« Kalimotxoa nahikoa ez denean | Ni, Vera »
Demokratak eta biolentoak / Joxe Azurmendi / Elkar, 1997
Demokratak eta biolentoak Irati Marañon / aiaraldea.eus, 2014-01-22
Barka nazatela, arren, etiketazaleak ez direnek, baina oraingoan gure pentsalari nazionalaren liburu bat aurkeztu nahi dizuet.
Izan ere, pentsamenduaz idazten du Joxe Azurmendik, eta euskaraz, gainera. Hartara, haren liburuek irakurleari begiak irekitzeko eta gogoeta egitera bultzatzeko balio izateaz gain, euskara bera ere aberasteko balio dute. Garrantzi handia du, beraz, Azurmendiren lanak.
Idazkera fina du, dotorea, eta lasai, haren estiloa ez da-eta batere astuna. Azurmendik asmatu egiten du irakurleengana iristen.
Filosofiako irakasle katedraduna EHUn, euskaraz saiakera gehien idatzi duen idazleetako bat da. Gai askotan jantzia da, gainera: etikan, politikan, hizkuntzaren filosofian, euskal literaturan…. Halaber, Euskal herriko fenomenoak nazioartekoekin erkatu eta argitu ditu eta hartara geure burua hobeto ezagutzen lagundu digu. Ildo horretan, Euskal Herriko autoreen pentsamoldea berreskuratzen ere lan handia egin du.
Haren obrarik ezagunena, ziurrenik, Espainolak eta euskaldunak da, 1991n argitaratutako obra mardula, eta egunen batean euskal kanon literarioa instituzionalizatzen bada, ezinbestean zerrenda horretan sartu beharko dena.
Gaur, ordea, Demokratak eta biolentoak gomendatu nahi dizuet, 1997koa bada ere, ez duelako gaurkotasunik galdu, oraindik ere bi hitz horien zama jasan behar dugu-eta.
Liburua bi artikulu luzez osatuta dago, eta Azurmendik kolokan eta zalantzan jartzen ditu dogma gisa gure gizartean zabaldu diren ideiak. Azalean geratu baino, lur azpiko erroetara hurbiltzera bultzatzen gaitu, eta etengabe planteatzen dizkigu galderak.
Lehenengo artikuluan Miranderi buruz hitz egiten du, eta haren pentsamoldearen bidetik demokraziaren inguruko gogoetak egiten ditu.
“Ez da Mirande ongi ulertzen, alabaina, katolizismoaren kritikak eta Iraultzarenak nola bat egiten duten ulertu ez den bitartean. Are, nola kritika bat bera diren katolizismoarena eta Frantziarena, demokraziarena, Iraultzarena”.
“Labur-labur: demokraten demokraziak eta kristauen kristautasunak, herri hau izorratuta daukate. Edo bestera esan: kristauki jokatuz eta demokratikoki jardunez, Euskadi ez dago askatzerik. […] Mirandek horri buruz kontraproposatu duena, guztiok badakizue, borroka izan da, indargintza odolezkoa baztertu gabe noski. […] Horregatik […] jende franko eskandalizatu da Miranderekin”.
Demokraziaren miseriak azaleratzen ditu, beraz, Azurmedik, demokrazia —-gaur egun hartu duen forman, behintzat—- urrun baitago gizarte- eta politika-eredu ideala izatetik.
“[…] de fakto demokraziaren aurka egotea posibilitate razional bat bezala pentsatu ezin duen gizartean, ezin esan daiteke, razionalki pentsatzen dela demokrazia”
“[…] herriak zer nahi duen, fabrikatu egiten da, txistorrak eta zerbezak fabrikatu eta saldu egiten diren bezalaxe. Eta zientzia, teknika, makineria guztiz arrafinak daude, herriak zer nahi izan behar duen, fabrikatzeko. Kontua, orduan, iritzi produkzioa eta merkatua efikazki kontrolatzea da demokrazian”.
Bigarren artikuluan, berriz, Ernst Jünger EHUko doktore honoris causa izendatu dutela-eta, horrek Azurmendirengan sortu dituen kezkak azaltzen dira. Hau da, egileak ezin du ulertu nola izendatu ahal izan duten honoris causa nazismoaren hedapenean eta legitimizazioan hain rol garrantzitsua jokatu zuen pentsalaria. Hau da, Jüngerren filosofia arriskutsua omentzen da, baina Miranderena gaitzetsi, biak direnean Nietzscheren jarraitzaile. Komeni zaigunean bai, Nietzscheren alde, komeni ez zaigunean ordea, geure estrategia politikoaren kontra dagoenean, aldiz, kontra.
“Miranderen pentsamendua faxista da, abertzalea bada, eta pentsamendu bera doktore honoris causa da, haren erabilera posmoderno antiabertzalea eginez gero.”
Manikeismotik urrun, eta irakurlearen begiak irekitzea helburu, ezin interesgarriagoa da Azurmendiren liburu hau. Haren asmoa ez da inoren aldeko propaganda egitea, baizik eta bolo-bolo zabaldu izan diren kontsignak aztertu eta zalantzan jartzea.
“Pertsonalki nik neuk, neurea aitortzeko, garbi daukat nire eginkizuna ez dela eta ezin izan litekeela, niretzat, borroka armatua. Kontua, hori beste inorentzat ere borroka armatua ez dela egokia, bihurtzen denean, hasten da: nire opzio pertsonala, opzio posible eta moral bakartzat aitortzen dudanean eta beste opzio moral posiblerik toleratzen ez dudanean, posibilitate bezala ere”.
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Aitor Francos
Urrats galduen hotsa
Luis Garde
Jose Luis Padron
Simulakro bat
Leire Ugadi
Ibon Egaña
Bigarren sexua
Simone de Beauvoir
Mikel Asurmendi