kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Gizon bat lotan / Georges Perec (Juan Luis Agirre) / Igela, 2014

Barne-bidaia, begia lagun Hasier Rekondo / Berria, 2014-07-06

Georges Perecek (Paris, 1936- Ivry sur Seine, 1982) (eta ez 1963an, Perecek gustuko lukeen arren, iruzkintzera gatozen euskarazko edizioaren akatsak agertzen duen legez) oro eta ezereza deskribatu nahi izan zituen, hiriak urdindutako gizakiaren egunerokoa eta psikearen ezkatarik ezkutuena idatziz eman nahi zituen. Errealitatearen handitasun makroskopikoa eta xehetasunik ñimiñoena literatur-olgeta bihurtu nahi zituen. Eta deskribatzen zituen lokamutsetako txango psikotropikoren bat lirudikeen arren, goizegi harrapatu zuen heriok baino lehen erdietsi zuen. Horrela bada, Oulipo mugimendu esperimentaleko idazlerik jostagarrienak, XX. mendeko idazlerik ausartenetarikoak, literaturaren Olinpotik begiratzen digu, dena dakusan begiaren botereaz begiratu ere, bere obraz gozatzeko literatur-goraldia eskaini digu. Euskara zehatz eta orekatuan ematen zaigu, anti-nobela honi gagozkiola, Juan Luis Agirreren eskutik.

1967an argitaratu zuen anti-eleberri psikologiko Gizon bat lotan (Igela, 2014) honetan, argitaletxe berak aldi berean euskaraz argitaratu duen Gauzak, 60etako istorio bat arrakastatsua argitaratu eta bi urtera, atributurik gabeko gizaseme baten xederik gabeko joan-etorri neketsu eta astunetan arakatzen du Perecek.

Liburuari hasiera emateko Kafkaren aipu bat irakur dezakegu: “Ez duk beharrezkoa etxetik ateratzea. Egon hadi mahaira eserita, eta entzun. Ez entzun, nahi ez baduk, egon hadi zain, besterik gabe…”. Barne-bidaia baten aurrean gaudela adierazten zaigu, baina ez da barne-bidaia arrunta izango, kaleidoskopio eraldatuaren zantzu guztiak izango baititu bigarren pertsonan eraikiko den narrazioak. Perecen ezaugarri nagusitzat jo daitekeen jolas-literarioaren zantzuak ere agertuko dira, izan ere, dena eta ezereza esperimentatuz deskribatu nahi zituenak ez zuen inolako arazorik literatura eta bizitza olgeta bihurtzeko. Zain egotea du muin narratzaileak, besterik gabe idaztea, bizitza bera goitik behera izendatuz eta esperientziak plano ezberdinetan zerrendatuz, usadioen grisaren eta zentzugabekeriaren berri emanez, azalean dirdiratsuak diruditen arren.

Bigarren pertsonaren erabilerak mailu baten antzera kolpatzen du bere buruarekin mintzo den pertsonaia-narratzailea, begiak ixtea erabakiko du astunegia zaion existentziaz, eta arrazoirik gabe barneratzen zaion indiferentziaz jabetzeko edo desjabetzeko. Formari dagokionez, esperimentazioaren molde guztiak darabiltzan arren (lokamuts batean zehar pertsonaiak jasaten dituen esperientziak biziki onak dira) Perecek formaz honat ere badaki bere kartak jokatzen (pertsonaia aspertuak orduak eta egunak bridgean ematen dituen legez) kasu honetan, “xehetasun txikienen hautemate gero eta zorrotzagoa eta gero eta alferrikakoa…”. Ohiturak, asperdurak eta Paris urdindu baten zamak uzten dizkioten aukera itogarrien berri ematen digu, eta kasu honetan ez dauka txantxetarako gogo larregirik. Pertsonaia bizitzaren bidez suizidatuko da eta heriok ere ez du salbatuko. Narratzaileak salba lezake baina lar arduratuta dago kontakizun esperimentalean. “Ez hago hilik eta heriotzak ere ez hinduke jaregingo…”. Duda izpirik gabe, opari bikoitz itzela eskaini digu Igelak: narratzaile nekaezinaren begia lagun, uda axolagabe zeharkatzeko itsaso esperimentala.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak