kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Urari ostutako poemak / Pako Aristi / Susa, 2014

Joan-etorriaren menpe Hasier Rekondo / Berria, 2014-10-26

W.H. Auden poeta ingelesaren esanetan, “poesia hizkuntzarik pertsonalena da, elkarrizketarik barnerakoiena. Poetak idatzitako hitzei irakurleak erantzutean bakarrik hartuko du bizitza poemak”. Pako Aristiren (Urrestilla, Gipuzkoa, 1963) poemagintzaren azken fruituak, Urari ostutako poemak (Susa, 2014), egilearen eboluzio pertsonalaz at eta barne dagoen eremua erakutsi nahi dio irakurleari. Ni poetikoaren barne bilakaera du hizpide nagusi liburuak, eta esango nuke irakurle honen erantzunak “irregularrak” izan litezkeela.

Duela 11 urte argitara emandako bere azken aurreko poesia liburuan egin bezala, Libreta horiko poemak (Susa), prosaren zantzu guztiak dituen poesia da nagusi Aristiren poemagintzan, oraingo honetan hegaldi poetikoak pisu gehiago duen arren. Poesiaren eta prosaren arteko mugak lar lausoak direla esango nuke, baina eztabaida horrek iruzkin honetan dudana baino askoz ere tarte gehiago eskatuko luke. Norbaitek ez lieke poesiaren etiketa jarriko prosa diskurtsiboa duen zenbait poemari, prosa poetikoaren eremuetatik gertuago. Generoen arteko eztabaidak antzuak direla esango duenik ere izango da. “Historiaren narratibitatea” lehenesten duten “kronika poetikoak” dira nagusi: ipuinaren moldea hartzen duen Emile Griffith-en bi oinazeak poema politikoki lar topikoa (marikoiak, boxeolariak eta galtzaileak uztartzen baititu), Telegrama bat gatazkaren ondorio mingarrienez diharduena, Aizkolaria izenburukoa, Galizia eta Euskal Herriaren artean albiste baten bidez eraikitako zubia, Hamaisegarrenean aidanez gogoan, edota sare sozialen gainean aritzeko ikuspuntu naifa darabilen Whatsap.

Urari ostutako poemak honetan poema gogoangarriak eta erdipurdikoak tartekatzen dira inongo lotura tematikorik gabe. Begiradaren mendeak nabarmenduko nuke bereziki azken horien artean. “Emakume bat ikusten duzunean, / zeri begiratzen diozu lehendabizi? / galdetu izan didate kazetariek maiz” hasiera duen poema batek ezin du amaiera aproposik aurkitu, “…Lehen emakume haren / begirada bilatu dut,…”. Liburu osoan zeharreko lotura bakarra loturarik eza da, baina ni poetikoa soilik agerraraztea ez da nahikoa partidaren altuera honetan. Norbaitek argudia dezake poema solteek poema liburua osa dezaketela. Liburu honen kasuan ez da horrela gertatzen. Irakurleak berak arakatu beharko du zergatietan, elkarrizketa idiliko horren atzetik. Hala ere, badira poema gorenak ere: Argitxinta portuan izenburukoan, esaterako, honela mintzo da Aristi poetikoena eta bikainena: “Egunsentiaren ilinti gorian / artean ura itsasoarena ez denean / badago orduak inauguratzen dituen eremu bat, / pinu-orratzak oboe izateko ametsetan / firurikatzen dituen kristalezko haizean”.

Ez da falta liburu honetan ere Aristiren leit motiv bilakatu den gaia: idazlearen funtzioaren gaineko hausnarketa, kasu honetan Borgesen kutsu nabarmena hartuko du Zhuang Zhou-ren ametsa poeman, “…Posible ote da / nik idatzitakoa ere /…. ametsetan idazten / jarraitzen duen / norbaiten hitzak izatea?”. Gainerako irakurleei egokituko zaie liburuko poesiarik preziatuenak biziaraztea. Poesiak beti lagako du irakurle bakoitzaren erantzunean bizitzeko hauspoa, zenbaitzuetan urari lapurtzea nekeza den arren.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak