« Mila esalditan | Ezerezaren gaineko poetika »
Hodeiak zapatetan / Mikel Etxaburu / Susa, 2014
Aterik gabeko mundua Igor Estankona / Deia, 2014-06-21
Amodioa, ametsak, aberria, kartzela, bakardadea, askatasuna. Oinak lurrean baina zapatak hodeietan, halako festina lente berezi bat da Mikel Etxabururena, astiro baina arin baitoa bere poetika, gizakia kolpatzen baina ez azkentzen duten gertakizun guztietatik eginez lirismo apur bat, suabetuz gure kondizioa: “Hatz puntarekin ukitu orduko/ mila malkotan lehertzen diren/ ametsak dira gureak,/ xaboi puxpuluen modukoak,/ izar eta airezkoak”.
Borroka eta errepresioaren lekukotza poesia bera bezain garrantzitsuak dira Etxabururentzat. Sentimendu bihurtutako injustiziei kantatzen dien euskal poeten soka luzeari jarraiki, denuntzia da Hodeiak zapatetan, baina baita tripa-jana ere, eta esperantza, ondutako lehen fruta bezain gazi-gozoa: “Orain badakizu itzuli naizela./ Hementxe nago,/ gure etxe aurrean,/ arbolaren gerizpean,/ sorterriaren magalean./ Gaurtik aurrera/ gerezi gorriak/ jango ditugu elkarrekin”. Lerro ireki horiekin, zeinetan ez den barruntatzen itzuli den hori joan zen hura den edo beste norbait, bukatzen da Etxabururen liburu zirkularra: kartzela- askatasuna-askatasunaren kartzelak.
Gustatu zitzaidan intimoa eta soziala den enfoke hau bere aurreko liburuarena ere. Tenpo lasaia dut gogoan, errekaren antzeko korronte iradokitzailea, Zu zara orain txoria (Elkar, 2011) hark zekarrena. Oraingoan ireki egiten da orduko kartzelako gai nonahikoa, non nahinon zegoen kartzela. Gehiago hitz egiten du orrialdeotan poetak askatasun faltaz. Finean egia berberaren bi aurpegi dira presondegia eta kanpoko pertsondegia: “Badiotsut/ urratu ditudan pausoek ez daukatela/ kartzelako patioaren neurritik/ harago urruntzeko adorerik./ Badiotsut/ kartzelara itzuli nahi izan dudala/ behin baino gehiagotan,/ (…) maiteago izan dudala/ ziegako pareten artean/ amestu nuen herria”.
Etxaburuk esperientzia pertsonala baino harago idazten du. Halako lirismo komunal bateko piezak daude hemen, behar bada aurreko liburuan faltan bota nituenak: “Arotzek erabaki dute/ aterik sekula gehiago/ ez dutela egingo”. Alabaina, poema unibertsal usteko horiek izan ohi dira hain zuzen arriskutsuenak askotan, eta Etxabururen tenpo berez erregularra ez aurrera ez atzera geratzen da uneka, behin eta berriz erabilitako irudi higatu xamarren kariaz. Arean monotonoak ere suertatzen dira zenbait lerro betegarri, Zein eder, Uretan, Eta orain zer? eta halako poemetakoak, alegia. Erdi parabola erdi mikroerrelatoak dira, eta ez zaizkit iruditu bereziki sendoak eta hunkigarriak, nahiz eta helburu horrekin idatzitakoak izan.
Dena dela, Kartzelako poemak bigarren bat ez egiteko tentazioari eutsi, eta hanka bat barruan eta bestea zeruan dituen poema liburua ondu du —berriro— Etxaburuk. Laua da Hodeiak zapatetan, artifiziorik gabea, topiko xamurrez betea, baina irakurleari transmititzen diona azken buruan bihozberatasun eta autentikotasun bat ez dena erraza aurkitzen sarri maskaren dantza baino ez den literaturan. Eta ez da gutxi.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi