kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Parranda / Eduardo Blanco Amor (Ramon Etxezarreta) / Igela, 2015

Gainbehera dator dena Aritz Galarraga / Deia, 2016-04-30

Galizian argitaratu ezin —zentsura ez zuen pasa—, eta Argentinan publikatu behar izan zen A esmorga, 1959an, Eduardo Blanco-Amor idazlearen eleberririk entzutetsuena. Eta 36ko gerra ondoko panorama literario galegoa berritu zuen lanik garrantzitsuenetakoa. Motiboak baditu horretarako: narrazio teknika original eta, kontatzen zaigunerako, ezin aproposagoa —Cipriano Canedok edo Cibranek edo Castizok, dei diezaiogun nahi bezala, epailearen aurrean eginiko deklarazioa da dena, lehen pertsonan, are epailearen galderak desagerrarazita: epaitua aurretik dagoelako jada kondenatua?—; protagonisten aukeraketa —oraintxe aipatutako Castizo horretaz gain, Ahohandi eta Milagizon, hirurak ere pertsonaia marjinalak, maila sozial apalekoak, analfabetoak, alkoholikoak—; homosexualitatearen tratamendua —“nik jakin ezin izan dudana da Ahohandik bestea profita zedin edaten ote zuen ala Milagizonek edanarazten zion probetxua hartzeko”—; biolentzia instituzionala —epaileak eta Guardia Zibilek gure protagonistengan deskargatzen dutena; eta, zalantza gutxi, eleberriaren zentsuratzean pisu handia izango zuena—; klase apalen hizkera islatzen duen hizkuntza erregistroa —euskarazko itzulpenak era berean jasotzen duena: adibidez, hitz arruntak, esaldi eginak eta abarrekoak erabilita—. Labur: garaiari aurre hartu zion eleberri baten aurrean gaudela, gaur egunean halaber irakurgarri askoa egiten dena.

Eta Castizoren ahotik ezagutuko dugu parranda. Parranda baino gehiago gainbehera, deskalabrua, neurrigabekeria. Eta ezagutuko dugu guzti-guztia, xehetasunik txikiena, epailea gogaitzera iristen dela —edo gogaitzera iristen dela intuitzen dugula: “guztia esan behar da, begiratu batera asuntokoa ez badirudi ere”—. Lanera bidean lasai antzean omen zihoala, bi lagunak aurkitu zituela, dagoeneko parrandan zeudela, eta hortxe abiatu zela bukaeraren hasiera, zoritxarraren atzetik zoritxarra. “Edanetan ito behar genituenak gero eta handiagora zihoazen”. Pasatzen diren leku guztietatik behartuta daude ihes egitera. Burdel, jauretxe, taberna, upategi. Atzean uzten dituzte haserre, jipoitu, berdin gorpuren bat halaber, tarteka. Lastima bakarra du Castizok, ordea, hain zuzen formaltzeko asmoa zuenean gertatu zirela: “Hondamendia atera zitzaidan bide erdira zoritxarreko haien laguntzan eta sekula egin ez eta pentsatu ere ez nituen kontutan sarturik nengoen (…) gizon zintzoa izatea erabakitakoan, justu praktikan jarri behar nuenean”. Narrazioa momentuka da barre-egingarria, momentuka da negar-eragilea, baina momentu oro da aurrera egiteko gonbita, parrandalari horiekin batera aurrera egitekoa. “Lagunekin habilenean, gauzei utzi egin behar zaiek joaten errematera arte”. Eta errematea, derrigorrean, da tragikoetan tragikoena.

Ramon Etxezarretaren itzulpenean, antza 1989tik egindakoa —kredituetan ezagutu dugu datu harrigarria—, pozteko modukoa da Parranda argitaratzearen berria. Auskalo orain pelikularen aitzakian, baina, pelikularik ikusi gabe ere, gozatuko dugu liburuaren irakurraldia.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak