kritiken hemeroteka

8.684 kritika

« | »

Lili eta biok / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2015

Lili eta Saizarbitoria: izanak izena Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-03-27

Ezin dugu inor engainatu: izen handiekin, berdin kirolari zein artista, listoia igo egiten dugu. Gehiago eskatzen diegu besteei baino, eta azkar, azkarregi hasten gara egindakoaren errelebantzia historikoa zein izan daitekeen pentsatzen —Martutene erraldoiak, eta ez naiz fisikoki ari, eragin zituen aieruak dira horren lekuko—. Eta, horrela, Lili eta biok kalean dela, ez da harritzekoa inork konparaziora jotzea. Baina arteak ez ditu ez mugak ez sailkapenak maite.

Ramon Saizarbitoriaren azken eleberriak kontatzen duen istorioa ikaragarria da —aberatsa, eta gogorra ere bai—. Bi ildo batzen ditu: Faustino Iturbe protagonistari gertatzen zaizkion gauzena batetik, eta bestetik Iturbe bera, idazlea izaki, idazten ari den eleberriarena. Maisuek dakiten eran uztartzen ditu egileak ildo biak. Labur esateko, Faustinoren bizitzaren partea existentziaren eta maitasun harremanen ingurukoa da batez ere: eremu horretan presentzia daukatenak dira, besteak beste, bere bakardadea eta gaixotasuna, Ana adiskidea eta Lili neska koskorra. Idazten ari den eleberria, berriz, Gerra Zibilaren garaian Otzetan gertatutako istorio zirraragarri eta latza da. Eleberriaren hasieran elementu txikiak dira bi lerroen arteko lotura egiten dutenak: adibidez, idazlea Ondarretan dagoela, txakurrak edo kartzela zenaren harriak gertatzen zaizkio Faustinori ildoak lotzeko aitzakia (“corp conducteur“). Aurrera egin ahala hari bien joskurak oihal trinkoa osatzen du.

Batasun orokorrari idazleak detaileak zaintzeko daukan abilezia gehitzen zaio. Ez zait gehiegikeria iruditzen esatea eleberrigile errealista handien pareko ahala agertzen dela hor: hain da sendoa sarea, hain tupitua eta solidoa, ezen une batetik aurrera istorioa begien bistan eduki dezakezun. Aberastasun aparta dago hor, irakurketa etengabe haztera eramaten duena.

Idazleak irakurleak espero ditzakeen aukeren horizontearekin jolasten du. Informazioa dosifikatuz, horizonte hori etengabe aldatzen da, irakurleak dakiela uste duena kolokan jarri eta trama koska bat gehiago bihurrituz aldiro; eta, horrela, amaieraraino. Egia da, bestalde, pixka bat sinesgaitza ere badela protagonistari gertatzen zaion kointzidentzia mordoa.

Tramaren ildo nagusi biei lotuta, eleberri historikoaren eta psikologikoaren ezaugarriak ditu Lili-k. Horrez gain, Saizarbitoriaren obra ezagutzen duenari ezagunak egingo zaizkion osagai asko dauzka, hala tematikoak —Gerra Zibila, memoria historikoa, errua, sexua, etab.— nola formalak —kutsu zinematografikoa, karga psikologikoa, patetismoari loturiko umorea, etab.—.

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi estiloa dotorea bai, baina irakurlearentzat zaila ere badela: batetik, protagonistak —oso neurotikoa— askoz denbora gehiago pasatzen duelako pentsaketan, ezer egiten baino; eta, bestetik, narratzaileak detailismo ikaragarriz jorratzen duelako edozein gai. Ondorioz, tenpoa asko mantsotzen da. Gehitu horri esaldien luze eta konplexua.

Ez gaitezen inor engainatzen saiatu: Ramon Saizarbitoria ezin dugu irakurri Ramon Saizarbitoria ez balitz bezala; izena hor dago. Baina egileak, beste behin, egozten diogun mailako lana argitaratu du: eleberri oso ona da Lili eta biok. Esaten dutena esaten dutela, izanak egiten du izena.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak