« Plath, poesia oihukatua | Kontakizunen bizia »
Azken afaria / Xabier Montoia / Susa, 2013
Borroka galduetatik gatoz Iraitz Urkulo / Berton, 2014-01-26
Gaztetako lau lagunen arteko bazkariarekin hasten da liburua, baina horietako baten semearen atxiloketak, bakoitzaren ideologiaz gain, haien arteko harremana ere aldaraziko du, ordura arte zeramaten bizimodu erosotik atereaz. Hauxe da Azken afaria eleberriaren abiapuntua. Ekintza XX. mende hasieran ospatutako bazkari eta 2012ko Gabon zahar gaueko afaria bitartean garatzen da, hortik lanaren izenburua.
Hasieran lau pertsonaia nagusi badaude ere, istorioak aurrera egin ahala, Felix Goñik gero eta protagonismo handiagoa bereganatuko du, gainerakoen presentzia nabarmen murrizten delarik. Boterea da obra eusten duen zutabeetako bat, terminoaren adierarik zabalenean, botere politikoari zein lagun edo guraso eta seme-alaben arteko harremanak arautzen dituen botere-rolari dagokienez.
Lau dira ere liburua osatzen duten atalak. Une oro tramarekiko koherentzia eta barne-logika gorde arren, ezin da esan atal batetik besterako trantsizioak goxoak edo guztiz naturalak direnik. Narrazioan, bestalde, hiru dimentsio, hiru molde bereiz daitezke.
Lehen atalak aipatutako bazkarian lau lagunek haien artean duten elkarrizketaren lekuko bihurtzen gaitu. Bakoitzaren jatorria, lanbidea eta egoera pertsonalaren berri modu labur bezain zorrotzean ematen duen aurkezpen txiki baten ondoren, narratzailea berehala desagertuko da, haren bitartekaritzatik aske, hitza pertsonaien esku utziz. Grabaketa baten transkripzioa balitz bezala, zati honetan erritmo bizia eta estilo natural eta informala da nagusi. Elkarrizketari esker, era berean, protagonisten izaera, bizimodua eta, batez ere, ideologia politikoari buruzko informazioa jasotzen dugu; izan ere, komentario gehienak gai politikora, hau da, haien ikuspegi ezberdinen arteko aldea nabarmentzera bideratuta daude. Lehena iritziaren dimentsioan murgiltzen den atala baita.
Hurrengo atala, aldiz, gertakizunei eskainia da. Hauekiko distantzia hartuta, era objektiboan azaltzen dira, 3. pertsonan, dokumental batean bezala. Gertakizun nagusia, esan gabe doa, pertsonaietako baten semearen atxiloketa da, “euskal gatazkarekin” lotuta egongo dena. Egiantzean baino gehiago, errealitatearen menpeko testua dirudi bigarren zati honetan aurkitzen dugunak; hori ondoriozta daiteke, behintzat, tartekatzen diren egiazko gertaera eta politikarien izen, komunikabideetatik jasotako aipu edo sumario-pasarteetatik. Saiakera politikoaren itxura har baitakioke maiz, politika eta justiziaren inguruko gogoeta eta salaketei egokitu zaien leku handia ikusita.
Ziurrenik, molde horretako atal batek izan dezakeen arriskurik handiena, alegia, errealitateari hain atxikita idazteak eta, azken batean, beste genero batzuetako material ezberdinak berrerabiltzeak literatura lanari ekar diezaiokeen kalterik garrantzitsuenetakoa fantasia itotzearena da. Gerta daiteke errealitatean izenpetuko genukeen diskurtsoak fikzioan ez funtzionatzea. Horrela, istorio originalik ezean, idazleak, egiarekiko fideltasunez jokatzeko gehiegizko kezka baten lehen biktima nonbait, fantasia itotzen du nahi gabe.
Protagonistaren ideologia aldaketa izan zitekeen bigarren atal honen interes nagusia. Tamalez, bilakaera ez da behar zukeen bezain sendoa, areago, esango nuke ez dagoela benetako bilakaerarik. Gertaera traumatiko batek ematen dio bidea bat-bateko ideologia-aldaketari. Hasiera batean gai aldetik gure Errelato famatuari ekarpena egiteko obra aproposa zirudien arren, gero istorioan zehar kontu hau ez da problematizatu ere egiten, testua euskaldunon eta Madrileko politika eta justizia sistemen arteko harremanak problematizatzen edo modu konplexuan lantzen saiatzen ez den bezala. Oso jokabide bitxia da, bide batez esanda, besteak beste argumentuak berak egiten duen topikoak gainditu beharraren aldarrikapenari kontrajartzen zaiola konturatu orduko. Zentzu horretan, ortodoxia eta hegemoniatik apur bat aldentzen den diskurtso bakarra nazionalismoaren barne-ikuspegitik jaiotakoa da. Hortik pluraltasunaren isla zalantzazkoa liburu honetan.
Sentimenduen dimentsioan murgiltzen den bakarrizketa luze bat da hirugarren atala. Bere baitara bildutako bikote bat irudikatzen zaigu, etxeko isolamendu betean, sufrimenduak gainezka egiten diola. Egoera horretan, giza-harremanak edota existentzia bera bezalako gai transzendenteei buruz hausnartzen du protagonistak, gogoeta sakonak, oroitzapenak eta deskribapenak txandakatuz. Ñabardurak ñabardura, obsesio berberen inguruan bueltaka aritzeak narrazioaren erritmoaren moteltzea dakar ezinbestean. Pertsonaien bizitza gelditu izanaren eraginez, istorioak eta narrazioak ere kostata egiten dute aurrera. Diskurtsoak, sentimenduek eramana balitz bezala, tonu existentzialistagoa bereganatzen du. Ezinegona, tristezia eta etsipena nekea edo minarekin nahasiz, era horretan kalte psikologikoa eta sentsazio fisikoak uztartuz.
Zati hau atsekabegarria bezain ederra gerta daiteke, edukia eta formaren arteko kontrastea dela eta. Izan ere, Montoiak baliatutakoen artean, asko dira diskurtsoari eragiten dizkioten eta nabarmentzea merezi duten baliabideak: irudi eta pentsamenduen eten eta errepikapenen konbinaketa iradokigarria, erritmoaren kudeaketa eraginkorra, sintaxi zaindua, metafora-segida landuak… Horiek guztiek bihurtzen dute hirugarren atala liburu osoko balio estetiko-literario handienekoa. Kutsu poetikoko prosa batean adierazten da hitz, hausnarketa eta sentimenduen uholde eutsiezina. Hitz lauzko poesia, lirismoak blaitutako narratiba.
Laugarren atalak ixten du eleberria abiatzen duen bazkaritik 2012ko Gabon zahar gaueko afarira doan zirkulua. Egitura zirkularrak, estilo aldetik hasierako atalarekiko konparaketa bultzatzeaz gain, protagonistek maila pertsonal zein ideologikoan jasandako aldaketa garrantzitsuez jabetzea errazten digu. Besteak beste, sistema politikoa, gizarte burgesa eta bizitzaren egiari buruzko iritziak eta esperientziak trukatuko dituzte. Azkenik, idazleak amaierarako gorde dituen ezustekoak ezagutzeko, jo ezazu bere azken eleberrira, irakurle: Azken afaria.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez