kritiken hemeroteka

8.773 kritika

« | »

Ez tiro egin anbulantziei / Mikel Ayllon / Elkar, 2015

Dena okertuko balitz… Iraitz Urkulo / Berria, 2015-05-10

Ez tiro egin anbulantziei du izenburu Mikel Ayllonek, idazle gazteentzako XVI. Igartza Sariaren bultzadaz, argitaratutako eleberri mardulak. Ez da egilearen lehen obra, 2006an dagoeneko Gerezi gorrien garaia kronika-liburua idatzi baitzuen Paul Asensiorekin batera. Oraingoan, baina, gurean gutxi landu den genero distopikoari heldu dio, ausardia handia erakutsiz.

Ez da batere erraza istorioaren nondik norakoen berri (azaletik baino ez bada ere) ematen, hura testuan han-hemenka barreiatutako pista eta keinuak lotuz eraiki beharra dugula kontuan hartuta. Aipa dezadan, behintzat, obra Gerard kartzelan dagoela abiatzen dela, zergatik ez badaki ere. Hango kideak —Fred, Karim, Telmo…—, zein baino zein xelebreagoak, egunez egun desagertu ahala, gero eta handiagoa izango da haren larritasuna. Badirudi Sylvie, Gerardek iraganean ezagututako emakume misteriotsua, dela egoera ulertzeko giltza.

Teknika ezberdinak erabiltzen dituen kutsu zinematografikoko obra honetan, argumentua atzekoz aurrera kontatua dago, egitura zirkularra osatuz. Hori dela eta, irakurleok, gure jakin-mina ase nahi izatera, Gerard zulo horretaraino eraman duen bidea berribili beharko dugu. Hala, izua eta samina nagusi diren gizarte batean, kartzela, heriotza eta borroka ezagutuko ditugu… kanpotik bada ere.

Giroaren hoztasunak diskurtsoa kutsatzen duela ematen du. Inflexio-puntutzat jo daitekeen Greba Handia gertatu zenetik, ezer ez omen da lehen bezalakoa. Ezer gutxi kontatzen zaigu, ordea, mundu berri eta ilun horren inguruan, ezta bertan bizirik irauten dutenei buruz ere. Irakurketan zehar narrazioak, atalez atal misterioari eusteko ahaleginean, gertaerekiko distantzia handiegia hartu duelako sentsazioa nagusitu zait. Autoreak tonu moderatuegia darabil, sentimenduez eta, oro har, kontaketaren intentsitateaz ari garela, batez ere. Pasio falta nabari diot. Maitasun istorioa islatzean baino ez du lortuko hitzen bitartez izotza hautsi eta bero pixka bat helaraztea, irakurleok epel uzteko adina baino ez, halere.

Diskurtsoa, funtsean, pertsonaia ezberdinen bakarrizketek eta deskribapen luzeek osatzen dute. Izan ere, eleberri koral gisa definitu daiteke, pertsonaia ugariren ikuspuntuen batuketaren ondorio den heinean. Bestalde, deskribapen xehe-xeheek, inguruko ñabardurarik txikiena eta protagonisten mugimendu bakoitza islatzeko gai diren horiek, gehiegizkoak dirudite, ez baitute pentsa zitekeen bezainbeste sakontasun lortzen eduki-mailan. Diskurtsoak istorioari berari gaina hartzen dion eleberri bat ondu du Ayllonek. Paradoxikoki, egilearen trebetasunaren erakusgarri den narrazio ezin aberatsagoari ekintza urri, estatiko eta nahas(garr)ia kontrajartzen zaio.

Ez tiro egin anbulantziei ez da irakurtzen erraz-errazak diren genero distopikoko liburu horietako bat. Metafisikarako joera zama astunegia da Gerard eta Sylvieren arteko elkarrizketetan, eta hainbat pasarte kriptikoegiak dira. Geruza gehiegik estaltzen dute sakonegi doan istorioa. Pena da, benetan, lilura eragitera ere irits daitekeen halako diskurtso landu eta dotore batek hain fikzio lausoari bide ematea…

Azken kritikak

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Epilogorik gabe
Elena Sanchez

Maite Lopez Las Heras

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak