« Aterik gabeko mundua | Amets galduen zirimolan »
Ezinbestean / Unai Baztarrika / Erein, 2014
Ezerezaren gaineko poetika Hasier Rekondo / Berria, 2014-06-22
Erraietan ainguratutako literaturaren ereduak bolo-bolo hedatu dira azkenaldian euskal literaturan. Horrela bada, erraiok gorputzeko edota arimako zein aldetan koka litezkeen jakiteko inkestak gogoaren zirrikitu ezkutuenetaraino garamatza, Ni-aren gordelekuetan barrena. Pentsamenduen piroteknia egituratu gisa barreiatzen den ezinbesteko ariketa estilistiko gisa ulertzen du poesia Unai Baztarrikak (Beasain, Gipuzkoa, 1982). Ezinbestean (Erein, 2014) lehen poemarioak Blas de Otero lehiaketaren lehen saria jaso zuen iaz. Esan dezagun, bestalde, elurra protagonista duen liburuaren azalaren diseinua erdipurdikoa iruditu zaigula.
Poemario minimalista horretan badira aztarna poetiko sendoak, hala nola Gelako Bisutsa eta Horma Itsutuak hasierako poema klasikoak, formari begiratuta bederen. “Otoren tximeleta eriak elkar laztantzen, / lipartutako sentimenduak, / ideia erdibituak, ideia lausotuak. / Poema erditu ezinaren usaina dario”. Eta lehen poemarioetan sarri gertatu ohi den modura, idaztearen ezintasuna agertuko zaigu leitmotiv gisara. Idaztea borroka antzu gisa entelegatzen da, ezerezaren zalantza iturri emankorra den heinean, prozesu mingarri eta aldi berean terapeutiko gisa. Eta ezinbestez gauzatu beharreko lan prometeikoa zaio poeta berriari. Horrela bada, ez da kasualitatea prozesu prometeiko horren gainean hausnarrean tematzea Izkiriatzeaz, Zuria, Zauriak edota Ezereza poemetan, besteak beste. Azken poema horretan dakusagu argiro bere filosofiaren muina. “Ezerezaren ezina da idaztea. / Ezerezik ezaren ariketa. / Eta zeinen hutsala, ezerezaren ebidentzia argiaz idaztea”.
Etxeko marketariko bat idaztearen funtzio hutsalaz hausnarketa egitea den gisara, poeta berriak badu zer esan anitz izate itogarriaren arrakaletan barneratzen denean ere. Honela mintzo zaigu Epitafioak poeman: “Eta zer da bizitza, pausaleku ahul bat ez bada. / Saiak pausatu eta urduri, begirada saldoaren aurretik /aireratzen dira berriz”.
Liburuaren alderdirik ahulena zenbait poematan erabilitako metafora topikoen eraikuntza aski sinplista da. “Elurra ari du” zein “euria ari du” irudiak oka egiteraino beztitzen dira poemarioan zehar. Eta Atxagak aspaldi maisuki erabilitako elurrari lotutako sinbolismoarekiko erreferentziak ez du nahiko pisurik kasu honetan.
Alta, hasiberriari barkatzen zaizkion ajeak direlakoan, poemarioak badu pisu poetikorik oro har hartuta, eta batzuetan nola ez dakigula baita irakurlea magnetizatzeko indarra ere. “…Yeti izoztuak dira / behinola bere boterearen adierazleak zirenak. / Container erraldoietan gorde ditu, / itsasargiak itsututako zamaontziren batek jasoko / dituelakoan”. Poeta berriak ozenki egiten du oihu poemario guztian zehar. Eta hitzak darabiltza barruko ezinegon pertsonalak arintzeko xedez. W.H. Audenek esaten zuen poetaren rola lengoaiaren sakralitatea mantentzea zela. Baztarrikaren bertsoek, barruko erraiak aireratzeko borroka terapeutiko horretan tematuta, erakargarritasun sakratua dute xede baina ez dute beti jomuga hori kausitzen, Niaren atzean poeta egon dagoen arren. “Hilerrietan eta gorputzak jaten dituzten labeetan, / usaina ez da ustelarena, / edo errearena… / Urratutako ametsena baizik”. Elurrek eta euriek ez ditzatela poeta gaztearen ametsak urratu.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi