« Etiopiatik haruntzago bada mundurik | Aiztoak eskasak dira horrelakoetan »
Gatsby handia / Francis Scott Fitzgerald (Xabier Olarra) / Igela, 1990
Scott Fitzgerald, playboyaren zinismoa Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1991-01-30
Oraintsu hiru aste itzultzaile zenbaitekin “Argia” astekariak egindako erreportaia batetan, Xabier Olarrak, euskararen normalizazioaz mintzo zela, zioen:
“Lehen ikutu ez diren zenbait alorretan sartzen garen heinean hizkuntzak berak ere hartuko ditu behar indarrak eta jokamoldeak, eta hori egiten ez den bitartean ez dago deus egiterik”.
Alor horietako bat literaturarena izaki, hortik dator normalkuntzaren bideraketan alkaterna eta galipotarik sendo eta trinkoenetarikoa, eta Xabier Olarra bera dugu horren akuilu zorrotz eta lekuko saiatuenetarikoa. Olarraren eskutik ezagutu ahal izan ditugu euskaraz Gertrude Stein-ek “belaunaldi galdua” izenez bataiatu zuen taldeko bi idazleren lan nagusiak: Faulkner-en “Santutegia”, iaz Elkar argitaletxeak kaleratu zuena, eta orain plazaratu berri den Scott Fitzgerald-en (St. Paul, Minnesota, 1986 – Hollywood, 1940) “Gatsby Handia”, Igela argitaletxearen eskutik datorkiguna.
Gazte behartsu bat, Gatsby, neska aberats batekin maiteminduko da. Ezina ekinez egina, urte hoberenak botako ditu, legearen mugetan, diru egiten, maite duen neska liluratzeko. Lortuko duela uste dugunean, tragedia lehertuko da. Nick Carraway narratzaileak dioen bezala, ederra da euria hildakoen lurra bustitzen duenean.
Gatsby-ren exitoak hondoratuko zukeen narrazioa. Porrotak egin du handi ixtorioa.
Juizioak eta juzguak
Faulkner, Hemingway, Dos Passos, Pound, Steinbeck… Flaming Youth, gaztedi sukartu hartan etorkizun gutxi ematen zitzaion Scott Fitzgeralden arrakasta eta exito narratzailerari uste izanda arinkeria eta fribolitatea, diruzaletasuna eta Jazz Age-ko akats nagusienak bere baitan biltzen zituenak ezin zukeela lot etorkizun literario handirik.
Gertrude Stein bera izan zen iritzi horren bidegabekeriaz jabetu zen estraineko pertsona:
“Scott Fitzgeraid irakurria izango da etorkizunean, bere garaikide zenbait ahazturara pasako den bitartean”.
Gertrude Stein, juizio honekin, ez zen ari saritzen arinkeria eta glamour hutsala. Belaunaldi galdukoen gidaritza onartuta zeukan Stein idazle handia ez zen honetan ere deskuidatu, bere profeziarekin esaten ari zitzaigun arinkeria uste eta itxura txoro haien azpian zerbait gehiago izkutatzen zela, gordetzen zela belaunaldi oso baten tragedia…
Halere, denborak, Seott Fitzgerald-en obra nagusienen kaleratzetik iragan diren ia hirurogeitamar urteek, ez du Stein-ek aurreratzen zuen ustea betearazi. Egia da Scott Fitzgerald-ek, bigarren hamarkada zoriontsuko garai hartan bezalaxe, arrakasta zaratatsu berria ezagutu zuela 1973 urtean, haren “Gastby handia” zinera eraman zutenean. Jack Clayton-ek nobelaren nahikoa adaptazio txukuna borobildu zuen, Robert Redford-ek ongi transmititzen zuen jatorrizko Gatsbyren izpiritua eta Mia Farrow-ek sinesgarri eta gertuko egin zuen Daisy-ren pertsonaia hotz, hutsal, urrutia. Baina Scott Fitzgerald-ek, arrakastak arrakasta, betikoan jarraitzen du: Jose Maria Valverde-ren hitzetan esateko, “narratzaile nolahalakoa baina bazter ezina”-ren gisa. Ospea badu gaur ere, baina ez du inork Steinek adinako apusturik egiten haren alde: gizarte fribolo baten argazkia eskaini zigun artistaren fribolitateak kutsatuko gaituen beldur, agian.
Esaten dugu, teorizatzen dugunean behintzat, testuak autonomo behar duela izan eta autonomia horretan behar dugula edozein testu juzgatu. Baina Scott Fitzgerald-en kasuan haren obra adinako oihartzuna du haren inguran harilkatu den leiendak, eta ezin bereiziz gabiltza bata eta bestea.
Gutxi axola digu gaur jakiteak Stendhal-enetik zenbat daukan Julien Sorel-ek. Hori bera, ordea, anatema da Scott Fitzgerald-en kasuan. Pentsatuko bagenu bezala zer juzgu merezi dezakeen Gatsby bezalakoxea zen Scott Fitzgerald-ek… Eta pentsamendua bideratzeko moduak berekin dakar kondena ere.
Diruaren kolorea
Gatsby-k —Scott berak— garbi dauka zein duen helburua: Self Made Man -aren prototipo garbi, lur honetanxe dago paradisua eta bertako geografiak emakume ederren kurbak ditu, automobilen indarra, lujuaren lilura.
Paradisua benetakoa izan dadin, ordea, ez da komeni barrura begiratzea, barru hori hondorik gabeko amildegia bait da eta beti dago, hara begiratuz gero, galderak egiten hasteko arriskua. Eta behin bertara begiratuz gero, halakoa izaki amildegi hondorik gabeak sortzen duen zorabioa, alkoholetan bakarrik ito daiteke ihes egiteko gogo ezinbestekoa.
Tenore horretan bizi izan zen Scott Fitzgerald-en garaiko gizarte amerikarra, eta amildegi hondorik gabe horretxen espektakuluak darama idazlea alkoholetan itotako auto-suntsipenera.
Scott Fitzgerald-ek garbi aitortzen du Gatsby hori autobiografikoa dela:
“Jay Gatsby ni beti izan naizena da: gazte behartsu bat hiri aberats batean, gazte behartsu bat aberatsen eskola batean, mutil behartsu bat Princeton-eko ikasle aberatsen klub-ean. Ez nien aberatsei barkatu ahal izan aberastasuna, eta horrek lausotu ditu nire bizitza eta nire obra guztiak. Gatsby-ren zentzu guztia injustizia horixe da, gazte behartsu bati neska dirudun batekin ezkontzea galerazten diona. Nire obra guztian gai hau errepikatzen baldin bada, nik bizi izan nuelako da”.
Ez da, ordea, hori bakarrik Scott Fitzgerald-en nobela. Idazlearen begirada zorrotzagoa da eta ikusle arruntak gaizkia eta ongia ikusten dituen tokian, Scott Fitzgerald-ek lanbrotuak ikusten ditu mugak, ez dago hesia inon garbi eta erlatibotasun horrek salbatzen du begirada, erlatibotasun horretxek bideratzen bait du literatura beraren existentzia ere.
Aberatsak dira, bai, munduko gatza. Baina Scott Fitzgerald ausartu egin zen posible zitzaion galdera bakarra egitera: Zergatik?
Eta galderaren erantzuna ezin da zinikoagoa izan: egia da ez dagoela munduan playboy bat baino tipo estupidoagorik, baina ez dit ezerk galeraziko playboy izatea, besteak beste, estupidotasuna, diruz hornitzen denean, eramangarriagoa delako.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez