« Leiala | Jainkoa hil da, biba jainkoa! »
Orain hilak ditugu / Karmele Jaio / Elkar, 2015
Kala-beruna txikia Alex Gurrutxaga / Berria, 2016-02-14
Orain arte prosan jardun du Karmele Jaiok, hala eleberrian nola narrazioan. Orain hilak ditugu da, beraz, gasteiztarraren lehenengo poema liburua.
Nitasunetik idatzitako poemak dira liburu honetakoak, eta niaren desziurra, kezkak eta irrikak dira ardatz. Hilak —hurre— edukitzeak helduaroari eta bizitzaren gorabeherei egiten die erreferentzia; hor azaleratzen dira desira, minak, beldurrak, oroitzapenak. Lau atal dauzka liburuak, eta azken atala da, beharbada, finena: iluna, baina amaiera baikorrarekin.
Poesia lirikoa da Jaiorena: barne-bizitzaren eta sentimenduen adierazpena da haren funtsa. Garbi ikusten da hori espazio poetiko nagusietan: itxiak dira, etxea agertzen da unibertso gisa, eta eremu intimo horretan azaleratzen dira ni poetikoaren sentimenduak —Nire herria poema da salbuespen aipagarriena, poema indartsua—. Mikrohistoria da egileak aldarrikatzen duena, eguneroko bizitza ohikoaren epika txikia. Eta, historia txiki horretan, emakumea nabarmentzen da batez ere.
Bestalde, ni poetikoaren ahotsak zerikusi gutxi dauka Lizardiren, Xalbadorren edo Leteren jarrera antzaldatuarekin; lirika xumea da hau, eta poetaren ahotsa ez da indartsu eta irmo agertzen, ahots apalez eta gertutik mintzatuz baizik.
Eragozpen handi bat dauka liburuak: irudi politak edo iradokizunez beteak sortzen ditu egileak, baina haien garapen poetikoa oso juxtua da. Asetzaileak gerta daitezke Mitxoletak, Harmonia, Lurra bion artean eta Hildakoekin doazen zapatak poemak. Aldiz, huts egiten dute Etxeko zapatilak, Tantak, Izarak eta Kanpaitxoa poemek. Ideia esanguratsua bai, baina poema egin gabea: konstantea da arazo hori. Sentimendua bideratzen duten irudi ederrak aurkitzen ditu poetak, oso eraginkorrak izan daitezkeenak barne-munduaren errepresentazio poetikorako. Horretan begirada oso trebea dauka egileak. Gero, ordea, gutxitan garatzen da poema sakoneran; irudiak luzatu egiten dira, eta poemaren dimentsioa nekez hazten da. Inork aipa lezake sotilaren bilaketa, edo txikitasunaren poesiaren izen gorenen bat —hala nola Szymborska, edo azken aroko Gamoneda, Jaiok berak liburura dakarrena eta heriotzaz hain maisuki idatzi duena—, eta apika iduri luke gisa horretako poesia egitea errazagoa dela. Baina ogiaren eta arrainaren parabola jakin beharrik ez dago uste okerra izaten ohi dela konturatzeko, poesian bederen: gutxirekin asko egitea askorekin asko egitea baino zailagoa da.
Analogiaz eraikitakoak edo narratiboak dira poema gehienak —“oso ipuin modukoak”, egilearen hitzetan—, eta narratiboak direnetan garapena tenporala da batez ere; hau da, luzeka, ezen ez barrurantz. Adibidez, maiz ikusten da poemak ixteko joera, dela lerro borobil bat dela erremate modukoa jarriz (adibidez, Perla-n eta Dekoratua-n). Hizkera poetikoa soila da oso, ongi bat egiten duena ni poetikoaren tonuarekin; troporik ez dago ia, eta erritmoa markatzen duena ez da bertsolerroa, esaldia baizik.
Azken batean, poesia fina da Orain hilak ditugu-koa, baina dentsitatea falta du: irudi politak asko dira, pintzelkada sugestiboak ere ez gutxi, baina indarra galtzen du sakoneranzko bidean. Karmele Jaiok jartzen duen amukoa oso delikatua da ia beti, baina kala-beruna txiki xamarra.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi