kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Orube abandonatuak / Garazi Kamio / Elkar, 2014

Bizitza dohakabeak Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-05-31

Duela hiru urteko Igartza beka dela medio kaleratutako Beste norbaiten zapatak ipuin liburuaren ondoren, Garazi Kamiok bigarren lana argitaratu zuen iaz, Orube abandonatuak, 2013an irabazitako Augustin Zubikarai sariari esker.

Testuari heldu aurretik, derrigor esan behar dugu zerbait paratestuari buruz. Itxaso Arakeren Damutzen ez direnak liburuaren (2012) kontrazalean hura egilearen lehen eleberria zela esaten zen bezala, kasu honetan ere esaten zaigu Garazi Kamioren lehen eleberria hartu dugula eskuetan. Gauza jakina da nobela modernoaren definizioa oso irekia dela, baina guztiak dauka muga bat, eta Orube abandonatuak ez da eleberria. Ulergarria izan daiteke lan bat nobelak daukan itzal handian sartu nahi izatea —eta ez dakit nor den halako erabakiak hartzen dituena—, baina hautua kontra etor daiteke, irakurlea engainatua senti daitekeelako.

Hiru narraziok osaturiko testua da Kamiorena, eta hirurak zatikatuta eta txandaka ematen zaizkigu, zortzi partetan bakoitza. Egitura fragmentario horren arrazoi testualik, ordea, ez da azaleratzen; gauzak horrela, hautuak, eskasegi nobela izaera justifikatzeko, alferrikako nekea eragiten dio irakurleari, eta narrazioen kaltean jokatzen du.

Izan ere, narrazioak jarraian irakurriz gero —bakoitzaren zortzi atalak lotuz, alegia—, jabetuko gara aski txukunak direla hirurak. Narrazio bakoitza garai batean kokatua dago, baina espazio antzekoetan. Lehenak gerraostean preso egotetik etxera doanaren egoera du hizpide: Mario bere lekua aurkitu ezinik dabil, eta itzulera ezinezkoa gertatzen zaio. Bigarren narrazioak Miren du protagonista, heroinaren garai ilunenean tentaldian erori eta hondoa jota bukatzen duen emakumea. Azken narrazioko protagonistak, Maiderrek, gezurrezko bizitza ideal bat asmatu du, eta bere ingurukoak eta bere burua engainatzen ditu.

Istorio guztietan protagonistek arazo larriak dauzkate, eta horiei kontra egiteko bakarrik sentitzen dira: euren buruekin adiskidetu ezinik dabiltza —ispiluan ikusten dutena onartu ezinik—, eta inguruarekiko loturak ere hautsita dauzkate. Abandonatutako orubeak bailiran, barrutik hutsik eta besteen ahanzturan galduta daude, eroriak euren baitako egoitzan —hortik etxeen garrantzia espazio intimo gisa—, bere lekuan bermatua dagoen ororengandik urrun, deserriratuak. Deserri existentziala da, hain zuzen, liburuari batasuna ematen dion ideia nagusia —badaude beste keinutxo konstante polit batzuk ere: leku batzuk, egun bat, objektu zenbait—; tradizio ezin luzeagoko gaia da erbestearena, eta pena da berau gehiago ñabartu eta sakondu ez izana.

Azpimarratzekoa da pertsonaien karakterizazioa: dohakabeak dira, hondoratuak, eta ongi deskribatuta daude. Horri lotuta, kontatutako istorioek, euren gogortasunean, badute indar iradokitzailea, eta idazleak nabarmen bilatu du sentsazio zenbaiten transmisioa: itomena, tristura, nazka, eta abar. Alabaina, hori guztia ez da nahikoa liburuari goian eutsi ahal izateko: egitura hautsiaren eragozpenaz gain, kontamoldeak lauak dira, istorioek tentsioa eta sakontasuna falta dute, eta biraketa behartuak agertzen dira narrazioak ixterakoan. Literatura gutxitxo beharbada, nahiz eta oso ongi irakurtzen diren narrazioak izan.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak