kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Hezur gabeko hilak / Xabier Montoia / Susa, 1999

Baina bizirik Aritz Galarraga / Argia, 2014-09-28

Gerra zikina existitu izanak gerra garbirik egon dela pentsatzera eraman gaitzakeen bezala, ausartzen gara esatera tamaina aldetik gerra diferenteak egon direla. Gerla Handia deitzen diogu, hartara, 1914-1918 artean eragin zuen txikizioari. Nahiz gerora gertatu diren handiagoak. Nahiz gerra bat sekula ezin daitekeen gerta txiki, ez behintzat bizi izan duenari. 14koa, ordea, handia izateaz gainera, ez zen inolaz ere arrotz izan euskaldunontzat; geratu zitzaigun bakarrik iparraldera. Armiarmako lagunak ari dira, haatik, gogoratzen efemeridea. Astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak on-line jartzeaz batera, esaten digute: bizi izandakoen kronika eta oroitzapenen bitartez jaso zuela gure literaturak I. Mundu Gerlaren testigantzarik fidelena. Kirikiño eta Batxiren kronikekin, adibidez, edota Jean Elizalderen 57a Gerlan. Baina narrazio eta eleberriek ere hartu dutela gaia, XX. mendean, halaber XXI.ean. Bi mendeon arteko saltoan argitaratu zen, hain zuzen, Hezur gabeko hilak.

Xabier Montoiaren bigarrena den eleberri honetan —“beste ezusteko bat eman digu”, zioen Markos Zapiainek orduko hartan—, Jean Etxegoien eta David Mandel soldaduen guduketa garaiko gorabeherak kontatzen zaizkigu. Euskalduna bata, errusiarra bestea, frantses dira biak paperean, eta, garrantzitsuago, gerrako lehen lerroan. Noski, izugarriak dira batailetakoak, sekula erori gabe futbol partida baten narrazioan. Izugarriak dira noski batailaren ondorengoak, “soinetik bereizi besoak, zango solteak, buru baten zatiño ezagutezinak”. Baina berdin dira hemen izugarriak, noiz ez diren areago, hurrengo batailara artekoak: Etxegoien eta Mandelen arteko solasak, maiteaz, iragan bizitzaz, gizajendeaz, gerraz, jendarteaz, etorkizun denaz. Ahaztu gabe laguntasunaz. Laguntasun gordin eta muturreko baten istorioa baita, azken batean, irakurle maite, Hezur gabeko hilak. Eta ez sobera abegikorra euskaldunekiko: esaterako, Piarres Landa elkartzen zaienean, saratarra, 57koa —Jean Elizalde bezala—. “Frantsesez ere ez dakien ezjakin hori?”, dio Etxegoien eskolatuak. “Bertze euskaldun alu bat! Ardi eta emazte hilen bortxatzaile gorrotagarria”.

Baina, oroz gain, basakeria handienaren erdian ere, bizitzaren aldeko kantu baten aurrean gaude. Edo gautza: “Berdina duk guztien lehia: une bat gehiago, bertzerik ez bada ere, bizitzen jarraitzea, handizki pairatu behar izan arren. Nehork ez dik nahi mundu satsu honen uztea!”. Rosario ez dakit sainduko iraultzaile hark esan zuenaz bestera, alegia: “Hobe okerturik baina bizirik ezen ez harro katabut baten barnean”.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak