« “Uskeriak” | Jolasak »
Aprika-ko basamortuan / Augustin Anabitarte / Itxaropena, 1961
Aprika-ko basamortuan Luis Mitxelena / Egan, 1962
Ibiltari ezin egonak izanak gara euskaldunok, itsasoz eta lehorrez. X-XIgn. mendetik hona behinik behin. Baina, ibiliak ibili, ez dugu gure ibilaldien berri emateko zaletasun bizirik agertu. Euskaraz ez, behintzat.
XVIIgn. mendeko Hoyarzabal-Dorreren Ternuako arrutak ez dira sail honetan sartzen, itsasketari lotuagoak baitaude literaturari baino. Eta Mourlane Mitxelenak dioenez, Eusebio Florentino Landartek idatzirik utzi zituen Muni ibai inguruko bidaldiak Mitologiaren laino artean galtzen zaizkigu ia, ez baititu inork berriz aurkitzen. Argitara bazituen, hainbestean.
Arrazoi bide du, beraz, Anabitarte jaunak aurrean daukagun liburu honetan dioenean; Nere ustez, auxe da lenbiziko biaje-liburua euskeraz idatzia. Gogora datozkidanak ez dira liburuak edo, gutxienez, Beribilez esaterako, Euskalerritik edo Euskalerriaren aldamenetik ez dira aldentzen.
Anabitarte jauna aurrenetarikoa izan da euskal eleberria lantzen, berriro ere agertzeko azkenaldi honetan Polirekin. Horrezaz gainera, lehen ere abiatua dugu bestek deus gutxi edo batere ez ukitutako gaiak euskaraz azaltzen: berea da, eta aspaldikoa, Antziñako Olinpiar Jolasak. Eta orainengo honek 1954ean Saharan barrena, Algertik Algera, egin zuen ibilaldi polita kontatzen digu.
Izugarriak eta inor gutxirentzakoak ziren antzina urrutiko bidaiak, bidezkoak nonnahi aurkitzen zituen arrisku galgarriak zirela bide. Orain ez da horrelakorik, gehienetan behintzat, baina ez pentsa orain ere ez dela halako bere gisako ausardiaren beharrik geron etxetik eta sorterritik irteteko. Ostalari, kamioiketari eta gidari beltz edo zuriekin sesioan nahiz hizketa paketsuan aritzeko bada zerbaiten premia.
Eskerrak zor dizkiogu, beraz, Anabitarte jaunari horrelako gaitasunik ez dugunok haren bitartez, by proxy bezala, gerrak oraindik airatu ez zuen Algerian barrena egin izan ahal dugun ibilaldi atsegin honegatik. Lurrak, hiriak, jendeak, ohiturak eta egunoroko gorabeherak ederki eta biziki erakusten baitizkigu sukalde-txoko beroan kuzkurturik gauden bitartean. Eta hitzak aski ez baditugu, hor dauzkagu egileak berak atera zituen argazki argiak.
Geronen txilborrari begira egon ohi garenok izan dugu aldi batez, liburu honi eskerrak, kanpo-alde zabaletan gere burua hegoairatzeko egokiera eta horretarako, hori da gehien balio duena, ez dugu beste hizkuntzetara jo beharrik izan.
Beste ibilaldirik ere badu, eta ez ahal zaigu azkeneko aldiz mintzatu Anabitarte jauna atzerriaz eta atzerritarrez! Horixe eskatzen dio behintzat bihotzez ibiltariari egonean egon dagoen honek.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza