« Dena dela | Pertsonaia aitzakia »
Alter ero / Bertol Arrieta / Susa, 2012
Alter ero Mikel Babiano López de Sabando / hirinet.net, 2015-07-16
Nork ez ditu Youtubeko iragarki laburrak nahitaez ikusi eta entzun behar izan? Bart arreta eman zidan horietako batek, kotxez lanera doan gizon gazte, erdi lokartu eta trajedunaren eguneroko bidaia hitsa erakusten zuen batek, alegia.
Une batetik bestera, gidariak freskagarri bat zintzurreratzen zuen eta, orduan, autoko giro grisa desagertu eta musika alai, neska irribarretsu, itsaso urdin eta oihan basatiak inguratzen zuten gizona. Beste hitz batzuetan esateko, eguneroko errealitate arrunt eta aspergarriak lekua uzten zien protagonistaren fantasia koloretsuei. Argi dago, baiki, iragarkiaren mezua: edan ezazu xxx freskagarria, eta aske izango zara. Zoriontsu izango zara. XXI. mendean.
Aristoteles, Eike von Repgow, Locke, Voltaire, Kant, Marx, Sartre… Asko dira antzina-antzinatik gizakion askatasunaren eta zoriontasunaren inguruan gogoeta egin dutenak, eta ez da honako hau filosofiari nahiz arestian aipatu iragarkiak gure gizarteari buruz adierazten diguna aztertzeko lekua. Aitzitik, nago Bertol Arrietaren ipuinen eredugarri aintzat har dezakegula freskagarriaren iragarkia. Niri halaxe iruditzen zait, behinik behin.
“Askatasuna” deritzonaren konplexutasunean sakondu gabe, libertate egarriari eta metaliteraturari buruzko gaiak darabiltza, funts-funtsean, idazleak Alter ero liburuan. Horrela, nabarmenak dira bertan pertsonaien errealitatea deskribatzeko ahalegina zein, errealitateari muzin eginez, gizarteak inposatzen dizkien dogma eta arauei aurre eginez, askatasun grinak hartaratuta pertsonaia horiek beroriek sortu nahi lituzketen alter ego (“alter ero”) eta ametsezko munduak. Errealitatea eta fikzioa estu-estuki lotuta daude, beraz, Arrietaren narrazioetan, eta errealitatea gailentzen da bien arteko lehia amaigabean.
Agidanez, klasikotzat (zer ez da klasikoa, gaur egun?) jo ditzakegun desio eta pasioak jaso ditu zarauztarrak liburu honetan. Are gehiago, literaturaren eta askatasunaren arteko harremana (zer da bata, bestea gabe?) aspaldikoa izanagatik, XIX. mendeko erromantizismoak, idealismoak eta liberalismoak eragin zuten, neurri handi batean, askatasun indibidualaren eta sentimendu kontrolaezinen aldeko apustu kontzientea Europako idatzizko literaturaren (esan nahi baita, literaturen) esparruan. Testuinguru horren baitan kokatu behar ditugu, hain zuzen ere, Arrietaren ipuinok.
Irakurleak ez du, ordea, kontakizunetan Caspar David Friedrich-en paisaia menditsurik topatuko, hiriak eta teknologia berrien meneko gizarte postmoderno eta laberintiko samarrak baizik. Horrenbestez, azken horiek (gizonezko) protagonisten bizi- pentsa- eta joka-moldeak baldintzatzen dituzte goitik behera, eta haien barne-mundu gatazkatsua azaleratzen dute.
“O, what a noble mind is here o´erthrown!” Opheliak Hamleti buruz esan zituenen bidez interpreta genitzake ipuinetako zenbait pertsonaia. Gehienek, dela eguneroko errealitate ospelean dela literaturari buruzko hausnarketa metaliterarioetan murgilduta, ez dutena desio dute, itsasoko edo, akaso, zeruko arrain izatea. Ezaugarri horrek, askatasun eta abentura egarri horrek, alegia, literatura unibertsaleko beste zenbait pertsonaiarekin parekatzen ditu, denek ere, oso testuinguru ezberdinetan, antzeko gatazka eta zalantzak baitituzte. Horien eredugarri dira, besteak beste, Melvillen Moby Dick, Hesseren Narzis und Goldmund, Collodiren Le avventure di Pinocchio, Huxleyren Brave new world, Lingrenen Mio, min Mio, Zubizarretaren Eztia eta ozpina, Landaren Galtzerdi suizida, Sarrionandiaren Lagun izoztua eta Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak, batzuk aipatzearren.
Bizitza eta askatasun egarria duten pertsonaien zerrenda amaigabea da, zinez, munduko genero eta sistema literario guztietan, eta nago sinesgarriki deskribatzen dituela Arrietak, ikuspuntu naturalistatik urren deskribatu ere, bere sorkariak. Finean, Pirandellok berak nabarmendu zuen ez dela dramarik gabeko pertsonaiarik, eta, nire ustez, behar bezala betetzen dute baldintza hori, Txikira beti hordago! idazlearen lehen ipuin-liburuan baino areago, Alter eroko protagonistek. Bizi beharrean, beren drama antzeztera kondenatuta dauden protagonistek.
Pertsonaien unibertsaltasuna gorabehera, idazleak teknikoki eta estrukturalki ahalegin handia —handiegia?— egin duela iruditzen zait, zenbait teknikak (in media res azpimarratu behar), bat-bateko pertsona aldaketek (adib. ipuin berean 1. eta 3. pertsonak tartekatzea narratzaile berari buruz aritzeko), genero aniztasunak (adib. artikulu zientifikoaren itxurako ipuina) edo aditz aspektu anitzek (adib. ipuin berean oraina eta etorkizuna tartekatzea) testua aberastuko zutelakoan, beharbada.
Niri, bederen, agerikoegiak iruditu zaizkit estrategia horiek, jolasteko eta esperimentatzeko aproposak, baina testu artifizialegien sorburu. Ikuspuntu tekniko huts horretatik aztertuta, gustukoago ditut, linealagoak badira ere, Txikira beti hordago! liburuko kontakizunak eta hizkuntzarekin nahiz egiturekin jolas egiteko modu sotilagoak.
Bestetik, idazleak umorea, tentsioa, elkarrizketen indarra eta beste baliabide batzuk ditu Alter eron bidelagun. Errealismora (errealismo zikinera, neurri handi batean) modu psikologikoan lerratzen denean (adib. By-pass,Ordezko atezainaren balada, Stand by edo Bye ipuinetan) emaitza oparoak lortzen dituelakoan nago, ez ordea istorioek absurdoaren edo esajerazioaren bidetik jotzen dutenean (adib. Un tal Ekain, Ez da zinemazaleentzako herrialdea edo Laurak eta hodei). Nire irudiko, nabarmenegiak dira horrelakoetan idazlearen eskua eta efektu jakinak lortzeko ahalegina.
Narrazio gehienek musikaren, literaturaren eta zinemaren oihartzunak dituzte, eta baita heterolinguismoa edo hizkuntza aniztasuna ere; horrela, euskara nagusitu arren, aise topatuko ditu irakurleak gaztelaniaren, ingelesaren eta frantsesaren zipriztinak.
Laburbilduz, interesgarria iruditu zait, oro har, Arrietak liburu honetan landu nahi izan duen gaia, eta gustatu zaizkit protagonistak eta haien barne-mundu konplexua azaltzeko modua. Halaber, gustatu zaizkit eszenen errealismoa eta indarra; irakurleak aise irudika ditzake, eta haien ernamuina gure gizarteko egunerokotasunean datza, argi eta garbi. Alabaina, testuinguru eta familia ezberdinetan girotuta dauden arren, homogeneo samarrak begitandu zaizkit, narratiboki, istorio gehienak, denek ere alter eroei antzeko ikuspegitik heltzen dietelako. Absurdoaren erabilera ez zait, salbuespenak salbuespen (Ipuin perfektua aipatuko nuke hemen), sinesgarria iruditu, eta esango nuke idazleak konplexutasun eta aniztasun teknikoa erdiesteko —ageriko— ahalegin handiegia egin duela.
Batek daki Cortazarren ipuineko axolotl-arrainen antzekoak ez ote garen, eta, aquarium baten barrunbean, aske izan ginen garai urrun-urrun harekin uneoro amets egiten ez ote dugun. Batek daki de la Barcak (nace el pez, que no respira…) deskribatu zituen arrainak ez ote garen, zurrunbilo baten erdi-erdian betiko lozorroan. Batek daki. Azken finean, ez al dute, Rilkeri men egitera, itsasoko arrainek berek ere zeruan hegan egitearekin amets egiten? Halakoen kontzientzia piztu nahi izan du Arrietak, akaso, Alter eroko kontakizunetan harat-honat igerian dabiltzan arrain haragizko eta hankadunen bitartez.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro