kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Europako mugetan barrena / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2001

Europako mugetan barrena Txema Garcia-Viana / Ostiela!, 2002-09

Literaturaren Expressoa Europa 2000 ipini zioten izena —izen anpulosoegia agian—, Europan zehar bertako kultura desberdinetako ehun idazle inguru garraiatu zituen trenari. Gure ordezkaria Edorta Jimenez izan zen, eta han bizitutako esperientziez zein Egunkarira eta Garara bidalitako kronikez osatu zuen bidaia-liburu berezi hau; horrez gain, Europari buruzko zenbait gogoeta eta deskribapen ageri direlarik.

Hitz batez definitu beharko banu liburu hau, neure ustez interesgarri hitza izango litzateke egokiena. Ez dut ukatuko hasiera batean errezelo pittin batekin hartu nuela liburua. Errazegia iruditzen zitzaidan halako bidaia baten ostean, bidalitako kronikak bildu, betegarri txaplata batzuk paratu eta era horretan liburua osatzea. Agian kontu honen azpian inbidia puntua legoke (ez baita kontu makala, bi hilabetetan gure instituzio santuen kontura oporrak pasatzea, txo!).

Deskuidu ederrean egon ni, ordea!

Hasieratik liburuak katigatu egin ninduen. Idazleen arteko harremanak, sexu grinak (sexu ezinak aproposago, zalantzarik gabe), mozkorraldiak, agintarien eta agintariekiko jarrera desberdinak, lekuan lekuko istorioak, Euskal Herriarenganako iritzi eta ikuspuntuak… Denak interesgarriak, denak arrapaladan, bata bestearen ondotik.

Bada guztietatik alderdi bat, nik neure burua idazletzat edo dudan aldetik, bereziki interesatu zitzaidana: Edortak idazleez (orokortasun zabalenaz) eskaintzen digun deskribapena, hain justu ere.

Askotan gehiegi goresten den artista (idazlea kasu honetan) makulagabea eta ia perfektu horren irudia zartatu, eta apur-apur eginda gelditzen da liburuaren bukaerarako. Liburuan —bidaian— zehar, gero eta nabarmenago agertzen zaigu idazlearen benetako izaera: gizatiarrenetan gizatiarrenetakoa ezezik, gizatiar zikoitza, zekena, hantuste eta, gainera, zenbait egoeraren aurrean, gaizki hazitakoa.

Liburu honi ere, beste Europaren ikuspegia ematea eskertu behar diogu: Komunikabideek eskaini ohi diguten moldetik urrundu, eta esperientzian oinarritutako errealitatea eskaintzen diguna. Eta hori, globalizazio eta pentsamendu nahiz informazio bakarreko garai hits hauetan, ez da gutxi.

Egitura aldetik, egunkarietara bidalitako kronikak oso-osorik argitaratu izanak, narrazioaren haria moteldu eta, zenbaitetan, nahastu ere egiten zuen neure ustez. Hainbat ideia, edo pentsamendu alferrik errepikatuak geratzen zirelarik. Era berean, kontaeraren une batzuetan, trena zehazki non zegoen eta nora zihoan ez zegoen oso argi (berriz ere atzera jo behar nuen trena eta bertan zihoan neure burua kokatzeko). Baina, noski, honek ez dio interesgarritasuna kentzen narrazioari eta, irakurtzen ari garela, irakurleok maiz izaten ditugun hutsune edo nahasmendu txikiei ere egotzi lekieke, neurri batean bederen, lehen aipatutakoaren errua. Neu behintzat despistatu samarra banaiz.

Ez da hau erraz ahaztuko dudan liburua. Azken estaziora trena iritsi zelarik, pena pittin bat sentitu nuen. Ni bertan egon izan banintz, atzeko atetik aterako nintzen (ez dakit Edorta nongo atetik irten zen, egia esan) agur esan gabe eta isil-isilik. Ziur asko, hurrengo egunetan zertaz pentsatua izango nuen: neure buruaz aurrena, baina baita ere idazlegoaz, eta gizakiaren izaera ziztrinaz, besteak beste.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak