« Andre Mari gaztediaren eskuetan | Milla euskal-olerki eder »
Amabost egun Urgainen / Jose Antonio Loidi Bizkarrondo / Itxaropena, 1955
Amabost egun Urgainen Luis Mitxelena / Egan, 1955
Uste ez bezalako aldakuntzak dakartzate berekin urteek. Loidi, aspaldiko ezaguna dut. Haurretandik ez gara elkarrengandik urruti ibili Errenterian.
Orain 25 bat urte, Loidi, nekienez behintzat, mutil zintzo eta saiatu horietakoa zen. Liburuak maite zituen, bai, baina Kimika, Botanika eta antzekoak. Egingo nuen nik ez zuela denbora-paxako huskeriekin asti askorik galtzen … Nik berriz literaturara nuen ixuria. Bestelako zerbait ezinbestean ikusten eta ikasten banuen ere, nobelak eta ipuiak nituen gehienbat eskuetan. Aitortuko ote dut horrelakoak neronek egitea zela ene ametsik kuttunena?
Orain, ordea … Esan beharrik ez jakintza izeneko lan astun, aspergarriak egiten ditudana; etsi-etsian gainera, bestetaz ahazturik. Eta hona non datorkigun Loidi bere lehenbiziko nobelarekin.
Ez nuen oso gogo onez hartu Euskaltzaindiko sariketarako aztertu behar izan nuenean. Nahitaez irakurri beharrekoa izan ez banu, hasiko ote nintzen irakurtzen ere? Artean ezer argitara eman ez zuen autore baten lehen lana, eta polizi nobela, alafede. Ez naiz noski bakarra liburua berehala baztertzen duena, polizi sail horretan, egilearen izena Gomez, Perez edo gisa horretakoa dela ikusi orduko. Eta ez digu artean inork erakutsi Agirre eta Zabala, Gomez eta Perez baino hobeak direnik gai horretan.
Nere ustekabeko poza inori azaldu beharrik ez dut: euskaldun askok, neurri berean ez bada ere, nabaitu baitute bere barrenean. Hona non sortu zaigun bapatean, idazle trebea ez ezik, askozaz gehiago behar duguna: nobelista bat. Ez du saiaketa luzeetan aritu beharrik izan. Badakizki, inon ikasi gabe, nobelagile batek jakin behar dituen gauzarik nagusienak. Pertsonak ederki ikusten ditu, bai barrendik eta bai kanpotik; nork bere bizia du, berez ari dira eta berez mintzatzen, inork behartu gabe. Badaki gertakariak bat besteari josten eta, hori aski ez dela, ederki, arin, zorrotz eta biziro, ematen dizkigu aditzera.
Ezin dezakegu gehiago esan. Lehen urratsetan erakutsi digu Loidik, argi eta garbi, baduela nobelarako dohai berezia, horretarako jaioa dela. Inon ikasi ez duena badakiela esan dugu, eta gehiago ere esango genuke: inon ikasi ez duena eta inon ikas ez zezakeena. Etorri hori berezkoa baita, ez baitaiteke inon aurki.
Ez dut, ordea, horrenbestez esan nahi bertan goxo geldi litekeenik. Arretak eta lanak emango ez lizkioketen dohaiak baditu, baina arretak eta lanak eman liezazkiokete falta dituen gauza asko. Liburu honen akatsak aipatu beharrik ez dago: hain daude axalean. Gaia ahula du: ustekabean sortua izanik, ez guretzat bakarrik, baita egilearentzat ere, ustekabeko sortze horren ezaugarriak agerian daramatza. Lehen lana delako, ohiturarik eza ere nabari zaio, lanbidearen berri ongi ez dakien langilearen ohiturarik eza. Hutsune horiek, ordea, esan bezala, aise bete ditzake lanak.
Lan hori, orain, euskarari berari zor dio. Bidea hain ederki dakienak ez du noski gidari beharrik. Hauxe esatera ausartuko nintzaioke halaz ere: gai egokia, bere gogo-betekoa eta bere indarren neurrikoa, aukera dezala. Oraingoa, sariketa baterako zerbait behar eta, itsumustuan begiz joa izan da: ez bedi horrelakorik gerta hurrengorako. Ez diot esan nahi gai handi, harro eta, esaten den bezala, sakonik hautatzeko. Ez; literaturan ez da handirik eta txikirik, harrorik eta apalik: ona eta txarra besterik ez da. Eta, jakina, noren on, noren gaitz, nafar ardoaren gisa.
Bi hitz, bukatzeko, hizkerari buruz. Jatorra da liburu honetakoa: arina, erraza, edozeinentzakoa, Irigarai jaunak hitzaurrean dioen bezala. Eta erraztasun hori makulurik gabe erdietsi da, orrialde azpiko makulurik gabe, alegia. Baditu, bai, zenbait huts, baina ahalegin gogorrik gabe bazterrera ditzakeenak beste batean.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres