« Bizitzaren argitzalak | Plazerez tundran zehar »
Larrepetit / Pello Lizarralde / Erein, 2002
Isilunearen zama Maite Gonzalez Esnal / Hegats, 2002-12
“Natura  tenplu  bat  da,  batzuetan  bere  habe  bizidunek  hitz  nahasiak  jaulkitzen  dituzte”.
“…Koloreak,  usainak  eta  soinuak  solasean  ari  dira”.
Charles  Beaudelaire,  Correspondence
Solaskide bat gehiago
Egia baldin bada irakurleak osatzen duela testu bat, berak burutzen eta inoiz biribildu ere egiten duela sorkuntzaren zirkulua, ausartuko naiz Pello Lizarralderen Larrepetit irakurtzean nire irakurle partean otu zaiona lerro hauetara ekartzen. Has nadin esanez Beaudelaire-en goiko ahapaldien oihartzuna somatu dudala 130 orrien artean. Nola-nahi, idazketa eutsian deskribatu kolore, usain eta soinuei solaskide bat gehiago erantsiko nieke: isilunea, alegia. Tenpluak isuri hitzak nahasiak izan arren, solas joria antzeman zuen poeta frantsesak. Larrepetit liburuan, berriz, giza-komunikazioaren ezintasuna hain modu biluzian agertu izanak oso bestelako sentimendua transmititzen du: bizi izate astuna, objektu fisiko bat adina, ikustezina izanagatik ere partaide bilakatzen dena narrazioan zehar.
Larrepetit, hizkuntz larreko baten aburuz
Liburuak seinalatu bazterrak usainduz bidaiatu naiz behiala, baina jada desagertua den gizarte mugantean barrena. Ezaguna zaigunaren baina honezkero desagertu denaren xarma du narrazioak, iragan galduak irakurlea malenkoniaz joa uzteko berebiziko indarra duela probatuz. Sukalde ekonomikoa piztuta; fardelak iratzen artean ezkutatuta; bizarra egiteko lehen makina herrira iritsi zeneko eguna; izerdiak, dirua, jokoan irabaztearen poza edota galtzearen amorrua usaindu zituzten trinketeko hormak, jada huntzak estalita… Gauza asko joanak, bizimoldeak ez han ez hemen, pentsakera kinka larrian, eta berritasunen zurrunbiloa oldarrean iristen zaio hil zorian dagoen gizarteari Joxe eta Abelen odisearen aitzakian kontatuak. Odisearen erreferentzia bere neurrian hartu behar da; baliteke zenbaitentzat bortxatuegia izatea konparazioa. Onartzen dut Peneloperik gabeko itzuleraz ari naizela, nire irakurketa inpresionistaren ondorio hutsa izan daitekeela bi gizonezkoen abiatzeari horrela deitzea.
Larrapoteak eskapatu iten dau
Larrapoteak, larrapittikak edo larrapu-ttittek, berez omen dute eskapatze sena. Preso dagoenak duen bezalaxe. Horregatik istonoari primeran egokitzen zaio sondikatar baten ahotik jasoa omen den esapidea. Nolanahi, aitor dezadan izenburuaren egokitasuna juzkatzeko hiztegia behar izan nuela, ez bainuen esanahia lehen kolpean jaso. Ezjakina naizen seinale, noski. Idazleari ez diot egozten, “neure errua”. Izan ere, frantses oihartzuneko izena urruti dago gure matxinsalto gipuzkoarratik. Dela euskalkien kausaz, dela jainkotxo izan ustean gizakiok gauzei izena jarri zale garelako, noizean behin liburu baten mamia zertaz doan igerri orduan, elbarri sentitzea gertatzen zaigu.
Hizkuntza txikien abantaila? Bai eta ez. Hiztegietan barrena bidaiatzea ezinbesteko ariketa izateaz gain, dibertigarria ere izan daiteke. Are gehiago, dibertigarria ez ezik, tokian tokiko hiztegiak iradokizun-altxorrak gerta daitezke, naturaz ari garelarik batik bat. Euskalkien auziaz eta Jainko izatearen jolasez aparte, hirugarren eragozpen bat nozitu nuen P. Lizarralderen liburua iritsi zitzaidanean: kaletarra izateagatik, seguru. Zer egingo diogu, bada, naturaren katedralean sortu, ugaldu eta hil egiten diren era guztietako biztanleak ezagutzeko sortzez mugatua bada norbera? Amore eman eta aurrera segi, hiztegiak lagun.
Gorputzen lengoaia kamerak harrapatua
Liburuaren mamia honoko hau da: Udaletxeko ziegatik iheska doazen bi gizonezkoren ibilerak. Ibilian-ibilian biak, amerikarren “on the road” izeneko mentura batean. Ezin esan, berriz, Joxe eta Abel, liburuko bi protagonistak, errepideetan zehar doazenik. Iheslari izanda bazterbideetatik doaz: bidexidorren lokatzetan zehar, edo mendietan sigi-saga, edo errekasto eta atakak saltatuz bailaren bide ezkutuetan barna, orbela klaska zapalduz, zentzumenak zorroztuz…. Izan ere, errepideak, jende arruntarena ez ezik zibilena —Iparragirreren adieran— den neurrian, iheslariari arriskua ekar dezaioke. P. Lizarraldek bi iheslarien odisea pausoz-pauso narratzen du, etxera itzultzearekin inork amesten ez duen arren. Zeren, odisea honen bukaeran inork ez du etxekorik aurkituko. Biak elkarren zelatan beti, ziegan menturakide suertatu diren arren. Han doa Joxe, bizitzaren azpilduretan zaildutako ijitua, ahoan belar izpia duela, makila zorrozteko edo zizak bilatzeko edo behar denerako astia izango duena, irakurtzen ez dakien arren, ihesaren buru izateko buru argiko gizona dena. Legezaharreko Abel barnekoia ondoan, etengabe aginduz: “bulla egiok”, “utz itzak”, “zer egiten duk hor?”.
Lizarralderen narratzeko manerak zinea ekarri dit gogora. Zine-kamera gobernatzen du angelu desberdinetan kokatuz, giza-arimen kantoiak harrapatzen; orain pertsonaiak hizketan —elkarrizketan nekez, komunikaziorik apenas baitago—, orain soilik imintzioak erakusten dizkigula, hizketari berari baino garrantzi gehiago gorputzaren lengoaiari emango balio bezala. Gorputzaren lengoaiaz gain, isiltasuna elementu adierazkor gisa oso present dago obra osoan. Ez liburu honetan bakarrik. Esanguratsua baita beste liburu bati ipini zion izenburua: Un ange se passe. Hain zuzen, hura ere isilunearekin lotu zuen. Ematen du, hitz egin/ez hitz egin kontuan, psikoanalisiarekin, Lizarralde bat datorrela, berak ere uste duela isiltasuna mintzo dela, baita monosilabo-trukatze bat besterik ez denean ere. Komunikazioaren zero gradua.
Akzioak narrazioaren plano oso bat hartzen duenean, pertsonaiak beraren menpean gelditzen dira komunikaziorako ezinduak, menturakide soil direlarik. Besterik ez. Lekuz kanpo legoke bi arima, bi gizaki —gizonezko bi, ez da datu hutsala hau— atakan biak elkarri barrena arintzen deskribatzea, istorioaren sinesgarritasunaren kaltean izango litzateke eta. Joxe ijitua eta Abel morroia, elkarren ezezagunak Udaletxeko ziegan suertatu dira. Goardiek autora zeramatzatenean egin dute hanka. Lizarraldek bakoitza nolakoa den kontatzen ibili gabe, 130 ornaldeetan zehar esaten dituzten hitz bakanen eta egiten dituzben mugimendu arrunten bidez deskribatzen dizkigu. Esaldi lehorrak Abelenak, harriak bezain lehorrak. Hitz egiten duenean, nortasun lausoko bati dagokion lez etzekiat-ka jarduten da, iaioagoa bestea, nora, nondik eta zergatik joan badakien mendetako iheslaria, gaur hemen birar auskalo non bizitzen trebatua dagoen Joxe ijitua.
Hona adibibe gisa ihesaren ondoko enkontruaren pasartea:
—  Zer  ari  haiz  hor?
  —  Utz  itzak  txorakeriak  eta  lagunduidak.
  —  Pasa  ezak  zangoa.
Orrialde frankoren ondoren, irakurleari goroldioa, astigarra, basoaren arkitektura eta natura bere ñabardura guztiekin deskribatua izan zaion ondoren, iheslarien abentura aurrera doala, hara non euren nortasunaren soslaiak deskribatzen zaizkigun lerro hauetan:
—  Ez  didak  oraindik  esan  nora  joan  nahi  duan  —Joxek.
  —  Ez  zekiat.  Nik…  nik  libre  ibili  nahi  diat  —Abelek.
Abel, Lege-Zaharreko nekazaria, edozein definiziok baino hobekiago islatzen dute lerro hauek:
—  Hi,  Petit.  Zer  zela  eta  hintzen  han,  kartzelan.
  —  Ez  zekiat.
  —  Ez  dakik.
  —  Nork  daki,  orduan?
  —  Etxaldeko  nagusiari  galdegin  beharko  diok.
  —  Zer  egin  hioan,  ba?
  —  Ez  nauk  oroitzen.  Kazkartu  egin  ninduan  eta  ez  nauk  oroitzen.  Bazekiat  luze  mintzatu  nintzela,  baina  ez  nauk  deustaz  oroitzen.
  —  Hortaz,  bestondoa  pasatzera  eraman  hindutean  itzalera…
Mugaren mugan biziz. Munduan bi egote-modu kontrajarriak
Ziegatik ihes egindako Joxe eta Abel muga-mugan bizi dira. “Larrepetit”-ek litezkeen mugaren adiera guztietan biziarazten zaitu: nabarmenena geografikoa delarik. Hain justu, mapetan txanantxaz markatua datorrena eta zigorra eta debekuarekin zerikusia daukana. Agian, Lizarralde txarrantxaz baliatu da bi nortasun lehorren alde xamurra erakusteko ere, eremuetako txarrantxa pasatzeko elkarri laguntzen diotenean bezala.
Beste muga bat gizarte-eredu baten akabera dateke. Kontrabandoaren diru labainak nekazaritzaren penak arintzen ditueneko gizartea islatzen baita. Eta, ohi den bezala, batzuek aldaketa onartu ez ezik, profitatu ere egiten dute. Besteek berriz, aldaketari berari egozten diote txarra den guztia. Joarea urrunean dutelarik, Joxe eta Abelen arteko pasarte honek adierazten duen bezala:
—  Dena  pinuz  betetzen  ari  dituk.
  —  Bai,  eta?
  —  Ba,  horrela  segituz  gero  dena  hustuko  duk.  Zergatik  uste  duk  nabilela  ni  horrela,  eh?
  —  Horrela?  Nola?
  —  Ba…  ez  zeidat…  Horrela,  deus  gabe…  Hik  ez  duk  ikusten,  ala?
  —  Etzakela  ergelkeriarik  esan!  Dagoenetik  hartzak  eta  listo.  Pinua  dela,  ba,  pinua.  Hori  ez  bada  beste  zer  edo  zer  izanen  duk.  Gauza  bat  hartu  eta  bestea  utzi.  Eta  horrela  beti.
Azpimunduak, emakumeak
Joko handia ematen dio narrazioan Lainez-ek, saltzaile ibiltariaren pertsonaia, nortasun malgukoa, aurpegi askotarikoa, eta Blas de Oteroren irakurlea. Bere arrastoari jarraituz, beti berdinak, itogarriak, Pierre Loti edo Victor Hugo-rentzat kuttun izan zitezkeen herrixketan sartzen garenez. Xaboia, lurrin gozoa, usain txarren kontrako pastilak eta garbiketako gauzak saltzen dabil dendaz denda, esan nahi duena unibertso txiki eta xarmangarrietaraino eramaten gaituela eta, pastis gozoegia inolaz saihestu ezinik, sukaldeetan muturra sartzen uzten. Hil-zorian dagoen gizartean jendea etsita bizi da, bizi-pozik inon sumatzen ez dela, hil artean bizi lelo higatua entzun beharko diogula emakumeetako bati.
Kontakizunaren harira jakingo dugu aitzurra baztertu eta bizarra egiteko lehen makina iritsi dela; lixiba eta xaboi puxkaren usaina ere aipatzen da tarteka; neskatxa batek “batzuetan radioa entzuten dugu” aitortzen du. Trinketea eta kasinoa huntzak estalita daude. Beraz, behin izan zena eta orain hil-urren dagoen gizartea da Larrepetit-en azaltzen dena. Istorioa denboran kokatuz nahikoa atzera joan behar izan dut. Urte pilo bat atzerantz. Nire oroitzapenen arabera, mugako sukaldeak izan ziren lehenak Frantziako xaboiak eta garbiketa-produktuak eskuratzen, bigarrenak mugatik kilometro batzuetara bizi ginenok izan ginelarik. Izan ere, handik sartu ziren berritasunak, eta handik batzuk pasa ez ezik —Arraiapasa izenez ezagutzen den elkartea kasu—, salgai jarri ziren hiriburuko denda, taberna zein beste zulotan.
Adineko emakumeei ohore
Gizarteak, oro har, adineko emakumea laudatzen du, ile urdinekoa. Apika laudatuegia azaltzen da. P Lizarraldek debozio, sinpatia, mirespenez erakusten dizkigu emakume zaharren galeria, bat baino gehiago “samaritar” paperean deskribatuak. Lagunkoiak, hitz doikoak, langileak, isilak… Gorritu egiten den Juanak “antzinako neke bat” dauka. “Kobrezko mapa” du Joxepak aurpegian, Lainez saltzailearen bisitaren aurrean mototsa apaintzeko keinu pinpirina arazeria gordetzen duenak. Eta bertuteen deskribapena kanpotik ezezik, barrutik begiratuta ere egiten du. Jakinduria amaigabearen jabe baita adineko emakumea: “behako galdu hori, putzu zuri eta gris hori, hondargabea dela eta ezerk ezin diola eragotzi gauza guztien beste aldea iristea”. Askotxo, ezta? Badago bat, ordea, zuhurtziaren eremuan baino gehiago gorrotoarenean dabilena. Juana eta bere alabaren artean harreman gatazkatsu baten berri ematen zaigu, nahiko direlarik pintzelada batzuek bi emakume horien artean kilowatioka neur daitekeen erresumina dagoela konturatzeko.
Tatuaia erromantikoak naturan
Pintzelada horiek medio, sentipen bat iristen zaio irakurleari etxeko korridorea erlategi bihurtzen den instantean. Izan ere, P. Lizarralderen obrak, Frantziako mugan izan, edo Portugal-eko kresalak blaitu bazter batean, beti iradokizunen putzura eramaten zaitu, eta Caspar David Friedrich-en irudietan bezala (Hegats l0.aren ilustrazioak), naturarekin aurrez-aurre uzten.
Un ange se passe liburuan, mundu desagertuaren zama sentitzen den bezala, Larrepetit-en begibistan ez dagoena antzematen da, Joxe eta Abelen ihesaren azpitik badoan korrontearen enbata. Gomendioa egiten diot irakurleari, bidaian abia dadin Un ange se passe-ren orrietan barna, lerroei darien zera hori zuzenean suma dezan, hartara ikusiko du natura dela eskuratzen ez dena eta tolesdurarik ez duena.
Hona hemen zenbait adibide: Ribeira Quenteko lorategi eskegiak itsasoan barneratutakoei mezuak bidaltzeko kimatuak iruditu zitzaizkion. Bizkar erraldoien itzaletan, erresuma murgilduaren dardara ikusi zuen Baleiro-ko kostako uharte ilunetan. Eta izaera portugesean hain present dagoen ahanztura, esquecer, esquecer, esquecer mingarri hori guganaino ekartzeko, artxipelagoaz baliatzen da: gutxi irauten duten irlen artxipelagoa, izena jartzeko denborarik egon ez delako omen da. Eta Azores-etik atera gabe, Furnas-eko gela batera eramango gaitu, denbora baltsamatuz dauden oroigarriak bertatik bertara ikus ditzagun, eta Pirinioen itzaletan zein Atlantikoaren argitan ordu batzuek bizi gaitezen.
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"[z-247]
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro
Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi
Mikel Asurmendi
Lakioa
Josu Goikoetxea
Irati Majuelo
Poesia guztia
Safo
Aritz Galarraga
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Maddi Galdos Areta
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Hasier Rekondo
Akabo
Laura Mintegi
Jon Jimenez