kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Zure bila itsasoa bidaliko dut / José Luis Padrón / Bermingham, 2002

Zalaparta isila Igor Estankona / Gara, 2002-08-31

Aldarte ona, mozkorraldiak, jolasa, oinazea… era askotako mezuak helarazten dituen liburua da, dudarik gabe, José Luis Padrónen ez-dakit-zenbatgarren hau. Sentipenen aniztasuna kanpora ateratzeko beste idazkera modu batzuk aurkitzen ditu ia beti idazle urretxuarrak. Liburua irakurri ezik zaila da azaltzen, baina nahaste-borraste baten antza dauka, objektuz eta zaporez eta irudiz betetako haur baten lorategiak bezala. Barra-barra darabiltza ordenik eza eta barrokismoa.

Poemen azaleko egituran bertan igarriko du irakurleak mugarri bako eremu batean abandonatu dutela. Puntuazio zeinurik gabeko lerro zoroen itsasoan norberak eman beharko dio garrantzia honi edo hari, norberak asmatu beharko ditu perpausak eta norberak nahastuko ditu, halabeharrez, koloreak ametsekin eta egiak gezurrekin. Aldaketa etengabean dagoen poesia da finean, eta horrek inperfektu bihurtzen du. Inperfektua da, irakurlearentzat osagabea delako, nahiz eta —beharbada— idazlearentzat guztiz osatua eta biribila izan. Inperfektua da, halaber, akastuna delako, faltaduna. Esku perfektu batek gidatutako artista hotzaren idazkeraren kontrakoa da José Luis Padrónena. Ukaezina da orrialdeotan irauli dituela barruak eta horretarako teknikaren gainetik —eta zer esanik ez, korrekzioaren gainetik— egin duela salto. Salto horrek batzuetan ez nau txunditu, baina lurrean uzkurtuta geratzea baino ederragoa iruditzen zait. Poema askok ez naute txunditu, ezin izan ditudalako harrapatu eta zaldi basatien antzera pasatu direlako nire sokaren begian airea bakarrik utziz. Sano poema pertsonalak direla esango luke aitzakia zaleak, baina azalpena hori baino askoz errazagoa dela otu zait. Nire ustez, “Zure bila itsasoa bidaliko dut” eite aske bat da, aldats-behera askatutako zerbait. Eta aurretik pasatu zaidanean marra lauso bat baino ez dit utzi.

Beldurtzeko moduko zerrenden zalea da José Luis Padrón: “etxeko guztien arropa zikina/ pentsionisten kinielak/ ministroen automobilak…” eta bizitzaren zati absurdu guztiok biltzeko nahiak bultzaturik idazten du, horrek zentzua emango balie bezalabeste aldean dauden beste zerrenda oraindik beldurgarriagoei: itzalak, itsasoa, amodioa. Ekidin ezinezko talka horretatik sortzen da bere paisajea, sortu ere. Lehen aipatu dugun haurraren lorategia danteskotu egiten da. Danteskotu eta samurtu ere bai, neurri batean, irudien mosaiko aberatsak eta puntuazio zeinuen peituak halako mozkorraldi gozo bat sorrarazten dutelako, gizakion apurkortasunaren kontzientziara hurbilduz.

Hanka barruraino sartzeko arriskua gure gain hartuz, esango dugu gauzen aldakortasunari zor dion beldurrak gidatzen duela idazlea: “Eta egia da denbora azkar joan dela/ bizitza osoa eman dudala/ horretan (…)”. Maitasunaren balantzari buruzko liburua da, eta egoera hori deskribatzeko beharrezkoa den malgutasuna surrealismoan bilatzen duena. Denboraren abiadurak desiraren eta ezinaren arteko talka dakar. Lur gaineko izaki guztiok dugun duda isila azaltzen ahalegintzen da José Luis Padrón, beste behin. Galdera handiegia izanagatik, ia beti eta ia poema liburu bakoitzean dago asmo hori. Honako hau bilaketa norberekoia da, inoren bakoizkeriak atsegin dituen irakurlearentzat.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak