« Eleberriaren sukaldea | Joseba deseraikiz »
Gerra txikia / Lander Garro / Susa, 2014
Eguneroko gerra Aritz Galarraga / Deia, 2014-10-18
Bigarren nobela du Gerra txikia Garrok; baina jo du lehenagora: estreinako Kontrarioa hartan finkatzen bazen protagonistaren nerabe izatetik gazte izaterako pausoa, oraingo honetan harrapatzen dio haurtzarotik nerabezarorako saltoa. Hori bai, orduko Raul Oliveiraren gisara, oraingo Xabi Ugartek jarraitzen du izaten Garroren beraren alfer egoa —amaren ustea baita azkarra dela, baina alfer samarra; bere ustearen kontra: saiatua, baina ergel samarra—.
Nerabe-gazte, haur-nerabe, lehenengo eleberriarekin esan genuen bezala, bigarrengoa dugu halaber nobela iniziatikoa; Bildungsroman bat, alegia —eguneraketa eginik, esango genuke EH Bildungsroman bat—. “Sudurpean biloak belzten”, “gizontasunera ailegatzen”, gailenduko zaio Ugarteri “gauzak ulertzen hastearen sentimendu bitxia”; “egunez egun osatu beharreko mapa desertua” den helduen mundua hasiko da osatzen, “bere nortasun zaharra ahaztu eta berria eraikitzeari” ekiten dion bitartean. Baina ez du galduko nobela guztian zehar begirada lainoa: harro egongo da, adibidez, bizitzan lehen aldiz bonba baten eraginak ikusten dituenean. Eta are harroago ez delako izan ikusle soila.
Ezen orain arte ez baitugu aipatu, baina eleberriak du fondoa: Hendaiaratu behar izango du Xabiren aitak, Orereta (sic) atzean utzita, arrazoi politikoak direla kausa. Errefuxiatu behar izan duela, 80ko hamarkadaren hastapenetan. Eta kontakizunean zehar gertaera tragikoak gertatu arren —nola gertatu ziren errealitatean bertan: atxiloketa, deportazio, hilketak—, umearen bizipenen ondotik gertatuko zaizkigu horiek guztiak, eta adinarenak propio diren kezka-zalantza-beldurrak izango dira kontakizunean benetako pisua hartuko dutenak: “Zer axola zion, ordea, amnistiak edo Euskadiren askatasunak, ama ez bazegoen?”; “Emango al zizkion Euskadik zapata berri batzuk?”. Izan ere, esango nuke horixe dela eleberriaren bertuterik behinena: protagonistaren haur-nerabe kondizioaren harrapaketa, nola irudikatzen duen, esaterako, autoan bizi dela aita behin —herri berean izan arren— erbesteratuta, nola irudikatzen duen bigarren sendi bat izan dezakeenaren aukera ez bereziki erosoa. Haurraren ikuspegitik, ondo dago eleberria narratzaileak kontatua. Eta zeinen egoki harrapatzen duen aita-semeen arteko harreman labaina: “Aitak pisu bat zekarren bizkarrean eta, etxean sartu orduko, zama semearen eskuetan jartzea erabaki du. Orain zama semearen bizkar gainean dago”.
Horiez aparte, egia da, gainontzekoa gerta daiteke sobera planoa, Hendaia estereotipatua —“hango lasaitasun tristea”—, ertzik gabeak militanteak: “Zergatik atxilotu dute Emilio bezalako gizon jatorra?”. Baina, egon, horrela daude irudikatuta. Denak ere, nolanahi den, protagonistaren gerraz, eguneroko gerraz, eguneroko gerra handiaz jabetzea, koskortzea, gozatzea —halakorik egin badaiteke, behintzat— ekiditen ez dutenak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi