« Kala-beruna txikia | Azalaren azpikoa »
Sumisioa / Michel Houellebecq (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2015
Jainkoa hil da, biba jainkoa! Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-02-16
Ez naiz heldu, naski, deus berririk ekartzera. Munduko, hala nola euskal iruzkingileek lehenago idatzi dute Sumisioa eleberriaz. “Dekadentzia gaur da” idatzi du Hedoi Etxartek. Hasier Rekondok berriz, “Paranoia sentibera”. Horra hor! Horiena irakurriz gero, aiseago endelegatuko duzue enea. Nihaurek deus ekartzekotan, usaian bezala, inpresio zenbait:
Lehenik eta behin (1), Gerardo Markuletaren euskarazko itzulpena irakurri dut, aise irakurri ere. Beharbada, iritzi taxuzkoago bat eman ahal izateko, jatorrizko hizkuntzan irakurri beharko nuke. Nobelaren literatura tasunaz ari naiz bereziki. Euskaraz irakurrita, agian, literatur zertzelada batzuk baino ez dizkiot dastatu. Gustu kontua izanen da —euskal literaturaz landako mozkina gutxi dastatzen dut, eta ezin iritzi taxuzkorik eman—, alabaina, gure puntako literatur idazleak aise “literatura emankorragoak” —sortzaileagoak, irudikorragoak, iradokigarriagoak…— sumatzen ditut Sumisioaren sortzailea baino. Nire irudimen kontua izan daiteke, prefosta. Nolanahi den ere, ene eskerrik bizienak Gerardo Markuleta idazle/itzultzaile prestuari eta Meettok argitaletxearen kudeatzaile Ramón Etxebeste kartsuari.
Kokapenaz eta funtsaz (2): Sumisioa eleberria 2022ko Frantzian kokatuta dago. Nobela post-apokaliptikoa eta ukronikoa da, distopia kutsua dario, gustuak gustu, usteak uste. Frantzia laikoa izandakoa erlijioaren aro berri baten atarian dago, eta jagoitik edota ezinbestean, herrialdeko politikaren bilakabidearen ondorioz, Mahoma profetaren bidean barrena egitea baino ez zaio geratzen, hots, islamismoaren ildoan. Judaismoaren eta kristautasunaren ondoko aro bat datorkie frantziarrei —Michel Houellebecq idazlearen menturan edo desbenturan—, katolizismoa “gainditu” zuen jendarteak islamaren doktrinaren “menpe” bilatu du jainkoaren sosegua. Alta bada, ba ote komunitate politiko sozialik erlijiotik landa. Nekeza dirudi. Antza, jainkoaren ideien menpe bizitzera “kondenatuta” gaude mundutarrok.
Erlijioaz eta politikaz (3): Erlijio eta politika txanpon beraren bi bisaiak ditugu, horiexek ditugunez. Politika mamitu eta gidatu behar duten ideologiak “hutsalak” bihurtuz gero, erlijioa jabetzen da jendartearen eta jendearen kontzientziaz. Konparazionera, arrazismoa edo sexualitate-espresio anitzen aurkako errepresioa areagotzen da sistemetan, dela kapitalismo, liberalismo, sozialismo edo komunismo ereduetan. Houellebecq-en nobelan, frantziar gizarteak —eta mendebaldeko oro bat— erreka jo du. Jainkoa hil genuelakoan (Nietzsche, gogoan) gure baitan bizi da, izan baitira jainkoa bizirik bizi direnak: Allah jainkoa bere baitan daramatenak.
Historiako iraultza eta emakumea (3): Hainbat iraultza eman izan dira “giza” historian, klase arteko erreboltak eta menpekoen aldeko iraultzak gutiz gehienak. “Andre” iraultzarik eman denik ezin uka, haatik, XXI. “gizaldian” mendebaldean ematen ari den tamainakoa ez, erran dezaket ene jakituri motzean. Iraultzetan hildakoak izaten dira, eta honetan ere, horren lekuko, ia-ia egunero emazteak hilak dira “gizonon” eskutik. Izan ere, zibilizazioen talka bizirik dago, generoen talka barne. Baita klaseen talka bizi-bizia ere. Frantzia, kasurako, gerra zibil “berri” baten atalasean dago. Nobela, horretaz ari den? Zeharka-meharka, baietz erranen nuke.
Sumisioa da hitz nagusia (4): Nobelaren izenburuak hala dio. Estatuak, Elizak eta hedabideek —hedabide nagusien nagusiek— mundu sumiso edo menpeko bat elikatzen dute. Sumisioa nobela frantses gizarteko dekadentziaren miraila da. Michel Houellebecqek islatzen duena “nazkagarria” dateke, areago, “laidogarria” izan daiteke ere. J. K. Hysmansek iraganean ereindakoak bazka izaten segitzen du eta. Gustuak gustu, aburuak aburu, batzuentzat laidoa dena laudoa izan daiteke beste batzuentzat. François edo Marie-Françoise nobelako protagonistentzat, UMPko, UDIko edo PSko izan, bakarka edo bateratuta —François Bayrou pertsonaia txotxongiloaren bitartez parodiatua—, ideologiak amalgaman batera daitezke, baita doktrina islamistarekin —koktelean— bateratu ere. Izan ere, Fronte Nazionalaren (FN) asmoak zapuzteaz tratatzen denez, haren kontrakarrean edozein jendarte mota justifikatu daiteke. Jendarte eroria, goibela eta karkaila ere balekoa da FN lependar gaiztoa eta txarraren aldean, baita, islamak praktikatzen duen jainkoarekiko —zakilduna betiere— gizarte sumisoa osatzeko badarik ere.
Galderak eta gogoetak (eta 5): Literatura taxuzkoa bada, galderak proposatu edo iradoki behar omen ditu. Nire uste apalean (liburuaren itzultzailearen modura ni ere, apal-apal) liburu ukronikoa izanagatik, galderak eta erantzunak eskaintzen dizkigu eleberrigileak. Badu literaturarik, stricto sensu erranik, baina bereziki eta oroz gainetik, nobela izatekotan, nire gusturako, filosofiaren eta Frantziako historiaren irakastaldi paregabera da. Batzuentzat nobelak islatzen duen egoera negargarria da, baina ez hain negargarria besterentzat. Jainkoak jainko, klaseak klase, generoak genero, gustu kontua hori ere. Dena dela ere, Sumisioa frantziar jendartea ezagutzeko baitezpadako nobela da —edo dateke—.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo