kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Batetik bestera / Eusebio Erkiaga / Itxaropena, 1962

Galdu-gordeko ibillerak Luis Mitxelena / Egan, 1962

Erkiaga lekeitiarra, poesia baztertu gabe, zorionez, eleberriari ekin zionean, ez zitzaigun nolanahi hasi, haizearekin burruka ari dena bezala, ongi jakinaren gainean baizik. Ederki erakutsi du, izan ere, bidean topa zitzakeen eragozpenak menderatzeko tresnez horniturik abiatu zela: lekuko dugu 1958ko Txomin Agirre saria eraman zuen Araibar zalduna (ikus aurtengo EGAN, 87gn. orrialdean) eta, hori aski ez bazen, iaz saritu duten Batetik bestera hau.

Erkiagaren hizkeraz eta idaztankeraz esanak daude sarritan esan behar zirenak oro. Nork ez dizkio aitortuko agerian daramatzan dohai nabarmenak? Hiztun ederra da beti, joria eta aberatsa, eta beste guztiaz gainetik jatorra. Jatortasun hori, noski, hain egoki darabilen jatorrizko Bizkaiko euskalkiari zor dio, hizkuntza zabalago eta osoago baten oinarri sendoa baizik ez bada ere. Ez baitu euskalki hori estuegi mugatzen, zenbaitek ohi duenez. Horrela mintzatzen delarik, zuzen ari da bere herritarrentzat, eta argi eta errazki gainerako euskaldunentzat.

Oraingo eleberrian, Nikanor, behinola Zorrizto izana, hartu du bidelagun Erkiagak, Wilhelm Meister berri baten gisa, eta haren ikasletako eta erbesteko urteak kontatzen dizkigu hizkuntza oparoan.

Nikanor, ordea, gazterik hilko da eta ez da inora helduko. Behar beltzak eta kale gorriak eman dioten hazibide latza galduak izango ditu, bai onerako eta bai gaitzerako. Badirudi onean urteak joan ahala galtzen ari dela, baina gaiztakeriaren bideetan aurrerakada larririk egin gabe.

Eta buruenik, heriotze on batek azken epela ipintzen dio bizitza epel bati.

Horixe da, nik uste, Nikanorrengandik baztertzen gaituena, harenganako interes bizirik ezin dezakegularik senti: ez dugula beragan ikusten bestetarako gaitasunik, grina sutsurik edo ezinezko ametsik. Horrelakoxea zirudien eta horrelakoxea izan da, ez zerurako eta ez infernurako, Garibayren arima bezala.

Nolanahi ere, bidelagun gexa xamar honen gorabeherak ezin hobeki adierazten dizkigu egileak. Eta haren pausoa baldana den bezain bizkorra eta zailua da Erkiagak eleberri honetan daraman ibilera. Teknikaren jabe dugu, eta teknikaren neurriko gaia arkitzea ez du neke izango.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak