kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Txistu eta biok / Juan Luis Zabala / Algaida, 2016

Kirol-kazetari frustratu baten txakurra Hasier Rekondo / Berria, 2016-06-05

“Uste dut bizitza guztiak direla interesgarriak, asmatuz gero bizitza horietatik zer eta nola idatzi”, dio Juan Luis Zabala kultur kazetariaren alter ego-a omen denak artefaktu literario erakargarri honetan. Baina nola demontre ez da izango interesgarria Euskaldunon Egunkaria jaio zenetik eta itxi zuten arte, eta gero BERRIA honetan kultur kazetari izandako, bene-benetan kirol-kazetari izan nahi duen arren, Juan Luis Zabalaren bizitza? Nartzisismo efektistaren edota talentu faltaren mamuak bakarrik zapuztu zezakeen proiektua. Ez da kasua. Liburuak denetatik du, botika literario oparoak legez, eta ez da falta ezta thriller kutre bat ere, Eneko Aizpuruaren Herensuge gorriaren urtea nobelarekin (Erein, 2013) zenbait antzekotasun aurkeztuz, agerian bada ere.

Juan Luis Zabalak XLI. Irun Hiria Kutxa Literatur Saria jaso zuen Txistu eta biok tramankulu literario zoro, erakargarri, ironiko eta desiragarri honekin. Esan dezadan hasteko eskertzekoa dela Algaida argitaletxeak edizio txukuna kaleratzeko egin duen ahalegina, nobela-eguneroko-thriller beltz hau edizio gustagarri batean irakurtzeko aukera ez baita maizegi izaten azkenaldian.

Zabalak azkenaldian hain gaitzetsia izan den auto-fikzioaren (Enrique Vila-Matasen itzala oso luzea da) erritmoak maisuki menderatzen dituela erakusten du liburu honetan. Harekin Donostiako Txomin Enea auzo baztertuan kasik kasualitatez bizi den Txistu txakurraren konpainia noblean, alter-egoa-ren ifrentzu ez gizatiarra, ibilera kulturalak, existentzialak eta politiko-soziologikoak kontatuko ditu, lehen pertsona zintzo bezain iruzurtia erabiliz, proiektuaren eraikitze prozesuaren berri ematen duen bitartean. Tour de force egozentriko, kultu eta kutre horretan murgilduko du irakurlea, azenario existentzial bati itsatsita, egileari hain gustuko zaizkion gaiak jorratuz: euskal kulturaren egoera patetikoa (“Kultura, egun eta hemen, hamarretik bederatzi eta hiru laurden gutxienez, merkataritza, turismoa eta erakunde ofizialen propaganda da…”), euskararekiko tabuak (zein nekeza den euskalduna zein erdalduna izatea —Zelaia igeltseroaren ahotsean—), gatazkaren auzia distantziaz begiratuz edota immigrazioari buruz zenbait herritarren benetako izuak agertuz, besteak beste. Zabalaren pentsamendua ez da politikoki zuzena. Eta horretan bidaide du Lisa Beitia pertsonaiaren eguneroko paraleloa.

Radio Marca entzuten ari zela izan zuen Zabalak Saramagoren heriotzaren berri. Nolabaiteko distantzia hartu du jada kulturarekiko, eta beren burua aldatu ezin dutenean, kulturaren bidez gizartea eraldatu nahi duten sortzaile guztiekiko. Realzale porrokatua da, kulturzale baino gehiago. Bainarik jartzekotan, egileak luzatutako desafioari jarraiki, “ondo prestatua bainago kritikarik suntsitzaileenak ere neureganatzeko”, euskal kulturako zenbait pertsonaiari dien larregizko miresmena, eta jokoa ematen duten arren, demasezko aipuak, zenbait aitaponteren larregizko pisua liburuan.

Juan Luis Zabala beti euskal idazleen tropelean kokatu izan dute; apika kultur kazetari gisa izan duen identifikazioak ez dio asko lagundu. Nago oraingo honetan eskapada onean sartu dela, barkatuko didazue erkaketa erraza, eta lasterketa buruan jartzeko aukera profitatu duela, betiere Txisturi esker. Txisturik gabe, bere txikitasunean handi den esperimentu hau ez bailitzateke posible izango.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak