« Lau pareten arteko gerrak | Narrazioak funtziona dezan »
Bazterrak / Uxío Novoneyra (Koldo Izagirre) / Pamiela, 1988
Mapa eta lurraldea Aritz Galarraga / Argia, 2015-02-22
Galizia, Lugo, Coureleko mendietan barrena ibiliko gaitu Uxio Novoneyrak. Ibili gintuen bezala paraje berdintsuetatik Anxel Folek Kriseiluaren argipean. Hegoalderago bidaiatu ginen Xose Luis Mendez Ferrinen Mugaldeko jendearekin, Ourense aldera, Galizia eta Portugal bereizten dituen arraiara —hain justu Miguel Torga portugaldarrak Piztiak bilduman bisitatzen zuen Tras os Montes haien bestaldera—. Dena dela, beste garai batzuk ziren —Josu Landak, argikari honetantxe esan bezala, Novoneyraren poemen iritzira: “Baten batek galegotik gehiegi itzultzen ari dela pentsa dezake”—. Beste garai batzuk ziren, itzultzen genuen galegotik, Novoneyra, Fole, Mendez Ferrin, guztiek ere partekatzen zuten lurralde bat, mendi, landare, animaliez egina. Zerikusirik ez Iolanda Zuñigaren Post-it bizitzak ipuin liburuak erakusten dizkigun Vigo eta enparauekin. Horiek gutxiek, ordea, eta gehiagok, osatzen dute euskaraz irakur dezakegun literatura galegoaren kartografia.
Koldo Izagirreren itzulpenean, eta bi liburukitan —antza, papera merkeago zegoen laurogeietan, edo ez hain garesti behintzat—, Luis Pimentelen Sombra do Aire na Herba eta Celso Emilio Ferreiroren Longa noite de pedra poemategiekin batera, gerraondoko poesia galegoaren hiru oinarri nagusietako bat da Bazterrak. Coureleko gailur ilunak, beraz, otso lurrak, euri, elur egunak. Beste ezer baino lehen, leku izenak, “haietako asko esanguratsuak eta denotazio indar handikoak”, Izagirreren hitzaurrean. Horrexegatik daude galegoz, Pia Paxaro, Boca do Faro, Devesa da Rogueira. Pixka bat Joseba Sarrionandiak egiten zuena Ruper Ordorikak abestutako Izen zaharrak hartan, edota Oskar Alegriak Emak Bakia baita ezin ederragoan, itsas azpiko harkaitz, etxe izenekin. Ez bakarrik, ordea: osinak, txiribiak, mendabelarrak, kardulatzak, andagarratzak; balirudike hasiberrientzako botanika gida baten aurrean gaudela, plazer estetikoa ahaztu gabe, hori bai. Baina, guztiaren gainetik, natura, bere gordinean, bere osotasunean, eta ez hiriarekiko kontrajarri, ez eta bereziki gizajendearen gogoa aletzeko eran. Nahiz “hemen ongi somatzen dela gizona zeinen guti den”. Eta gizona dioenak dio emakumea, eta gainontzeko genero guztiak, noski. Hirurogeietan galegoen artean nagusi izan zen poesia soziopolitikoaren aurreko poesia da Novoneyrarena.
Garai batean gehiegi itzultzen zela uste bazuen inork, gaur egunean zilegi da pentsatzea gutxiegi itzultzen dela euskarara galegotik. Inork lurralde hori mapan zehatzago marrazten duen artean, ordea, ez ahantzi: Coureleko zeru-lurrak, Galizia-Portugal arraiakoak bezala, berdin Vigokoak, dira azkengabeak.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi