunaz gozatuz eta, aldi berean, pairatuz. Tarteko ataletan, aldiz, N hiriraino doa Tzortxok, bere “lagunak”, gutun baten bidez eskatuta. Hori da liburuaren oinarria; baina, muina pertsonaiaren beraren eraikuntzan datza; izan ere, lehenengo pertsonaren erabilerak bakardadearen testigantza zuzena eman ez ezik, itxuraz absurdoak diren zeharkako hausnarketek ere bakarrizketaren antza hartzen duten gogoeta filosofikoekin eta pisuzko digresioekin elkartzen dira. Liburuaren bigarren orrialdeko oharrak pertsonaiaren identitatearen krisiaren berri ematen digu eta istorioa pertsona horren inguruan eraikitzen dela adierazten digu; izan ere, nortasun aldakorra duen hori eleberriaren erdigunea da.
Protagonistak isurtzen duen nostalgiaren mamia tradizio literarioan aurkitzen dugu; horretarako, literaturaren presentzia zirrikitu guztietatik sartzen da. Gainera, beste testuen arteko elkarreraginak eta aipamen literarioen ugaritasunak aditzera ematen dute protagonista idazle handien (errusiarrak gehienbat) obren irakurle amorratua izateaz gain, identitatearen eraikuntzarako lan klasikoetako pertsonaiengan oinarritzen dela. Hortaz, erreferentzietatik saltoka, narrazio orekatu batean bi garai ezberdinetako munduek eta indarrek talka egiten dute. Alde batetik, literatura klasikoak eskaintzen dion eremua dugu, lan horietan irudikatzen diren bizimoduak, espazioak eta giroa bereganatzen dituelako protagonistak; bohemio itxura esajeratzen du, eta ikusten duguna bizitzearen arte baten asmakizuna da. Bestaldetik, gaur egungo bizitza likidoaren “biktima” dugu pertsonaia eta hori, batez ere, dauzkan giza harremanetan argi islatzen da, giza-loturak eratzeko eta finkatzeko ezintasunak bakardadearen eta segurtasunik ezaren sentimenduak areagotzen baititu. Berdin da bakarrik edo Tzortxok “lagunarekin” denbora pasatzea, bizi-larritasuna eta konpromisoaren ukazioa hor daude; ez dago, beraz, maitasun erromantikorik alderrai dabilen sentimenduarentzat. Esan genezake, estetikako alde apolineoa —harmonia bilatzen duena—, eta dionisiakoa —bizitza desorekatuari lehentasuna ematen diona— agerian daudela eleberrian, eta biak protagonistaren nortasunagatik lehiatzen direla. Iruditzen zait obra literarioen unibertsoak bizitzaren eremu egonkorra eskaintzen diola; han murgilduta, hemeretzigarren mendeko eleberrigintzan bezala, protagonistak egiten dituen digresioak asko dira, pasadizo eta objektu sinpleetan arreta jartzen duenean arinkeriaren eta sakontasunaren arteko distantzia handiagoa bada ere.
“Ohe hotzak” eleberriak beste pertsonaien tolesturen oihartzuna biziarazi du nireengan eta oraindik ere burutik kentzeko ezintasunak —eta husteko beharrak— bultzatuta, beste bi izenburu gomendatu behar dizkizuet: Robert Musilen “Ezaugarririk gabeko gizona” eta David Foster Wallaceren “Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat” (Danele Sarriugartek itzulia). Irakurketak probetxuzkoak izango direlakoan, disfrutatu.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro