kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

1914-1918. Lekukoak / Patri Urkizu / Maiatz, 2015

‘Concerte pour le main gauche’ Edorta Jimenez / Deia, 2015-09-19

Gerrara eta gerraren ondorioetara denok egokitu behar. Baita musikariak ere. Hala danbada-hotsez gortuek nola lagunen ezbeharrez bihotza zatiturik dutenek. Halaxe gertatu zitzaien Paul Wittgenstein (1887ko maitzaren 11 – 1961ko martxoaren 3a) piano joleari, batetik, eta Joseph Maurice Ravel (1875ko martxoaren 7a – 1937ko abenduaren 28a) musikariari, bestetik. Ukrainian 1914an zauriturik, ezker eskua kendu zioten Pauli. Haretxek eskatuta, 1931n, Concerto en ré majeur pour la main gauche (Pianorako kontzertua re minorrean, ezker eskuarentzat) idatzi zuen Mauricek.

Euskaraz Gerra Handia zein Guda Nagusia izenekin aipatu ohi dugun hartatik sorturiko istorio hunkigarria da hori, zinez. Kontzertuaren estreinaldian zenbait urte lehenago danbada-hotsak bertatik bertara ezagutu dituztenak pianoari adi irudikatzen ditut, entzule, delako pieza etxean entzuten dudan artean. Ehun urte igarota, haiek senti zezaketen huraxe sentitu nahi nuke. Ederra da piano pieza. Emozioen aldetik Gerra Handiaz dudan sentipen abstraktuaz alderaturik, beste lekukotasun bat baino ez da, ostera.

Patri Urkizuk (Lezo, 1941) Paul Wittgenstein, Maurice Ravel eta Roger Désormière, azken hau orkestra zuzendaria, batera eta hiruren artean pianoa dutelarik ageri diren argazkia ipini du 1914-1918. Lekukoak liburuko azken orrialdean. Horrainoko orrialdeetan beste zenbait argazki, hirurogei testu hautatu eta hitzaurre bat, azken hori bibliografiaz hornitua. Liburua Maiatz argitaletxeak plazaratu du, 2015 honetako apirilean.

Gerrari buruzko xehetaxunak gorabehera, hemen Urkizuren lanari literaturaren aldetik begiratu behar diogulakoan nago. Eta behin horretara paratuz gero, eredu ederrik ez da falta. Berriro aipatu behar ote dugu Urkizuk berak apailatu zuen Jean Elissalde Zerbitzariren LVII.a gerlan? Honetarako apailatzaileak hautatu duen pasarteak liburua osorik irakurtzeko gogoa sorraraziko duelakoan nago. Niri neuri beste lekukoetako gehienek iturrietara jotzeko egarria piztu didate. Ez ditugu guztiak aipatuko baina, adibidez, Domingo Ouret izenekoaren agendako pasarteak ereduzkoak dira, euskaraz literatur-molde horretan bederen.

Ekarpen ederrak egin dizkio Patri Urkizuk euskal literaturari, arlo askotan egin ere. Baita Maiatz argitaletxeak ere. Hau berau, esaterako. Haatik, bien artean liburuari eman ahal izan dioten itxurak biluzik utzi ditu gure kultura eta gure ustezko historiarekiko memoria. Polito jantzitako bi dira horiek, eskuartean dugun honen aldean bederen. Liburu honen beronen edizio dotoreagoa nahi nuke, argazkiak hobeto emanda eta abarrez hornitua. Iparraldera eta Hegoaldera, bietara begirakoa.

Beste edozein gertaerak baino zulo handiagoa. Pirinio mendien alde bateko eta besteko euskaldun multzoen artean. 1914-1918 arteko gerlak eragin zuena. Gehienak Frantziaren aldeko ziren euskaldun haiek zer idatzi zuten irakurtzea, literaturaren zale huts legez, horra zulo hori berdintzearren egin daitekeen urratsa. Tamalez, liburu hau, Maiatz argitaletxearen beste askoren kasuan bezala, Hegoaldean bilatzen hastea, gerlarat abiatzearen parekoa da. Hala ere, abia! Beste Concerte pour le main gauche batera bezala. Merezi du.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak