kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Inon ez, inoiz ez / Iban Zaldua / Elkar, 2014

Fantasiaren distira Iraitz Urkulo / Berton, 2014-06

Iban Zalduaren liburu berria fikzioaren espazio eta denborari erreferentzia egiten dion Inon ez, inoiz ez izenburuko ipuin-bilduma mardula da. Obra hiru ataletan banatuta dago, nahiz eta erdialdekoa den gai-batasuna agertzen duen bakarra, euskal gatazkaren inguruko ipuinak bilduz.

Halako lanek berezkoa duten aniztasuna gorabehera, nik bi talde ezberdinetan sailkatuko nituzke bildumako 38 ipuinak. Alde batetik, ipuin amaierako ezustekorik edo teknika efektistarik gabeko ipuinak leudeke; horiek lirateke, hain zuzen, istorio errealistenak. Mota honetakoetan idazleak bigarren esanahiaren eta iradokizunaren aldeko apustu argia egin badu ere, zenbaitetan iruditu zait kontakizunek ez diotela irakurleari leku nahikorik ematen, interpretaziorako hutsunea murritzegia dela, alegia.

Askoz gehiago gozatu ditut oinarri fantastikoko kontakizunak. Esango nuke Iban Zalduaren izpiritu jostalari, zirikatzaile eta ganberroak horietan distiratzen duela indartsuen. Talde honetan, ideia bitxiak, pertsonaia xelebreak eta argumentu originalak uztartuz, irudimenari zabalik dauden eta une gorenetan irakurlearentzako erronka bihurtzen diren istorioa irekiak aurki daitezke.

Ezaguna da autoreak eguneroko drama txikiei etekina ateratzeko duen gaitasuna. Gizakien pentsamenduak islatuz zein familia- edo bikote-harremanen intimitatean murgilduz, oraingoan ere errealitatea modu zorrotzean miatu, xehetasun ñimiñoenak ere antzeman eta horien gaineko ikuspegi berezia eskaintzeko duen trebetasun paregabeaz baliatu da. Zentzu horretan, elkarrizketa-sortzaile fina da Zaldua, izan ere, aipamena merezi dute estilo atsegin, zuzen, irakurterraz eta arin batean eskainitako baina horregatik batere sakontasunik galtzen ez duten hitz-trukaketa inteligente eta biziek.

Idazlearen unibertso narratiboan errealitate eta protagonista ezegonkorrak nagusitzen dira. Nahiz eta, egia esan, batzuetan pertsonaien izaera xelebrea ezohiko egoerak txertatzeko aitzakia, bitarteko huts bezain beharrezko direlako sentsazioa izan dudan. Halakoetan ekintzak garrantzia osoa bereganatzen du. Kontaketa-mailan, aldiz, ipuinlarien estrategia klasikoak ez du huts egiten: transgresio txikiak —tarteko bihurguneak— amaierako ezustekoa. Irakurlearen aurreikuspenekin jolastea, areago, horiek hankaz gora jartzea da istorio hauen helburua, horren araberakoa baita arrakasta.

Absurduak, ironiak eta paradoxak idazle honen estilo bereziaren hiru zutabeak izaten jarraitzen dute. Narratzailearen ahotsa, bestalde, ñabardura anitz ditu, jokaera samurra eta gupidagabearen artean kokatuz. Bada, maisuki landutako hausnarketa metaliterarioak, autofikzioa eta egitura metadiegetikoak direla eta, Idazten ari dela idazten duen idazlea ipuin-liburuan agertzeko moduko kontakizunik ere.

Oro har, umoreari uko egin gabe, aurreko lanetan baino jarrera gogoetatsua azaltzen duen idazle batekin topo egin dudalakoan nago; entretenimendu hutsa gaindituz, anekdotatik harago jo nahi izan duena. Emaitza sakontasun handiagoko ipuinak dira, esanahi-maila ezberdinetan funtzionatzen dutenak… inon eta inoiz gertatu ez diren kontuekin irakurleon emozioak dantzan jartzeko moduko hamaika istorio, finean.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak