kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Ariel eta beste poema batzuk / Sylvia Plath (Iñigo Astiz) / Denonartean, 2013

Plath, poesia oihukatua Alex Gurrutxaga / Berria, 2014-01-26

Poesiazaleek gustura behar dute, Denonartean argitaletxeak Sylvia Plathen obra nagusia argitaratu baitu, Ariel, Iñigo Astizen itzulpenarekin. Edizioa elebiduna da, eta bi atal bereizten ditu, kriterio egokiekin: batetik, Ariel —idazlearen izkribuko poemak, 1961-62koak—, eta, bestetik, Beste Ariel —bere senar ohiak tartean sartutako poemak, gehienak 63koak—. Horrez gain, itzultzailearen hitzaurrea dago, eta poemetan, hainbat ohar. Plathen poesiara hutsetik sartzea ez da batere erraza, eta koxka hori bi modutan gainditu dezake liburuak: testuan ohar asko sartuz —literaturazale batzuentzat sakrilegioa dena— edo hitzaurrean obraren testuingurua azalduz. Azken horren falta sumatzen da: hitzaurrea oso txukuna da, baina eskas geratzen da, eta esango nuke testuingurua sakonago esplikatuz gero irakurlea errazago sartuko litzatekeela Plathen poesian.

Ziurrenik, zaila da jakitea Sylvia Plathen obraren oihartzunak zenbat zor dion poesiari eta zenbat testuinguruari. 1932an jaio zen, eta, 1963an bere buruaz beste egin zuen arte, suizidio saio bat egin, ezkondu, bi seme-alaba izan, dibortziatu eta arazo psikikoak izan zituen. Horrela esanda, sinplista eta morbosoa da, baina horrek guztiak poetaren obra erabat baldintzatu zuen.

Plathen poesia aztertu dutenek oesia konfesionala dela esan izan dute. Gaiak lantzeko —amatasuna, heriotza, gorputza, gaixotasuna eta, batez ere, gauza mingarriak— autobiografiatik abiatzen den poesia da, batez ere alderdi psikologikoari heltzen diona, eta garai hartan tabuak ziren gaiak jorratzen ditu: eromena, sexua, suizidioa eta abortoa, adibidez. Robert Lowell eta Anne Sexton dira korronte horretako beste bi ahots nabarmen, eta Alda Merini italiarra ere aipagarria da —Plathen garaikidea—.

Denise Levertov poetak, 1984ko elkarrizketa batean, hauxe zioen Plathen poesiari buruz: “Uste dut aparteko dohaina zuela irudietarako; irudigile biziki inspiratua zen. Horrek salbatzen zituen haren poemak terapeutikoak soilik izatetik”. Inondik ere, Sylvia Plathen poesiaren indarra bere irudietan kontzentratzen da batez ere, hizkera poetiko metaforikoan. Irudi segida etengabea da, eta zenbait ezaugarri formalek —bereziki zangalatrauak— jarraikortasun hori indartzen dute. Hona Ardiak laino artean poemaren zati bat —bertan ni poetikoa zaldiz doa—: “O, herdoil koloreko / zaldi geldoa, // apatxak, ezkil mingarriak— / belzten pasa du / goiza goizak, // baztertutako lore bat”.

Konfesionala bai, baina harago doa Plath, eta sozialetik ere badu poemategiak. Gai gisa aipagarriak dira, besteak beste, patriarkatua (Aitatxo), emakumetasuna (Hibernatzen) eta amatasuna (Emakume antzua) —kontuan izan behar da Plathen garaian gertatzen ari dela Bigarren Olatu Feminista deitua—. Gaiok maila soziala hartzen dute: hainbat poematan ni poetikoak kolektibotasuna bilatzen du, eta esperientzia pertsonala unibertsalerako bidean jartzen da. Adibidez, honela hasten da Hautagaia poema: “Ezer baino lehen; gureetakoa zara? / Ba al daramazu / kristalezko begirik, ordezko haginik (…) Ez, ez? Orduan, / nola emango dizugu guk ezer?”.

Iñigo Astizek dio mina soilik ezetz, bizitza ere badagoela Plathen poesian. Halaxe da. Halere, Plathentzat thanatos-a bizitzaren osagai funtsezkoa zen; haren poesia oihu bat da, poetari, amiltzen ari delarik, ahots kordak tentsioan eta begiak oraindik bizitzaz bete-bete eginda, barrutik kanpora lehertzen zaion oihua: “Herr Jainkoa, Herr Luzifer, / erne, / erne. // Hauts artetik / nire ile gorriaz erne, / eta airea bezala irensten ditut gizonak”.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak