kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Kadrila alegera festan da / Jose Enrike Urrutia Capeau / Pamiela, 1988

Oso gauza serioa Aritz Galarraga / Argia, 2016-05-29

Bainaren belaunaldiaz ari dela, hauxe dio Beñat Sarasolak: “Ez zuten inolako beldurrik edo lotsarik nahi zutena idazteko”. Orain ez bezala, kontsentsu denen aurrean bainak jartzeko prest zeudela, alegia. “Askatasun handia sumatzen dut testu haietan. Nahi dutenaz idazten dute, eta nahi duten tonuan”. Ubera hori hartuta esango nuke dagoela idatzita Kadrila alegera festan da. Delako balazta, miramendu, errespeturik gabea. Guztiz askea. Eta aipatuko dugu, bistan da, egilea. Baina, liburuan bertan ohartarazten zaigun gisan, “ez galda nor den errailea, baina errana har ongi gogoan”.

Errana, beraz, zertan den: “Kadrila alegerak egun hautan egin gogoeta zoin burutazio”. Hizkera samurragora ekarriz: broma handi bat. Biltzen direlako Tartas, Gazteluzar, Harizmendi eta abarrekoak, Bertrand de Etxauz apezpikua bera. Kadrila osoa, alegia —edo ia: “Aita Larramendi ez zen izan gonbidatua”—. Eta biltzen direlako orriotan ustez horiek guztiek idatzitako permisioniak, irakhurtzaileari oharrak, ipuin, poema, sermoi, berriketa eta abarrekoak. Denak ere aski falozentrikoak —ez bakarrik irudiak; eder askoak horietarik gehienak—. Batzu-batzuk puskaz androzentrikoak: “Jinkoaren semiak, jujamendu emanen du faborable senarraren alde, emaztiaren kontra”. Emakumea, alegia, ez dela Etxepareren Emazteen fabore hartakoa bezalakoa: “Gizona eta emaztekia gudukan, liskarran, disputan, erreiertan bizi dira, gizona sortuz gero mundu hontan”. Baina, alea bihitik bereizita —“ene izkiributarik azal eta kanpoko den oro, bazter eginik soizu barrenagorat”—, liburua da benetan barre emangarria. Mongongo Dassantza agertzen da, esaterako, “enitxetan ekhartzen duela bere belhar eta onddo hautuenetarik”. Auskalo orriok ere izan diren horien eraginpean idatziak.

Ikusirik nor den izkribatzailea (Jusef Urruty-Borde), nor den irudigilea (Enry Kapondes Spondanus), ez da erabat okerra ondorioztatzea liburuaren egilea dela Jose Enrike Urrutia Capeau. Edo egile nagusia, liburuan zehar agertzen baita, marrazkitua behintzat, kadrila bera. Ez zehazki Bainaren belaunaldikoa —nahiz Pott taldearen bueltan ibili zen, adibidez, Capeau—, baina bai akaso garaiaren izpiritua arnasten duena. Liburua 1979an argitaratu omen zen, nahiz hemen darabilgun bertsioa den 1988koa. Idazle partikularra Capeau. Haren idazkera du seinale. “Idazteko zaletasuna hizkuntzatik etorri zait, ez neurri berean literaturatik beretik”. “Neuk ere nahi dut Borgesek bezala egin…”, ez. “Nire kasuan hizkuntza izan da. Han eta hemen ikasitako moldeak nahastea-eta. Jolas hori”. Jolasa, beraz. Broma handi bat, esana dugu. Eta broma handi guztiak bezala, oso gauza serioa.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak