« Barne-bidaia, begia lagun | I’m a loser baby »
Zangotraba / Juan Kruz Igerabide / Erein, 2014
Trantsizioaren alegoriaren isla Mikel Asurmendi / Berria, 2014-07-06
Nobela beltza duzu, thriller petoa. Irun hirian kokatua eta inguruan garatua —Donostia-Baiona bitarte—. Iragan berriko Euskal Herriaren idiosinkrasiaren isla, argi-seinaleak ilunean. Trama 1975-1981eko aldian gertatzen da, garai hagitz esanguratsuan: Franco diktadorea hiltzen denetik Tejeroren estatu kolpera bitarte. Alegia, deus ez.
Ordurako, zorionez edo zoritxarrez, Meliton Manzanas torturatzailea hila zegoen, baina ondorengo garaiko giroa antzemanen duzu nobelan. Zangotraba-k giro politiko sozialaren jitea dauka, garai hartako brigada politiko-sozialaren usaina dario.
Joxe (Aduanetako agentzia langilea) eta Edurne (euskara irakaslea eta feminista). Dionisio (sindikalista porrokatua) eta Ixabel (ama zintzoa), eta Miren eta Tximinoa (drogaren menpekoak) bikoteak dira pertsonaietako batzuk. Euren inguruan Kintanilla inspektorea eta honen ondorengoa dabiltza. Dama Beltza izeneko bat ere badabil, nobelotan agertu ohi den pertsonaia siniestroa, baita ETAkidea ere, Azeria goitizenekoa. Trama hainbat harik bilbatua da. Hariek orduko jendartearen erretratua josten dute, ederki eta krudelki lotu ere.
Garaia nolako, pertsonaiak halako. Gaurdanik ikusita, haietako batzuen soslaiak surrealistak irudi dakizkigu, Juan Fernandez detektibearena, kasurako. Juan, Joxeren nortasunean abarora eraikitako pertsonaia duzu. Pertsona iluna eta gonazalea, besteak beste.
Muga inguruko negozio ilunek zeharo kamusten dituzte pertsonon duintasuna eta koherentzia. Ordea, Joxe eta Juan pertsonaien kasuetan ez dago esaterik —Jekyll eta Hyde pertsonaiaren nortasun kasuetan legez— zein den gaiztoa zein ona. Pertsonok zirkunstantziaren araberako menpekoak baikara, itxurazko nortasunaren morroiak eta mozorrodunak. Lagun hoberena zangotrabatu dezakegu, baita halabeharrez traizionatu ere.
Juan Kruz Igerabide idazle iaioa eta zaildua da. Eskarmentuaren idatz leun neurritsu goxoaren jitea eta eitea dauzka Zangotraba-k. Erudiziotik ere badu, egileak mito eta klasikoetara jo du nobela janzteko. Atalez atal, hasierako hiru antzerki atal tarteko, bizitza misterioa dela auguratzen digu. Egoera eskizofrenikoak jasan ezinean, bizitza tragikomedia moduan herrestan eraman ohi dugula. “Ohi” esan dut, biziko bagara, une tragikoak egoera komikoak bihurtzen baititugu ezinbestean.
Gertakariak eta pertsonaiak zekenak izan arren, maitekorrak ere badira. Egilearen beraren bizipenetatik eratorriak, antza. Izan ere, zer da bizitza, errealitatean eraikitako fikziorik ez bada? Dyane 6 autoa garai hartako paisaian irudi edo Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien kantaren hitzak gogoan, orduko pertsonen izaerak xarmanki erretratatu ditu nobelagileak.
Zangotraba fruitu anitz eskaintzen dituen arbolak antzo kimatu, inausi edota irakurri dut. Abar askotariko arbola begitandu zait. Emankorra. Egileak, baina, egungo garaiek —kanonek?— agintzen duten neurrira ekarri behar izan ote duen nago. Hau da, narratutako garaia iragan berria da, garaia baina beti aldabera.
Dena dela ere, nobelagilearen aforismoei kasu egiteak, literaturak bizitza ulertzen laguntzen digu: dena esana dago, baina okerrera egiten du, eta berriro esan behar. Ez gaitezen lerro artean idatzita dagoenari begira irakurri, itsutuko baikara. Joxe eta Juan gogoan, idazlea doble bat dela diot nik ere, baina idazleak berak ez daki norena. Trantsizioaren alegoriaren isla zinez egokia.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro