kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Atertu arte itxaron / Katixa Agirre / Elkar, 2015

Bidaia aitzakia hartuta Estibalitz Ezkerra / Gara, 2015-06-06

Madrilen ezagutu zuten elkar Gustavok eta Uliak, artean gasteiztarra musika klasikoaren munduan zebilela. Lehen enkontrutik urte batzuk igaro dira “Atertu arte itxaron”, Katixa Agirreren lehen nobela, abiarazten duen pasartea gertatzen denerako, nahiz eta enkontruaren beraren deskribapena beranduxeago azalduko zaigun. Batek pentsa lezake bikotearen harremana sendotu egin dela denborarekin, ez direla jadanik bata bestearentzat ezezagun, arrotz. Hein horretan, lehen pasarte horretan Uliak buruan duen plana, Gustavorekin batera Euskal Herria autoz zeharkatzea hark bere jaioterria hobeto ezagutu eta uler dezan, elkar ezagutze horretan sakontzeko urrats moduan uler genezake. Azken batean, espiritu horrekin abiatu ohi dira errepidea ardatz duten bidaiak eta haietan oinarrituriko kontakizunak, Uliak azaltzen duen bezala Ameriketako Estatu Batuek literatur zein film genero bihurtu duten bidaia eredu hura. Ideia da herrialdea autoz zeharkatuta batek bere buruaren zein herrialdearen beraren (eta bidaide dituen horien) ulermen hobea izango duela, intimoagoa nolabait. Errepide bidaiak, beraz, barne-bidaiak dira maila psikologikoan (norbere buruaren ezagutza) zein geografikoan (herrialdearen ezagutza), eta biak aldi berean izatearen ondorioz (bat bere burua ezagutzen hasten da herrialdea barrutik ezagutzen ari den une berean) AEBen ereduak erakutsi ohi digunez, halako sentimendu nazional(ist)a sortzen da bidaiariarengan, zerbait handiaren kide edo partaide izatearen sentimendua.

“Atertu arte itxaron” nobelan, ordea, ezer ez da planifikatutakoaren arabera ateratzen, ezer ez delako ematen duena. Gustavo eta Uliaren arteko harremana, bidaiak aurrera egin ahala jakingo dugunez, gorabeherez beteta dago. Uliak, istorioko narratzaileak, hainbat gauza ezkutatu dizkio Gustavori, hark jakinez gero bien arteko harremanaren amaiera ekar lezaketenak. Baina izaera ezberdintasunak (Gustavok garatu berri duen eta behin ere onartuko ez duen autoak gidatzeko “gizonezko” pasioa, Uliaren komentario ironikoak eragingo dituena) eta okerreko hautuak (Uliaren aitortu ezineko sekretuak) alde batera utzita, bada beste kontu bat bien arteko komunikazioa eta bata bestea ulertzea eragotzi ez bada zaildu egiten duena: jatorriak.

Azken batean, jatorri ezberdintasuna da, Ulia euskal herritarra izatea eta Gustavo madrildarra, auto bidezko bidaia posible egiten duena. Uliak nahi dio Gustavori bere jaioterria erakutsi eta azaldu, Eusko Jaurlaritzako turismo kanpainek eta labeldun jakien kontsumitzeak, modu masiboan gertatuta ere, inoiz behar bezala antzeman ezin izango duten errealitatea.

Paradoxikoki, datu hori da kontakizunari falta zaiona, hots, geografiaren eta pertsonalaren arteko lotura, batak bestean duen eragina, gertaera politikoek izaeraren formakuntzan eta besteek norberari buruz duten ideien sorreran duten eragina, alegia.

Nobelak, jakina, ez dio zertan gai horri heldu, baina ezin da ukatu bitxia gertatzen dela errepide kontakizuna izanda eta, lehenago izan bezala, nazioaren “mitoa” haren parte garrantzitsu den aldetik, “nazioaren” gaineko gogoetarik ez gertatzea. Ez Ulia eta Gustavoren istorioan behintzat. Izan ere, bikotearen bidaiaren kronikarekin tartekatuta bigarren kontakizun bat biltzen du liburuak (bada hirugarren hari narratibo bat bikote harremanetan eta distantzian sakontzen duena, Benjamin Britten izeneko musikari ingelesaren ingurukoa), demokraziarako trantsizioko lehen urteetan kokatua hura, geografia eta politika lotu egiten dituena. Kontakizun honen eta Ulia eta Gustavoren bidaia hizpide duenaren arteko harremana zein den ez da hain agerikoa, eta beste horrenbeste esan daiteke bi hauen eta Britten musikariaren gaineko istorioaren artean.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak