kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Koldar hutsa zara / Aritz Gorrotxategi / Erein, 2015

Gainbehera harilkatuak Hasier Rekondo / Berria, 2015-11-01

Aritz Gorrotxategik (Donostia, Gros auzoa, 1975) genero ezberdinak jorratu ditu, dagoeneko maila gorenenak erdietsi dituen literatur ibilbidean: gidoia, poesia (Zaldi hustuak, eta Hariaz beste gogoangarriak, besteak beste) eta prosa (Galtzontziloak autobusean zintzilik, Kearen truke eta Axola ez duenean nobelak. Nire aburuz, poesiaren esparruan eman du mailarik altuena orain arte, elipsiaren eta edukiaren arteko erabilera ezin landuagoaren jabe.

Bere laugarren nobela honetan, Koldar hutsa zara (Erein, 2015), iragan mendeko 90eko hamarkadan kokatutako belaunaldi oso baten eta testigantza pertsonal baten hariak uztartu ditu, desengainu pertsonal eta politikoaren testigu bilakatuz Krapula izeneko tabernaren inguruan bildutako oso ezpal ezberdineko pertsonaiak. Literatur grinez eta bestelakoez ase ezinik, Peru pertsonaia-alter egoaren inguruan ainguratutako estereotipoak baliatzen ditu ikuskera filosofiko, emozional eta politiko ezberdinen oihartzun izan daitezen. Friedrich Nietzscheren irakurketak eta pentsamoldeak erabiliko ditu Peruk, arranoaren antzera artaldetik at hegaldatzeko: “Nik arranoaren pare izan nahi nuen, errukia eta lotsa atzean utzi, artaldearen gainetik igo”. Alde horretatik, kontrakoa lirudikeen arren, ideien nobela baten aurrean gaude, anekdotaz mukuru apaindutako hari narratibo ezberdinen gaindi.

Horrela bada, nobelaren lehen partean, Peruren ahoan eraikitako iniziazioko bidaia nobela koral bilakatzen da. Askotan pertsonok ere estereotipo huts bilakatzen garen arren, nago indarra kentzen diola narrazioari pertsonaiak ideien-estereotipo izateak, Gorrotxategi beraren alter egoa litekeen, baina aldi berean ez den, Peru eta haren familiaren gaineko zenbait kontakizun salbu. Egilea lar arduratura dago kontu askoren arteko ikuspegi historiko-filosofikoak emateko, poesian hain maisuki erabilitako elipsiak soberan zaizkio eleberri honetan: dela egoera-soziopolitikoa, dela idazle izateko desioa, dela pornografia, dela homosexualitatea, dela juduen aurkako jazarpena, dela bigarren Munduko Bigarren Gerratea… Bigarren partean, ordea, Peruren gainbehera erabat gauzatu denean, Gorrotxategik une narratibo lortuenak eskaintzen dizkigu, pertsonaia nagusiaren koldarkeriaren oskola profitatuz, egunerokotasun itogarri eta sinesgarri baten kronika ederra erdietsiz. Peruren gainbehera pertsonal horretan, artaldeko pieza koldar bat bihurtuta jada, bizitzaren garraztasuna bera bilakatuko da protagonista.

Estiloari dagokionez, poesiaren esparruan maisuki trebatutako egilea estilo estandar eta irakurterrazaren alde lerrokatzen da, gidoigintzan aritutakoaren ajeak nonbait. Nolanahi ere, hari narratibo etengabeak segitu ahal izateko, kasik ezinbestekotzat jotzen da estiloaren arintasuna eta gardentasuna. Arestian aipatutako elipsiaren falta nabaritu dut gehienbat, pertsonaia mukururen ikuspuntu eta bizitza ibilbide ezberdinak eragindako presioaren eraginez apika.

Liburuak duen gauzarik onena artalde literariotik eta politikotik at ibiltzeko gogo sutsu horri dagokio. Nobela ez baita lerrokatzen Euskal Herriko gatazkaren gaineko “errelato” ofizialarekin. Gorrotxategi ez dator bat inongo joera literario edota politiko hegemonikorekin, izugarri eskertzen zaio politikoki batere zuzena ez izatea.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak