kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Errudun / Eric Dicharry / Maiatz, 2016

Erritmo bizi hori Igor Estankona / Deia, 2016-05-28

Sarako aurtengo idazleen biltzarreko harribitxia, Maiatzek soilik argitara dezakeen mainstream-etik kanpoko liburua, poesia ia automatikoa dakarrena, dena iragarkia, dena hitz jokoa, dena ingelesa eta hiztegi onirikoa, Eric Dicharryk erakutsi digu maskarada ez dela kontrolatzen duen bakarra, badakiela, horratio, nola egin beat poesia beat izan barik.

Eric Dicharry (Baiona, 1969) ikerle eta artista da. 1995. urtean hasi zen maskaradak aztertu eta bizitzen, tesia ontzeraino: Du rite au rire (Erritutik irrira). Eta, paradoxikoki, Errudun honek badauka erritotik zer edo zer, umoretik ere bai: “…gelditasunak drama deusezten duela esatea,/ gerta litekeena mugagabe bihurtzen duela hausnartzea/ testu bat kultura ezberdinetako idazketa ezberdinez/ osatua zegoen esaldia ulertzea,/ Berlingo Kule aretoan irakurtzea,/ giza-borondateak,/ kontrolagaitzak diren elementuak,/ zarata kulturaren esparrura ekartzea,/ ezer ez egitea musikariek egiten duten zerbait izan/ daitekeela igande goiz batez esatea,/ Sarako onddo beltzak perrexilarekin,/ egun batez, Arzak deitzen den jatetxean berriz/ bazkalduko dudala pentsatzea…” eta horrela doa Dicharry, unibertsalki euskaldun, gramatikarik gabe eta erdi haluzinaturik, poesia fresko bat eginez, liburu zail bezain txundigarri honetan.

Hormatik hormaraino (2012) eta After Bansky (2015) plazaratu zituen idazleak ez du galdu beraz bere kolpea. Kolpe hori oinarritzen da trantze poetiko batetik, non poesia den errepikapena, letania, prosa, publizitatea, telebista, ingelesa, frantsesa, dena. Betetasun hori kasik absurdu bihurtzen da liburu honetan, edo ametsak, lilurak. Berak esana da gaur egun poesia ez dela ahozkotasunetik pasatzen, “kantarien ahotatik pasatzen, liburuak diren hilkutxetan geratzen da. Baina isiltasuna munduak zabaltzen duen zarata infernutik modara itzuliko da”.

Rimbauden antzera dira Dicharryren iluminazioak, baina Jim Morrison edo are Scott Fitzgeralden mozkorraldi literarioak ematen dute askotan bere poemek: “Besteen sufrimendua/ Urinated/ Fede ona/ Urinated/ Balio errebolta/ Urinated“. Azaleko zerbait irakurtzen ari zarela irudituko zaizu uneka, baina liburua oso serioa da, garai zoro hauek merezi duten tratamendu zatikatua eta kaotikoa daukate piezek ere, iritsi nahiko balute bezala existentziaren absurdua edo autoen abiada funtsik gabea. Edo bere hitzekin esateko, bulkadei jarraitzen die: “Hizkuntza arrotza bilakatzen ari da eta horrek ez du euskara edo erdararekin harremanik, lengoaiarekin baizik. Lengoaiak ahotik ihes egin du. Gorputzari gelditzen zaizkion gauza bakarrak entzumena eta ikusmena deitzen dira. Testuaren gainean dagoen diskurtsoa errege bilakatu da. Gero eta artikulu motz edota 2.600 karakteretako kritika literarioak gehiago irakurtzen ditugu baina nortzuk joaten dira egiazko testuraino. Eta testu baten parean garenean nortzuk dituzte ondo sakontzeko beharrezkoa diren burmuinaren une libreak”.

Horregatik gonbidatzen zaitut hiru mila karaktere eskaseko kritika hau ahaztu eta Dicharryren azkena irakurtzera. Hasieran irudituko zaizu baietz, baina azkenerako, ulerturik bere helburu estetiko-poetikoa zein den, ez zaizu batere damutuko.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak