« Askatasunaren xuxurla | Narratzailearen hitzak »
Mr. Señora / Oier Guillan / Txalaparta, 2016
Hitzak azalean igurtziz Amaia Alvarez Uria / Argia, 2016-07-17
Oier Guillanen azken lanean, Mr. Señora eta beste ileorde batzuk izenburupean zazpi antzezlan aurkituko ditugu. Ileorde hitzarekin Eugène Ionescoren La cantante calva lanari egindako erreferentziarekin absurdorako joera datorkigu burura. Joera honen bitartez kritika soziala eta jendarte egiturak agerian ipini eta deseraikitzeko aukera baliatu du egileak. Eta horrekin batera poesiarako sartu-irtenak ere, hitzekin jolasteko eta ni-a biluzteko aprobetxatuko baitu.
Bidelagun ugari izan ditu Guillanek antzezlanok errezitatzeko: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan, Urtzi Urkizu, Iñigo Ortega eta Miren Alcala. Normaltasuna eta arau sozialak auzitan jartzeko galderak eta gogoetak egiten ditu lan hauetan kontraesanak azaleratuz, egileak ohi dituen kontzeptu eta irudi batzuk errepikatuz: mina depilatu edo elkartasun erradikala.
Mr. Señoran desarmairugabetzea aldarrikatzen du. Norberaren eta Besteen begiradaz ari da, eragiten duten minez eta gorputzak askatzeko aukeraz. “Denok gara armairu batetik ateratzeko gai. Zein da zurea?”, galdetzen dio irakurle edo ikus-entzuleari. Hautudeterminazioan euskaldunak bere burua, bere hankartea, bere mingaina, bere azala egunero hautu-determinatzen duela dio. Ate etzanan elkarbizitza eta gatazkez ari da. Anariren kantu bateko letra erabiltzen du abiapuntu gisa eta harremanei begira jartzen da ohe eta mahai artean.
Maite zaitut oraindik lanean maitasunaren “alde iluna”-ri begiratzen dio. Bestearen askatasuna norberarenarekin nola moldatu daitekeen planteatzen da. Maite zaituztenek eragindako minaz mintzo da. Eta minean sakontzen du Minari buruzko solasaldiak-en. Min motak eta minen iraupenaz, ahanzturaz, bestetasunaz dihardu.
Bi ahots lanean Tintinen Dupond eta Dupont ekarri dizkigu akordura. Ispilura begiratuz, norberarenak bestearen bidez ulertu nahian dabiltza. Egiaz eta gezurraz hitz egingo dute, munduko gerrez. “Emakumeek pairatzen dutena da munduko gerrarik zaharrena, aitortu gabeko gerra, biktima gehien eragin duen gerra”, ondorioztatuz.
2010ean Artezblairekin argitaratutako Arra. Arraroa da bilduma honetako azken antzezlana. “Zerk edo zerk definitu badu orain arte gizona izatea zer den, hori beldurra izan da”, irakurri ahal diogu orriotan. Familia du hizpide, gune eta bazterrak. Itsusien aldeko aldarria egiten du Virginie Despentesek King Kong Théorien egin bezala. Ainara Gurrutxagak hitzaurrean dioen moduan, azaleko izotz geruza desagerrarazteko ukendu gomendagarria.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi