kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Inon ez, inoiz ez / Iban Zaldua / Elkar, 2014

Joseba deseraikiz Amaia Alvarez Uria / Argia, 2014-10-19

Inon ez, inoiz ez liburuarekin Zalduak hustu dela dio. Bertan idatzi baititu ordura arte idazteko zituen guztiak. Hala ere, aspaldi irakurtzen dugunok badakigu berehala sortuko zaizkiola ipuin gehiago betaurrekoen beste aldean, belarri-zuloetan edo ezpain-zokoetan. Izan ere hala agintzen digu liburuaren amaierako “azken ohar gisa” atalean: ipuinak idazten jarraituko duela diosku eta.

Inon ez, inoiz ez fikzioaren lekua eta denbora dira, bere hitzetan kontrazalean gogorarazten digunez. Eta azalean dago txanponaren beste aldea, errealitatea, fikzioa idazteko behar den materiala eskaintzen diona idazleari: “idazleak daukan material bakarra ezagutzen duena da (Truman Capote)”. Eguneroko agertoki edo pertsonaiak azalduko dizkigu zenbait ipuinetan eta fantasia sartuko da zirrikituren batetik kontatzen ari dena bestelako koloretan margotzeko. Zalduak ohi duen bezala. Eta fantasiarekin batera ironia; heriotza, harremanak, lana… zeharkako irribarrez eskainiko dizkiguna, bere pertsonaia baten esanetan: “ironia duk egungo gizartearen zementua”.

Ironiaz ere jorratzen du “modako” gai bat. Orain arte esplizituki landu ez duen generoarena. Ipuin bateko elkarrizketa batean hurrengoa irakurri ahal diogu: “—Eta generoarena? Hi ez haiz emakumea! Hori interesgarriarena egiteko ipini dun! (…) —Ez al daude mota honetako kontuak puri-purian kritiko literarioen artean…?”. Baina kritiko literario honi, botatako eskularrua lurretik hartuz, gehiago interesatu zaio beste ipuin batzuetan nola eraikitzen duen genero identitatea. Feminitatea hilekoarekin lotzen baitu eta maskulinitatea bizarra egiteko aparrarekin. Horra generotik aztertzeko moduko bi datu.

Inon ez eta inoiz ez atalen artean, Hemen, orain atala dugu. Bertan Zalduak “la cosa” deitu izan duenari buruz hitz egiten du, “euskal gatazka” ere deitu izan denari buruz. Baina “las cosas” izan zitekeen, euskal gatazkarekin batera gerra zibila ere badelako atal honetan agertzen diren ipuinen gaia. Euskal Herriko historia hurbilari begirada botatzen dio liburu honen muinean, memoria ariketa eginez literaturatik. “Euskal arimaren barrunbe hondogabeen natura misteriotsua” ikuspegi esentzialista bazter utziz, baina gurean izan duen eraginari muzin egin gabe, eta “existitu ez den iragan mitiko bat eraikitzeko alferrikako ahaleginei” itzuri eginez “errelatoaren” bere bertsioa ematen du fikziotik bere alea jarriz.

Bere aurreko liburuko gai nagusia izan zen literatura eta idazlearen obsesioak ere agertuko zaizkigu han-hemenka. “Idazleak ingurukoengandik istorioak jasotzeko eta artearen aldarean ipintzeko eskubidea eta betebeharra du” irakurriko dugu. “Kontatzeko modu baten bila aritu haiz. Hori dun idazle guztiek, putreen moduan, egiten duzuena” esango dio pertsonaia batek protagonistari ipuin batean. Eta horrek Woody Allenen Deconstructing Harry ekarriko digu gogora. Eta idazleak fikzioa egiteko errealitateari zukua nola ateratzen dion pentsaraziko digu; polemika metaliterario horren metxa berriro piztuz eta kritikatxo honi izenburua emanez.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak